2014-05-19 Albisteak
Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) EHUn Filosofia Modernoko katedraduna izan ondoren, gaur Irakasle Emeritua da. Joxe Azurmendik filosofiaren eta pentsamenduaren ikuspuntutik heldu dio euskal kulturaren azterketari. Esan behar da, zentzu honetan, euskal kulturaren esparruan sona eta itzal ukaezina lortu duen saiakeragile batez ari garela. Bere bizitzan argitaratutako liburu eta artikulu kontaezinetan, kulturarekin lotutako ia-ia gai guztiak jorratu dituela esan liteke: politika, historia, gizartea, hizkuntza, literatura, komunikazioa, artea, zientzia, teknologia. 1960tik da Jakin Taldeko kide, eta pare bat urtetan aldizkariaren zuzendari izan da. 2010etik euskaltzain ohorezko da.
Andoni Olariaga (Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua da. Orain doktorego ikasketak bukatzen ari da amerikar pragmatismoari eta erlatibismoari buruzko ikerketa batekin. Jon Jimenezekin batera Modernitatearen auziaz (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia sailburua izan da bi urtez, eta egun Hausnart aldizkariko zuzendari da. Hainbat hedabidetan kolaboratzaile ibili izan da. Jakin Taldeko kide da.
Hain zuzen Jakin proiektua talde berri batek hartu berri duen honetan, erreleboaren irudia ere hartu du saio honek. Azurmendi eta Olariagak Buruz buru izeneko sailaren lehenengoa bete dute. Jakin Fundazioak, Martin Ugalde Foroarekin batera, urtean hainbat buruz buruko antolatzeko asmoa du. Ekimen honek pentsamendua gizarteratzea du helburua.