Unibertsitatea, krisia eta pobrezia

2014-08-06 Bloga

2007an krisi ekonomikoaren lehen zantzuak agertu zirenetik, ezin da esan ekonomia fakultateetatik jakintza edo eztabaidarako ildo berri askorik zabaldu denik. Salbuespen gutxi batzuk kenduta (Paul Krugman Nobel sariduna, Kataluniako Niño Becerra edo Frantziako Thomas Piketty), ez dira asko komunikabideetan nabarmendu diren ikertzaile eta akademikoak, indarrean den ikusmolde nagusiari, aldez edo moldez, kontra egiten. Hortaz, euskal herritar gutxi izango dira egun gure unibertsitateetako ekonomia katedradun bakar baten izena aipatzeko gai (non eta familiakoa edo laguna ez duten!); aldiz, borboitarren familiako dozena erdi izen errenkan jaurtiko dizkizu edonork, zer esanik ez futbolarienak.

Unibertsitate ereduaz eztabaida oso hedatua ez dagoen honetan, adierazgarria da www.eldiario.es egunkarian argitaratu den Zona Crítica blogeko sarreraren izenburua: «intelektualetatik paper egileetara».

Alegia, gizarte eraldakuntza eta pentsaera kritikoa baino, aldizkari espezializatuetan artikuluak (paper-ak) argitaratzeko helburu soila duela, egun, unibertsitatean diharduen askok, artikuluok gizartearen benetako arazoen konponbidean eragin zein ez; eta gizarteari unibertsitate publikotik zor zaion dibulgazio lanari muzin egiten diotela gehienetan, komunikabideetako agerpenei (ohikoei zein blog modukoei) iskin eginez. Hor ere pizgarri sistemaren berrikuspena beharko litzateke. Baina euskal herritarrei hauxe ulertzen lagundu diezaieke: atzerriko unibertsitate entzutetsuenetan doktoretzak eta are irakasle lanak egindako ikertzaile askok nolatan ez duten praktikan tokirik egungo gure unibertsitate endogamikoetan.

Ekonomista ikertzaileak paper-etara so dauden bitartean, pobrezia gurean ere hedatzen ari dela bistakoa da estatistikei erreparatuz gero. Pobrezia edota ongizaterik eza nola definitu eta neurtu eztabaidaz harago, gurean, Gaindegiak, kasu, 115 mila pertsona gehiago kalkulatzen ditu pobrezia egoeran (www.gaindegia.org/eu/node/16082). Eustatek berak (www.eustat.es) pobrezia eta ongizaterik eza neurtzen ditu lau urtean behingo lanean (www.eustat.es/elementos/ele0010100/tbl0010130_e.html#axzz33Ubh7JoU), eta 2008-2012ko Eustaten datu argigarriak berrestera etorri da INEren bizi baldintzen gaineko inkesta ere (www.ine.es/prensa/np844.pdf). 

Neurketa modu ezberdinak izanik ere, pobreziaren goranzko joera argia da. Eskualdeka erreparatuz gero, aipagarria da pobrezia igoera handiena izan duten bi eskualderen kasua, oraindik ere EAEren batez bestekotik behera jarraitzen duten Tolosa-Goierri eta (Ibaizabalen) Eskuma Aldearena. 

Gutxi asko, populazioaren %18-20 inguru legoke Euskal Herrian oinarrizko beharrak edo gure egungo gizarteari dagozkion gastu arruntak bete ezinda. Hortaz, kohesio sozialetik urrun(ago) gaude.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan