miren artetxe

Jakin 203: Hazkunde-osteko Euskal Herria eta euskal izendegiaren

2014-06-23 Albisteak

Lau artikulu mamitsu dakartza Jakinen zenbaki berri honek. Horretan gaude gu, bederen. Honako hau ez da zenbaki monografiko bat, gai jakin eta bakar baten bueltan osatutakoa, baizik eta, oraingoan, lau gai zehatzen bueltako lau artikulu dituzu irakurgai. Itxura batera, elkarrekin loturarik ez badute ere, sakonean, denak azken xede bertsura hurbiltzen dira: alegia, euskal komunitatearen eraikuntzaren eta deseraikuntzaren atzean dauden giltzarriak atzeman eta horien nolakotasuna arakatzera.

Lehenak Joseba Azkarraga Etxagibel soziologoaren hazkunde-osteko eta krisi garaiko euskal herrigintzaren gaineko gogoeta sakona eskaintzen digu, artikulu borobil batean. Gaurko krisiaren markoa maila globalean eta lokalean zehatz identifikatzen du, eta gainera, berariaz Euskal Herriaren neurrira ekarritako eta euskal gizartearentzat pentsatutako alternatibak proposatzen ditu. Esate batera, atal batean ‘burujabetza askotarikoa’ planteatzen du. Hau da, estatugintza-naziogintza binomio osagarri baina tentsiodunari, euskalgintza eta herrigintza eremuak gehitzen dizkio. Borroka gune bakar eta nagusi bat ez dagoelako, haren esanetan. Laurak modu autonomoan landu beharreko eremutzat ditu, baina elkarrekikotasunez jokatuz, eta bat bera besteen gainetik jarri gabe. Proposamen berria Azkarragak dakarrena, estatugintza-naziogintza korapiloa askatzeko balio dezakeena, agian.

Bigarren artikuluak Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoak euskal izendegia generoaren betaurrekoak jantzita osatu duen ikerketa dakar. Modu errazean esateko, jaioberria, neska edo mutiko izateagatik, desberdin izendatzeak gizartearen antolakuntzaz, eta zehazkiago genero desberdintasunaz, ze arrasto ematen digun aztertu du. Sexuaren arabera desberdin izendatu beharrak gizartean dagoen emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasun-eza iraunarazten duela da Eskisabelen hipotesia. Hau da, zer balio eransten –eta eranzten– ari garen neskatoari Estitxu deitzen diogunean, eta beste hainbeste mutikoari Harkaitz esaten diogunean.

Hirugarrenak animazio esperimentalak, gurean, azken hamarkadetan, egin duen bide interesgarri eta berritzailearen berri ematen digu. Hiru film egile nabarmendu dira eremu horretan: Begoña Vicario aitzindaria eta Isabel Herguera, alde batetik, eta ondorengo belaunaldi baten ordezkari Izibene Oñederra. Lehen biek asmo narratiboa erantsi izan diote euren lanei, beti ere esperimentazioa oinarri hartuta. Oñederrak, berriz, narrazioa ukatu eta sormen hutsaren alde egin du. Hiru sortzaile horien lana hondotik aztertu dute 

Ipar Euskal Herriko herritarren nortasun kontzientzian erabakigarria izan zen Lehen Mundu Gerra, gerra izan baitzen euskalerritarrak frantses sentiarazteko prozesuan eragile garrantzitsuena, Eneko Bidegainen aburuz, eta horixe jasotzen du laugarren artikuluak. XIX. mendeko bigarren zatian, Frantzian bere lurraldearen baitako herritarren gehiengoak ez zekien frantsesik. Ez zegoen frantses nazio edota aberriarenganako kontzientziarik. 14ko gerrara behartuak izan ziren eta bertan hil zituzten 5.322 euskalerritarren ‘loria eta sakrifizioaren’ gainean, frantses nortasunaren kontzientzia berariaz landu zuen estatuak. Bidegainen hitzetan, «eskolan teoriaz lotu zitzaizkion Frantziari, gerrarekin odolarekin fisikoki sentitu zuten Frantziarekiko lotura».

Hona hemen, beraz, lau aldamio, ‘gugintza’ eta ‘besteratzegintza’ moduak identifikatzeko.

Egunen Gurpilak ere biraka jarraitzen du: Nagore Amondarainek kulturaz idatzi digu, Joseba Barandiaranen ekonomiaz, David Anautek soziolinguistikaz eta Gorka Juliok komunikazioaz.

 

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan