Nazioarteko itun ekonomikoak

2015-05-07 Bloga

Azken bi mendeetako nazioartean, eta nazio garaikideak ez zirenean jaio izan ere bai, ohikoak ziren erakunde edota botere politiko-erlijiosoen arteko itunak: gerrak amaitu edo ekiditekoak, defentsa edo gerrarako aliantzetakoak, merkataritza bideak, lurrezko zein itsasokoak, partitu edo kontrolatzekoak… Denboraren poderioz, itun militar-ekonomikoak ugaltzen hasi ziren bloke kapitalistaren eta sobietarraren arteko norgehiagokaren ingurumarian. Honela, erraterako, joan den mendeko Afrika edo Asian sortutako herri berrien –kolonia ohiak– independentzia prozesuetan, bi potentzia militar-ekonomikoen laguntzaz gerra zibilak piztu ondoren, baliabide naturalen inguruko negoziaketak eta arma salmentak loturik zeuden, neokolonialismo egoerari atea irekiz.

Bloke komunista desagertzean paradisu kapitalista erraz hedatuko zela pentsatu bazuten ere, bai Amerikako Estatu Batuek bai Europako Batasunak ‘erdi garatutako’ (ofizialki, ‘kapitalismorako trantsizioan dauden herriak’ izendapena erabiltzen da) herri komunista ohiak erakartzeko politika interesatu eta erasokorrak burutu dituzte, Jugoslavia edo Ukraina bezalako herrietan zegoen bizikidetza era ezin lazgarriagoan apurtzeraino. Txetxenia, Kosovo eta hainbat lekutan gertatutakoa ahaztu gabe.

Oraingo honetan, AEBak eta EB itun berri bat negoziatzen ari dira, baina haien arteko aldebiko harreman ekonomikoak antolatzeko. Ez da lehenengo aldia antzekorik egiten saiatu direla. Multilateral Agreement on Investment (MAI), Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) bultzatutako ituna, 1998an bertan behera geratu ondoren, nazioarteko protesta kanpaina indartsuaren artean, herri kapitalistak, beharbada BRICS herrien indar ekonomikoari aurre egiteko, bertze saiakera bat egiten ari dira. Funtsean, Amerikako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko harreman ekonomikoen gainean irizpide eta neurri neoliberalak ezartzeko nazioarteko itun legala dugu Atlantikoz gaindiko Merkataritza eta Inbertsioen Partzuergoaren egitasmoa (AMIP, ingelesez Transatlantic Trade and Investment Partnership, TTIP). Hiru helburu nagusi ditu: merkatuetan sartzea erraztea (muga-sariak, zerbitzuak eta administrazio publikoek egiten dituzten erosketak), arauen harmonizazioa (horizontala eta adar ekonomiko zehatzena) eta, azkena baina ez garrantzi gutxienekoa, ingurumen edota lan legediak bezalako auzietan erabaki zehatz eta komunak hartzeko prozedura.

Merkatu askearen bertsioak

Aldekoen argudioetan, nazioarteko salerosketen sinplifikazio tekniko eta juridikoak azpimarratzen dituzte, bertzeak bertze, automobilgintza, farmazia edota nekazaritzan diharduten enpresa txiki eta ertainen abantailarako. Gaur egungo egoeran, diotenez, bi alderdietako esportazioen gaineko batez bertzeko muga-saria %4 bada ere, adar ekonomiko berberean –medikuntzarako tresnagintza, adibidez– desberdintasun nabariak gertatzen omen dira, alde bat edo bertzeko enpresen esportazioen kalterako. Era berean, administrazio publiko zenbaitek lan eta zerbitzuen eskaintzatan hurbileko enpresak hobesteko erabiltzen dituzten arauak ez dituzte gustuko, lehia ekonomikorako hesiak direlakoan. Aldeko iritzietan, bertzalde, ez dute enpresa transnazionalen jarduera espresuki aipatzen, aitortutako asmoa baita prozedura burokratikoak (red tape) gutxitu edo erabat ezabatzea, eta ez esparru pribatuko jarduera ekonomikoak kontrolatzea. Edonola ere, AEBen eta EBren arteko ondasun eta zerbitzuetako salerosketak eguneko bi mila milioi euro baino gehiago direnez –eta akordioa lortzean nahikoa haziko direla diote–, lor litekeen itunak eragin sozioekonomiko nabarmenak izanen dituelakoan gaude. Horregatik, hain zuzen, negoziaketen inguruko polemika piztu da, gai batzuetan ez delako inolako argibide publikorik jaso. Defizit demokratikoaren kritikari erantzunez, jendarte zibileko elkarte askorekin saio publikoak egiten ari dira negoziatzaileak, gardentasuna ziurtatzeko asmoz. Dagoeneko zortzigarren negoziaketa-txanda burutu badute ere, ez du ematen funtsezko ezer lortu denik, ohiko borondate oneko hitz hutsalak errepikatzetik gertu.

Horrelako negoziaketetan gertatu ohi den moduan, itunaren balizko ondorioak zehaztu eta kuantifikatzen dituzten hamaika txosten argitaratu dira, eta argitaratzen ari dira, emaitza ezberdin bezain kontrajarriekin. Gure ustez, goizegi da horrelako xehetasunetan sartzeko, baina, lehen aipatutako MAI gogoan, gaizki pentsatzeko arrazoiak daudela ia ziur gaude. Izan ere, azken hamarkadan zehar AEBetako dolarra euroarekiko arras merkatu bada ere, EBrekiko merkataritza defizita dute AEBek, potentzia ekonomikoaren ahuleziaren adierazle ote? Orain, euroa denean dibisa merkatuetan balioa galtzen ari dena, lehiakortasunaren galeraren beldur egon daitezke AEBetako arduradun politiko zein ekonomikoak. Itun horren bitartez galerak gutxituko dituztela pentsa dezakete, epe motz eta ertainean, bederen.

Bertzelaz, desarautze eta askatze ekonomikoen aldeko iritziek ez dituzte aukera berrien alderdi ezkutuak kontuan hartzen. Gaur egungo legedien sorrera eta zio historikoak di-da ahazteko prest daude merkatu askearen fededun porrokatu horiek. Gogorarazi behar zaie haien ikuspegitik hain absurdoak diren arau, baldintza eta legedi horiek ez direla zerutik erori. Merkatu nazional bakoitzaren barneko indar sozialen arteko erlazioaren araberako garapen ekonomiko-legalaren zati bat dira. Batzuetan bertzetan baino justu edo okerragoak, bai, baina beti biztanle, enpresa eta erakunde ofizial nazionalen artean adostutakoak. Gainera, EBren barruko merkatu bakarretik nahikoa urrun gauden honetan, batez bertzeko enpresa ertain eta txiki europarra eta AEBetakoa maila berean jartzea susmagarria da, merkatu erraldoi batean aritzeko gaitasun ezberdinak ikusirik.

Laburki erranda, AMIP indar inperialista nagusien arteko ekimena dugu, 21. mendeko mundu mailako larriagotutako lehia kapitalistaren ingurumarian, estatu kapitalista eta enpresa transnazional ‘zaharren’ botere eta nagusitasun ekonomikoen defentsan egindakoa.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan