miren artetxe

Jubeto: “Kapitalismoa krisian dago krisian jarri gaituelako”; Barandiaran: “Kapitalismoa ez da jasangarria baina ez dago krisian”

2015-05-20 Albisteak

http://www.bideometa.net/node/79836/browser_bideoa?is_hide_h1=1

‘Kapitalismoaren krisiaren aurrean zer egin?’ galderari erantzunez abiatu zuten, atzo, solasaldi-eztabaida Yolanda Jubeto eta Joseba Barandiaran ekonomilariek. Kafe Antzokiko hitzaldi aretoa entzulez beteta zela, eta Jon Fernandez Berria egunkariko ekonomia kazetaria gidari zela, solasaldi mamitsu eta bizia osatu zuten biek hala biek.

Jon Fernandezek hitzaldiari izena eman zion galdera honela jarri zien lehen lehenik: “Kapitalismoa krisian dago? Edota krisi ekonomikoaren ondorioz indartu egin da azken urteetan?”. Hona hemen, Yolanda Jubetok eta Joseba Barandiaranek galdera horren bueltan, eta beste gai askoren inguruan, esandakoen laburpen bat.

Kapitalismoa krisian?

Yolanda Jubeto: “Kapitalismoa aspalditik dago krisian. Kapitalismoa krisian dago krisian jarri gaituelako. Talka kapitala eta bizitzaren artekoa da. Harrigarria da globalizazio betean bizi garen honetan, nola geurea baino ez dugun ikusten eta herrialde aberatsetik kanpo beste ezer esistituko ez balitz bezala jokatzen dugun. Kapitalismoak beldurra oso ondo baliatzen du. Eta, beldurrari aurre egiteko beharra gero eta handiagoa da”.

Joseba Barandiaran: “Kapitalismoa ez dago krisian. Zikloak ditu, gora beherak. Ez da sistema jasangarri bat, egia da, baina ez dago krisian. Oraingo krisiak balio izan du aurreko garaiak zenbateraino ziren eroak ikusteko, baina horrek ez du esan nahi kapitalismoa krisian dagoenik. Krisian eurogunea dago”.

Alternatibarik badu kapitalismoak?

Jubeto: “Alternatiba kapitalismoaren barrutik etorriko da gure kasuan, kapitalismoa gure barruan dagoelako. Erantzuna behetik eta ezkerrik etorriko da, ezker berri bat sortzetik”.

Barandiaran: “Pitzadurak badira baina ez dira nahiko indartsu. Sarkozyk esan zuenean paradisu fiskalekin bukatu behar zela, orduan bai ikusi nuen pitzadura handi bat sor zitekeela sistemaren bihotzean, baina azkenean ahaztu egin zen dena. Sistemak badu aurrera eta aurrera egiteko joera, inoiz ez dela lehertuko fede hori duelako, eta dugulako”.

Ekonomia zeren zerbitzura?

Jubeto: “Ekonomia jatorriz etxearen kudeaketarako sortzen da, etxe komunaren kudeaketarako. Eta, beraz, galdera zera da: nola asetu gure behar komunak, alegia bizitzarako funtsezkoa dena? Eta, zer da funtsezkoa? Funtsezkoa elkarren zaintza da. Elkar zaintzeko lanak sistemaren erdian jarri behar dira eta horren inguruan antolatu sistema ekonomiko sozial eta politiko osoa. Hori da ekonomia feministak esaten duena”.

Barandiaran: “Kapitalaren pagotxa da beti dagoela nor miseria gorriagoan dagoena eta lan baldintza miserableagoak onartzeko prest dagoena. Eta joera da errenta banaketa gero eta injustoagoa izatea”.

Jubeto: “Orain esaten da: ekonomia ondo badoa, politika sozialak egingo dira. Baina alderantziz behar du: politika sozialen araberako sistema ekonomikoa antolatu behar da. Heldu da garaia jabego pribatua ere zalantzan jartzekoa. Sistema aldatzeko bueltatu beharra dugu jabetza publiko eta komunalera”.

Euskal Herrian, zer?

Jubeto: “Indargunea da txikiak eta malguak garela. Eta aukera handiak ematen digu herri politizatua izateak. Baina ahulezia bat da estatua ez edukitzea. Bi estaturen menpe gaude eta ezin dugu plangintza ekonomiko burujabe eta orokorrik egin”.

Barandiran: “Ahulgunea demografia dela esango nuke, zahartzen ari den gizarte batean bizi gara. Etorkinen integraziorako gure ahalmena ere ez da oso handia. Alde dugu munduaren eremu aberatsenean gaudela. Hori ahulgunea ere izan liteke lokartzea ekar lezakelako. Eta, agian, orain piska bat lokartuta gaude. Esate batera, orain 60 urte ikastolak alegalki sortzeko gaitasuna izan zuten, eta orain ez dugu gaitasunik gure irakasleei zenbat ordaindu behar diegun erabakitzeko. Orduko erantzun gaitasuna ez da ikusten gaur egun”

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan