2014-10-15 Bloga
Hizkuntza politikaren alorrean edo, zabalago agian, soziolinguistikaren esparruan nolabaiteko esku-hartzea egin nahi duenak hamaika aldagai edo faktore izan beharko ditu gogoan ziurrenik, eta zenbait tresna beharko ditu. Informazioa, adibidez, egoeraren zentzuzko balorazio eta estimazio bat egiten utziko diotenak. Datuak edukitzea komeniko zaio, ahalik eta zehatzenak, errealitatea ongi interpretatzen lagunduko diotenak.
Datuak izateak, ordea, zenbaitetan izaten dugun datu zaparradak esaterako, ez du nahitaez esan nahi egoerak ongi kudeatuko ditugunik. Gerta liteke, izan ere, zuhaitzek basoa ikusten uzten ez diguten moduan, datuen erauntsi horrek ikuspegi osoaren jabe egin gaitezen galaraztea, zenbaki zehatz eta xeheek liluratuta; edo gerta liteke, konparaziora, giltza non galdu dugun jakin gabe farolak ematen digun argiaren ondoan bilatzen dugun bezala, hizkuntzaren normalizazioaren alorrean ere eskuragarri ditugun datuen argipean gakoen bila aritzea, erantzun garrantzitsu batzuk beste nonbait bilatu behar ditugula ohartu gabe. Datuen azterketan erantzun linealak bilatzea ere litekeena da, noski, akaso erantzun ez-linealak eta konplexuak behar diren tokian.
Eta, jakina, gerta liteke datu pertinenteen irakurketa zuzena egitea eta irakurketa horrek esku-hartze egokiak egiten laguntzea, eta are horren ondorioz eraginkortasunez aurrera egitea ere. Hori ere gertatu da, eta gerta zedin norbaitek egin behar izan du datu horien bilketa, askotan lan neketsua, grisa eta astuna.
Gurean, bistan denez, azken hamarkadotan informazio eta datu estatistiko ugariz hornitu da euskararen egoeraren inguruko azterketa. Garai batean intuiziotik asko zeukan gogoeta horrek gaur egun ikerketa, azterlan eta neurketa ugarik emandako zenbaki eta ehuneko xeheak ditu lagun, baita bestelako teknika batzuen bitartez, ikerketa kualitatiboen eta parte-hartzaileen bidez esate baterako, bildutako iritziak, pertzepzioak, usteak eta abar ere. Horrek guztiak informazio zaku gizen bat ematen digu, behar den bezala kudeatzen ez asmatzeagatik alferrik galtzen utz dezakeguna, edo, aitzitik, non gauden hobeki ulertzen lagun diezagukeena.
Garrantzitsua iruditzen zait, nolanahi ere, datuen uholde horretan arraun egiten ongi asmatzea, ezinbestean behar den ikuspegi globalak datuen irakurketa orokorra eskatzen duelako, eta zenbakiei eta ehunekoei iskin egiten dieten errealitateak atzeman behar direlako.
Datu soziolinguistikoen kudeaketa
Gizakiok gure usteak, iritziak eta aurreiritziak baieztatu eta indartzen dituzten datuak eta informazioa kontuan izan, gorde eta lehenesteko joera omen dugu. «Berreste alderako isuri» esaten zaio horri euskaraz –Euskaltermen bederen–, eta nahikoa fenomeno hedatua eta unibertsala da, ziur asko eboluzioaren ikuspegitik azaldu litekeena. Gure iritziak eta usteak indartzen dituen informazioa aiseago ikusten eta gogoratzen dugu, eta horiek zalantzan jartzen dituena errazago ahaztu edo gutxietsi.
Euskararen inguruko datu soziolinguistikoekin –errolda, inkesta, neurketa eta askotariko ikerketetatik eskuratzen ditugun horiekin– gauza bera egiten dugula ikustea ez litzateke, beraz, oso harritzekoa izanen. Zenbakiekin eta ehunekoekin jantzita datozkigun datu objektiboak ez ditugu denok berdin irakurtzen, eta geurea berresteko aipatu dugun isuri edo joera hori arlo honetan ere gerta liteke, eta gertatzen da.
Pesimista denak aisa aurkituko ditu iluntasunetik ez ateratzeko datuak, bistan denez. Baina optimistak ere izanen du nondik jan eta baikortasuna zerekin elikatu. Horrek ez du esan nahi irakurketa guztiek zorroztasun, objektibotasun eta zuzentasun maila bera dutenik, ezta irakurketa orok berdin balio duenik ere. Esan nahi duena da datu soziolinguistiko ugari, zehatz eta ustez objektiboak edukitzeak ez duela bermatzen ondoren etorriko diren interpretazioak eta –are garrantzitsuago– neurri eta politika jakinak gauzatzeko proposamenak, ustez oinarri sendo eta zientifiko samar bat izanagatik, adostuak, bateratuak eta onartuak izanen direnik.
Pentsa lezake inork, aurrekoa irakurrita, inkestek, neurketek eta ikerketek ematen dizkiguten datuei balioa kendu beharra proposatzen ari garela, edo haien beharrezkotasuna zalantzan jartzen ari garela. Ez, noski, ez da hori gure ustea. Informazio eta datu soziolinguistikoen irakurketan eta kudeaketan ikuspegi ideologikoak eta politikoak nahasten badira ere, eta datu berberek desadostasuna eta proposamen ezberdinak sorraraz ditzaketen arren, joko-zelaia zein den eta nola dagoen jakin beharra daukagu, ahalik eta zehaztasunik handienarekin. Alderdi teknikoek eta metodologikoek izan litzaketen mugak eta ezintasunak gorabehera, eskuratzen ditugun datuak lagungarri izan litezke, lagungarri izan behar dute, eta isuriak eta joerak ahal den neurrian baztertuta, begien bistan dugun hori kudeatu behar dugu. Datuak ez dira optimistak edo pesimistak, hori gure aldarteari dagokion kontua da. Datuak direnak dira, eta marrazten diguten errealitateari, dena delakoa, aldarte optimista edo pesimistarekin ekin diezaiokegu. Pesimismoak ez du, nire ustez, askorako balio, aukeran nahiago jarrera optimista informatua eta errealista, askozaz sortzaileagoa eta eraikitzaileagoa baita.
Datuek erakusten digutena
Datu orokorrak eta xehe-xeheak ditugu, euskararen nondik norakoaren panoramika zabala nahiz deskribaketa zehatza ematen digutenak, makroan nahiz mikroan aritzen uzten digutenak. Fokua asko zabalduz, nik ondorio bat aterako nuke ikerketa, inkesta eta neurketa guztiek erakusten diguten horretatik: gure lurralde honetako hizkuntza gutxituari eusteko, euskarari eusteko alegia, sekulako ahalegin soziala eta pertsonala egiten ari da, urte askoan mantendu den ahalegina, denbora, gogo, ilusio, energia, diru eta bestelako asko eskatu eta xahutu duena. Eta ahalegin ikaragarri horrek, datu soziolinguistiko gordin eta zenbakizkoetan begiratuta, ez du ekarri nahi eta espero genuena. Ez dago ahaleginaren eta emaitzaren arteko proportzio egokirik, ahalegin horretan ari den edo ahalegin horretaz kontzientea denaren ikuspegitik behintzat, horretaz ohartu ez denak ez baitu proportzioekin arazo handirik izanen. Lorpen eta irabazi handi eta txiki askoren ondoren, balantze soziolinguistikoa ez da bereziki azpimarragarria, ez dugulako lortu euskara berme egoera batera ekartzea, besterik ez bada nolabaiteko konfortera ere ekartzea. Ahalegin ikaragarria, eta 0tik 10erako eskala batean 2,5etik 3rako borroka batean gabiltza, edo 1,5etik 2rakoan, berdin dio. Gutxienekotik behera beti ere.
Etsiak hartzeko modukoa al da hori? Alferrikakoa izan al da dena? Ez, jakina, inolaz ere ez. Ahalegin izugarri horrek eutsi dio hizkuntzari bizirik eta ahalegin horrek ekarri ditu ezin ukatuzko hobekuntza eta aurrerapen batzuk, nahikoak ez baina ezinbestekoak zirenak. Egindakoa egin ezean non eta nola egonen ginatekeen asmatzea ez da oso zaila. Baina, bestalde, gauzak –hau da, politikak, estrategiak, inbertsioak, mentalitateak…– errotik aldatu behar direla erakusten digute datu soziolinguistikoek, ahalegin hutsean eta jauzi bat eman nahian ito nahi ez badugu behintzat. Aldaketa kualitatibo bat euskararen garabidean, euskararen hizkuntza politikan, euskalgintzaren estrategian… Aldarte optimistatik abiatuta, noski.
Zergatik?
Oso oker ez banago, masibo samar diren inkesta eta neurketetan, edo lagin adierazgarriak hartzen dituzten ohiko ikerketetan, ez da galdetzen zergatik egiten dugun euskaraz eta zergatik erdaraz –ikerketa kualitatiboetan errazago planteatuko da, noski, galdera hori, modu irekian–. Bestelako datu batzuk jasotzen dira, eta horiekin nahiz erabileraz ditugun datuekin korrelazioak egin eta ondorioak ateratzen ditugu. Korrelazioa, ordea, ez da kausazko lotura, baina hala ere sarritan gauzak horrela ulertzeko joera izaten dugu. Azalpen askotan, korrelazioak egiteko erabili ditugun datu horietan baino, datu horiekin batera gertatzen diren beste faktore edo aldagai batzuetan egon liteke ikasgai interesgarririk eta funtsezkorik.
Bada, inozente samarra izanen da akaso, baina neronek galdera horixe eginen nuke gustura modu masibo eta ireki batean, informazioa kudeatzea asko zailduko lukeen arren. Zergatik ez duzu euskaraz egiten? Eta, batez ere, zergatik egiten duzu euskaraz? Hori euskaraz dakienari. Edo Zergatik ez zara euskara ikasten ari? eta Zergatik ari zara euskara ikasten?, ez dakienari. Horiek izan litezke, izan ere, normalizazioaren motorra mugiaraziko luketen galdera nagusiak. Egiten duena galdetzen diogu jendeari, masiboki. Zergatik egiten duen galde geniezaioke ondoren. Arrisku handia egonen litzateke erantzunen %90 «ohituragatik» izatea, baina hori saihesteko baliabideren bat bilatu beharko litzateke. Asmatuz gero, euskararekin norberak zer irabazten edo galtzen duen jakin genezake, akaso, eta hortxe aurki genitzake behar ditugun gakoak, zer saihestu eta zer bultzatu behar dugun jakiteko.
Jakina, jendeak ez du euskaraz edo erdaraz egiten. Batzuetan euskaraz eta besteetan erdaraz egiten du normalean, baina denetan izaten da arrazoi bat hala egiteko edo ez egiteko. Horren berri izan beharko genuke, zehatz-mehatz, eta hizkuntzaren protagonisten ahotik, herritarren ahotik alegia, zuzenean jasota.
Datuak, izan ere, egoerak ezagutzeko eta ulertzeko behar ditugu, baina batez ere egoerak aldatzeko. Eta euskararena aldatuko bada, zergatien bila joan beharko dugu. Emozioekin eginen dugu topo erantzunetan, ziur asko, estatistiketara biltzeko labainkorragoa eta zailagoa den materiala hain zuzen ere, baina tratamendu zientifikopean jartzeko nekezagoa izanen den arren, ezinbestekoa izanen da hizkuntza den fenomeno sozial eta pertsonalean eragin nahi bada.
Eta datuak datu –horiek izan lezaketen objektibotasun maila gorabehera eta horiekin erabat itsutu gabe– eguneroko lanean eta jardunean oraindik ere gure ohiko tresna kognitiboekin ari beharko dugula iruditzen zait, subjektibotasunaz zipriztinduta badaude ere, orain arte lagun izan dugun eta hainbatetan emankorra izan den intuizioa erabat bazter utzi gabe.