miren artetxe

«Zernahi gisaz»

2014-12-03 Bloga

Lehendabiziko aldiz Henrike Knörr entzun nuen «zernahi gisaz» esaten, eta aitortu behar dut nolabaiteko aire pedantea hartu niola. Geroxeago, Nafarroako iparraldeko emakume baserritar bati entzun nion, eta hark pedantetik ez zeukan deus ere. Objektiboki sekuentzia akustiko berdina zen. Subjektiboki ezberdinak ziren, itxura denez. Hiztun batek «baina zer egin didazu?» esaten badigu, eta beste batek «baño ze in diezo?», oso litekeena da bati kutsu jatorra hartzea eta besteari ez, eta bi hiztunak gure aurreiritzien arabera sailkatzea. Eta oraingoan ere, esanen nuke, sekuentzia akustikoa berdina ez den arren, bi esanak ere objektiboki berdinak dira. Atzerritar edo arrotz batek –edo agian baita gure herriko erdaldun batek ere– gauza bera esateko bi modu ezberdin horiek entzunen balitu, bien artean ñabardurarik ez duela sumatzen esanen liguke, jatortasuna ezin duela inon antzeman. Jakina, ez baita kontu objektiboa, gure gogoan dago ‘jatortasun’ hori, gure pertzepzioan, oso psikologikoa da. ‘Plastikozko hizkeratzat’ jotzen den horrek edo hizkera oso akademikoak testuinguru batzuetan itxuraz eragiten digun sufrikarioa subjektiboa denez, ziur asko hori gainditzeko bideak ere hala izan beharko du. Alegia, hainbatentzat jasanezinaren mugan dagoen hizkera akaso zurrun eta formal edo kutsu akademikoko hori infernura kondenatu eta estigmatizatu gabe, horrekiko ditugun zenbait hesi eta oztopo mental baztertu beharko genituzke, eta hark ere hizkera jator eta eroso bihurtzeko dituen aukerak balioetsi. Izan ere, euskaldun oso eta eroso bihurtu nahi ditugun milaka eta milaka lagun, zenbait lurraldetan gehiengo erabatekoa direnak, hizkuntza eredu horretatik abiatuko dira euskalduntze prozesuan, eta eredu horretatik egin beharko dute bidea, eredua bera leunduz, goxatuz eta bihurrituz.

Zer daukagu?

Eztabaida mikatz samarrak sortzen dira erabiltzen dugun hizkuntza ereduaren inguruan. Corpusaren inguruko eztabaida dela eman dezakeen arren, estatusaren gorabeherek gobernatzen dute auzia goitik beheraino nire ustez. Aurten egin ditu 50 urte euskara batuak, Berria egunkariak argitaratutako erreportaje seriean egindako planteamendua ontzat joz gero. Eta 50 urte geroago, oraindik ere, batuaren eta euskalkiaren inguruko eztabaida bizi-bizi dago, eta esanen nuke berpiztuta, etsigarria izan daitekeen arren. Batuaren eta euskalkiaren artean ez luke lehia egon beharrik, zuzenbidez. Bai, ziur asko, espazioen banaketa bat, banaketa horrek erabat zurruna izan behar ez badu ere. Espazio banaketa horretan, ordea, gaztelania eta frantsesa ere sartzen zaizkigu ekuazioan, gehienetan erabat nagusi gainera, eta hizkuntza ereduen edo moldeen espazioen banaketan desplazamendu bat gertatzen da horren ondorioz. Eta hizkuntzen bizitzan aldaeren artean neurri batean arrunta eta normala izan litekeen lehia, areagotu egiten da gurean.

Batua/euskalkia eta erregistro formalak/informalak ditugu hizpide eta eztabaidagai, eta askotan elkarrekin nahasi ere egiten ditugu batzuk eta besteak, nahiz eta ez diren gauza bera. Gertatzen zaiguna aztertzeko, nolanahi ere, daukagun egoera gogoan izan beharko genuke. Alegia, zer da daukaguna? Bada, bi hizkuntza nagusi –gaztelania eta frantsesa– eta beste bat menpean, desorekan eta lehian, hitza gustatzen ez bazaigu ere; baita egoera hori iraultzeko gauza ez diren hizkuntza politikak ere, aldeak alde; urte askoan euskararen zapalkuntzak sortu digun hizkuntzarekiko harreman gatazkatsua, konplexuz nahikoa ongi hornituta utzi gaituena; hizkuntza gutxituak are murritzago izatera bultzatzen dituzten gertaera eta korronte sozial indartsuak eta aski hedatuak (globalizazio eta uniformizazio kulturala, oraingoz batez ere hizkuntza nagusien alde jokatzen duten teknologia berriak, merkatuaren indarra…); hiztun herren asko, nahi baino gehiago, euskaraz ari denean nahi bezain eroso sentitzen ez dena…

Hori izan liteke gure panoramaren zirriborro sinplifikatu bat, eta faktore horiek ere kontuan hartu beharko genituzke hizkuntza ereduen eta moldeen artean sortzen zaizkigun tentsioak aztertzeko garaian. «Zernahi gisaz» erabiltzea edo «baina zer egin didazu / baño ze in diezo» aukeren artean hautatzea bezain gertaera sinpleen atzean, beraz, gako politikoak, soziologikoak eta kulturalak ditugu, eta erabilera horiek sortzen dizkiguten erreakzioak ulertzeko ere kontuan izan behar ditugu.

Zer eduki nahiko genuke?

Nahiko genukeen euskararen balizko estatusaren eta egoera soziolinguistikoaren gainekoak zehazten hasi gabe, auzia nolabait hiztunaren arlo indibidual –horrelakorik baldin bada– horretara ekarriko dugu, artikulu honetan ‘jatortasuna’ bezalako kontzeptu labainkorrez gogoeta egin nahian ari garelako. Esan genezake, beraz, ikuspegi horretatik, euskaldun osoak eta erosoak nahi ditugula, euskaraz normal eta natural ariko direnak, hizkuntzari buruzko gogoeta etengabean ari gabe euskara erabiltzen utziko ligukeen egoera batean. Hiztun guztiak jator, adierazkor, hizketan sufritu gabe, erregistro guztien jabe. Nor bere hizkuntza jarioarekin arrastaka ari gabe eta are gozatuz ariko diren hiztunak, eta hurkoarenarekin ere sufrituko ez dutenak.

Zer da onargarria?

Bistan da nahi dugun hori ez daukagula, eta ez dugula bihar goizerako edukiko, egun daukaguna hortik urrun samar baitago. Baina bi muturren arteko tarte horretan, zer da guretzat onargarria? Hori ere definitu beharko genuke, beharbada. Izan ere, onargarria denaren maila edo atalasea non kokatzen dugun, jatortasun ezaren estigmarekin nola jokatzen dugun, hainbat euskaldun tributik kanpora uzteko arriskuan egon gaitezke. Beste aldera, hizkuntzaren sendotasunari, zuzentasunari eta jatortasunari edo senari baliorik ematen ez badiegu, gaur euskara den hori beste zerbait bihurtzea ere gerta liteke, ezin onartuzko mugara iritsiz. Alegia, zabarkeria hutsa ere ezin da ontzat jo. Nonbait beharko du mugak, beraz, baina ez da erraza esaten non. Dena den, hasieran aipatu ditugun adibide horiek gogoan izanda, gure subjektibitatea zertxobait aldatuz, beharbada gaur egun ustezko jatortasun faltagatik sufriarazten diguten hainbat gauza lasai asko onartuko genituzke, eta hizkuntzak ez luke deus galduko horregatik. Ebidentea eman lezake, baina agian ez da alferrikakoa gogoratzea euskara aldatzea ez dela nahitaez euskara pobretzea edo eskastea, ez direla sinonimoak. Tragedia gisa bizi ditugun hainbat aldaketa, esan nahi baita, ziur asko onargarriaren mugan sar litezke.

Euskara batua erlaxatuko denekoa

Euskara batua eskolatik, erabilera idatzitik eta eremu formal hutsetik ateratzen denean, masiboki atera ere, eta intentsitatez erabiltzen denean, orduan erlaxatuko da eta ‘jator’ bihurtuko. Euskara batuak ere balio beharko du hizketarako, ezinbestean, batua bera izanen delako euskaldunon hizkuntza-komunitatean sartzeko hiztun askok eta askok izanen duten pasabide eta zubi bakarra. Horretarako, jakina, lagungarri izanen ditu euskalkien baliabide lexiko, morfologiko eta sintaktiko guztiak, edo asko bai behintzat. Baina ezin dugu espero euskara bigarren hizkuntza gisa edo eskolan ikasiko duten inguru erdaldun samarreko horiek guztiak euskalki edo hizkera historiko jakin bateko hiztun bikain hain erraz bihurtuko direnik. Eta euskarak etorkizuna izanen badu, ezin ditugu isilik eduki, jatortasunaren izenean eta euskara ‘lehorra’ jasan ezin dutenek sufri ez dezaten, bide bat edo beste erabilita sortuko diren euskaldun guztiak. Euskara, beraren aldaera ezberdinetan, erabili egin beharko da, bidean lohia itsasten bazaigu ere.

Esan bezala, euskara batua ere kalera, parkera, ohera eta tabernazulora aterata lortuko dugu tresna egokia izan dadin. Euskara batuari leporatzen diogun ezin hori, harreman informaletarako, adierazkortasunerako, afektibitaterako… oraingo kontua izan liteke, koiunturala, esan dezagun. Alegia, eta egoera erabat hipotetiko bat ekarrita: mendiko bailara galdu bateko komunitate isolatu batean bizi diren guraso guztiek beren umeak bertan euskara batuaz heztea erabakiko balute, eta beti euskara batuaz egin, eta beste aldaerarik ezagutuko ez balute haur horiek, denbora eta urteak igarota, ez dugu pentsatuko, bada, ume horiek ez luketela nahi dutena esaten asmatuko, eta deseroso biziko zirela euskara horrekin, ezta? Zer eginen lukete ume horiek? Nire ustez behintzat, erabileraren erabileraz, euskara hori zorroztu, bihurritu, mila buelta eman, aldatu… baina moldatuko lirateke beren eredu horrekin hizkuntzarekin gozatzeko, jolasteko, adierazteko, haserretzeko, barre egiteko… Eta ez lukete izanen erridikuluaren sentsaziorik, edo jatortasunik ezaren konplexurik, esate baterako, «baño ze in diezo» esan beharrean «baina zer egin didazu» esateagatik. Ez legoke hor preso hartuko lituzkeen subjektibotasun linguistiko zigortzailerik. Edo agian egonen litzateke, baina haiek sortutakoa izanen litzateke, bestelakoa, eta ez gaur egun hainbeste euskaldun zigortuta dauzkan horren modukoa.

Hori ez da gertatuko, noski, ez dagoelako horrelako komunitaterik eta ez delako horrelakorik egonen. Baina konponbidea nondik etor litekeen erakuts dezake. Alegia, euskara batuak berak, behar adinako erabilerarekin eta intentsitatearekin, eta gure subjektibotasun horrek ezartzen dizkigun harresiak eroriko balira, emanen luke kalerako eta oherako eredu eta aukera erosoa, gustagarria, aldatua, aldakorra, naturala eta modu natural batean sortua, agindu eta gomendio zorrotzetatik ihesean ziur asko. Behar adinako erabileraz eta intentsitateaz, gogora eta azpimarra dezagun.

Horixe izan beharko litzateke agian gure esperimentu erraldoia. Euskalki guztiei zukua aterako dien euskara batua kalera ateratzea, gure ‘komuna’ erraldoiak euskara batu hori, erabilera formaletarako bai baina ahozkorako eta erabilera informaletarako ere izan daitekeena, tresna eraginkor, jolasgarri eta gozagarri bihur dezan. Euskalkiek desagertu beharko lukete agertoki horretan? Ez, nire ustez behintzat. Gaur egun indarrean dauden tokian bitarteko eraginkorra dira, hurbila, bizia eta emankorra. Aldatuko dira, aldatzen ari dira, eta ikusiko dugu hizkeren arteko konbergentziak nola jokatzen duen. Haien espazioa izanen dute, eta hori da agian gaur bertan pixka bat definitzea komeni dena, hedatzen ari den nolabaiteko txokokeria, zenbaitetan nahikoa zentzugabea, gainditzeko eta praktikoagoak izateko. Bestalde, aipatu dugun esperimentu erraldoia ongi aterako balitz, oso litekeena da euskara batuak berak euskalki edo hizkera molde berriak ere sortzea, ez dakit aldagai geografiko gisa edo, gizarte-harremanen eta gizarte-sareen bilakaeraren ondorioz, aldagai sozial gisa. Kontuan izan behar dugu, nolanahi ere, batuarekin egin beharreko esperimentu erraldoi hori ez dela corpusaren inguruko egiteko bat, bete-betean estatusari dagokiona baizik.

Ez baitago epe laburrean behintzat gure esperimentu erraldoia bezalako egoerak irudikatzerik, bitartean onargarria denarekin borrokan jarraitu beharko dugu, euskalkiari eta batuari bideak irekiz, arnasguneak emanez, naturalak izan behar duten bilakaera horiek ahalik eta era masiboenean eta produktiboenean gauza daitezen. Eta bitartean gako bat behar izanez gero, euskaraz eroso eta natural egitea, horixe da nik proposatuko nukeena, iruditzen baitzait hizkuntzaren plazera eta atsegina erosotasun eta naturaltasun horretatik lor daitekeela, beste inondik baino gehiago.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan