miren artetxe

Gorputzaren erretagoardiak arakatu

2015-03-06 Bloga

Ildo horretan, hiztuna jarri behar dugu orain arte baino erdigunerago. Begirada berri batekin jantzi behar dugu hiztuna, gugandik hasita. Imanol Minerren berbetan, «hiztuna osatu, askatu, autodeterminatu, ahaldundu, jabetu eta boteretu behar dugu». Eta, horretarako, berak emakume, lesbiana eta gay mugimendukoei kasu egiteko gomendioa ematen digu.

Haiengandik ikasi dugu pribatua politikoa dela. Beste berba batzuetan esanda, pribatuan egiten ditugun hizkuntza hautuak politikoak direla. Kontsumo bidezkoak, ezezagunen aurrean, seme-alabekin, bikotekidearekin, lagunartean, eta abar. Politikoak dira. Hala ere, ez gaitezen engaina. Den-dena ez dago gure esku: hizkuntza interakzioa da, eta, beraz, solaskidearen gaitasunek mugatzen dute gure hautua, gure erabakia.

Hala ere, hizkuntzaren iraupenaren atzean hiztunen hautu-erabakiak baino ez daude. Zerk behartzen, bultzatzen, sustatzen dituen horiek hartzera beste kontu bat da, baina hautu-erabakiak daude. Eta gai batzuetan oraindik hiztunok askatasuna dugu, ezta? Zer hizkuntzatan egin hautatzeko askatasuna dugu egoera jakin batzuetan, ezta?

Horrek ez du inola ere ukatzen hizkuntzaren (hiztunon!) biziberritzea bereziki jendartearen tatamian jokatzen dela. Alderdi sozialak garrantzia du, zer esanik ez, baina kasu batzuetan hiztunon hautu ‘ez egokiak’ zuritzeko aitzakia dela ematen du. Edo ez, baina hori inork ez du aztertu. Gure soziolinguistikaren beste hutsuneetako bat, agian.

Feminista, gay eta lesbianei ere ikasi genien gorputza borroka-eremua dela. Pierre Bourdieuk ere adierazi zuen eguneroko hizkuntza-praktikak borroka-eremua direla. Berri Txarrak taldekoek ere zarata artean esan zuten honakoa Berriz min hau kantan: «Gudu-zelai bihurtzen denean norbera, irabaztea zer da? Zer galera?». Horiek guztiak neure irabiagailuan sartu eta mingaina borroka-eremua dela esaten dut nik.

Eta mingaineko borroka horretan hiztun gehienok trebatu behar dugu, orain arte baino gehiago. Eta trebatu diodanean, ez naiz ari ikasteaz, ez naiz ari teoriaz, ez naiz ari nonbaiten ikasi edo desikasi daitekeenaz. Ez. Egunerokoaz ari naiz, praktikaz ari naiz, koherentziaz eta autoestimuaz ari naiz. Gure buruarekin konformeago egoteaz ari naiz, gure disonantziak txikiago egiteaz ari naiz, esaten eta egiten dugunaren arteko amildegian zubitxoak eraikitzeaz ari naiz. Poliki-poliki, baina sendo, tinko. Kontuan hartuta praktika urratzaileak gutxi batzuek baino ez dituztela aurrera eramango.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan