Ilustrazio berria

2014-08-06 Albisteak

Informazio eta ezagutzaren gizartean bizi gara. Informazioa eskuratzeko eta hedatzeko inoiz baino aukera gehiago dugu, alde batetik; eta, bestetik, informazio horretan oinarrituz ezagutza sortzeko gaitasuna ematen duten baliabideak ere eskuragarri ditugu. Balio horiek erdigunean kokatzen dituen jendarte honetan, aldiz, balio horien aurka doazen ekimen eta praktika ugari ere aurki daitezke, gertu gainera.

Inprentak eta Ilustrazioak ekarritako ezagutzaren demokratizazio prozesuak ez du etenik izan. Orain, Internet eta teknologiei esker, informazioa eskuratu, erabili, berrerabili eta horrekin ezagutza sortzea gero eta errazago bihurtu da. Bada, orain badira printzipio horiekin hautsi eta teknologiak posible egiten duena oztopatzeko bideak jarri nahi dituztenak. 

Horien aurrean, aipatutako idealekin bat egin edo horiek zabaltzeko jarrera dutenak ere agertzen dira. Eremu oso zabala bada ere, ezagutzaren inguruan kokatzen diren hezkuntzan eta liburugintzan bakarrik jarriko dugu arreta orain. Beti edukien bueltan, eta ahal den kasuetan gertuko adibideak ekarriz.

Hezkuntzaren alorrean gero eta ohikoagoa da eduki libreekiko jarrera positiboa. E-learning ikastaroetatik hasi eta unibertsitate materialetara hedatzen ari da eredu librea. Guztiz zentzuduna da, ezagutza ahalik eta gehien zabaltzea bada helburu. 

Garrantzi berezia hartzen dute horretan hezkuntza prozesuaren hasierako urteetako materialek. Arlo horretan, muga handiak daude oraindik. Kasu askotan, beren izaera egokitu ez duten edota ezin izan duten editorial pribatuen esku dago eduki horren jabetza eta kontrola. Gurean ere ez gaude arazo honetatik gorderik.

Aldiz, arlo ezberdinetatik hezkuntzarekin lotutako zenbait ekimen interesgarri ere badira: UEUk eta Asmozek (mooc.asmoz.org) bigarren MOOC online ikastaro ireki masiboa antolatu izana, adibidez. EHU unibertsitate publikoan ere, irakasgai askotako material ugari sarean dago eskuragarri Open Course Ware atarian (ocw.ehu.es).

Liburugintzaren arloan, oraindik ere eduki libreen aldeko jarrera xumea da, nahiz eta gero eta gehiago diren eduki libreetan argitaratzen duten egileak. Euskarriak garrantzia du oraindik, baina digitalizazioarekin batera eztabaida gero eta nabariagoa da.

Industria, bide horretan, aurreko ereduarekin jarraitzeko saiakera egiten dabil, DRMa (giltzarrapo digitala) erabiliz batez ere. Giltzarrapo horrekin, liburu digitaletan ohikoa beharko lukeen kopiatzeko aukera murrizten dute. Hau da, liburu digitala liburu fisiko bilakatzea bilatzen dute. Eusko Jaurlaritzak liburutegi publikoetan jarrera hori sustatu du, liburutegiek beti izan duten izaeraren kontra, eremu pertsonalean larria dena jendarte osora hedatuz.

Badira kontrako zentzuan igeri ari direnak ere. Traficantes de sueños argitaletxeak, adibidez, lizentzia libreetan publikatzen ditu bere liburu digital eta fisiko gehienak. Gurean Susa argitaletxeak horixe bera egiteaz gain, liburu digitalen kasuan ordainketa sisteman ere egilearekiko ordainketa zuzena lantzen duen eredu bat lantzen dihardu.

Oraindik aldaketa gertatu ez bada ere, argi dago jada eredu batzuekin amaitu eta beste batzuk ezarri behar direla. Egin ezean, euskararen egoera kontuan hartuz, atzean gelditzeko arrisku larria litzateke.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan