2014-05-14 Albisteak
Jakinek aldaketak dakartza, baina ez etena. Jarraipena emango dio talde berriak 58 urteko bideari. Talde berriko kideak sorkuntza, soziologia, komunikazioa, antropologia, artea, liburugintza eta filosofia eremuetatik datoz, guztiak euskal kulturgintzan lanean dihardutenak, eta horietako batzuk aski ezagunak euskal munduan.
Aurkezpen ekitaldian, azken 37 urtean zuzendari izan duen Joan Mari Torrealdaik aurkeztuko du talde berria. Girotzen, Pello Ramirez musikaria ariko da.
Joan Mari Torrealdaik, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera, azken 37 urtetan zuzendu du Jakin. Eta erreleboa emateko garaia dela pentsatuta, talde berri baten esku utziko dute Jakinen gidaritza. Talde historikoak leku egingo dio talde berriari maiatzaren 15etik aurrera. “Jakinkide historikook hil arte Jakinen jarraituko badugu ere, gidaritza belaunaldi berri batek hartuko du. Gu hor izango gaitu, laguntzeko prest, baina talde berriaren eskutan geratuko da Jakinen etorkizuna”, adierazi du Torrealdaik.
Jakinek aurten 58 urte beteko ditu aurten, baina hala ere aldi berri bat urratzeko prest dago. Urte horietan guztietan lan oparoa egin du euskalgintzaren eta kulturgintzaren alde, eta aldaketak ere asko bizi izan ditu, baina oraingo hau inoizko handiena dela dio Torrealdai zuzendariak. 2014a urte erabakigarria izaten ari da Jakinentzat.
Jakin gogoetarako, kritikarako eta azterketarako aldizkari gisa jaio zen 1956an, eta hala jarraitzen du orain ere, euskal kulturako eta mundu zabaleko auzi nagusiak aztertuz eta elikatuz. Aspaldian, iraganari baino etorkizunari begira jarrita dago Jakinen zuzendari Joan Mari Torrealdai, eta orain arte landu eta sustatu dituen egitasmoez gainera, ekimen berrietan ere abiatuko da, aro berriari dagozkion lanabes berriekin.
Aldizkariak itxura berria hartu du, kolorez jantzi da, eta horrekin batera malguago eta modernoagoa ageri da. Paperezko aldizkaria eta aldizkari digitala, biek, aldi berean ikusi dute argia 200. zenbakitik aurrera, eta urrats honekin irakurleentzat irisgarriago eta irakurgarriago suertatzen da.
Bestela ezin eta, webgunea ere goitik behera berritu du Jakinek. Atari bizia izan nahi du, eta gaurkotasuna elikatzeko asmoa du. Horretaz gainera, Jakinen ondare guzti-guztia klik batera du irakurleak. Horretarako bilatzaile indartsu bat abiarazi da, eta horrek azken hirurogei urtetan euskalgintzan eta kulturgintzan jazo den eta idatzi denaren inguruko bilduma aberats eta oparoa arakatu eta ustiatzeko aukera ematen du. Atariak Jakinek argitaratutako aldizkari guztiak eta liburuak bilduko ditu; Liburuaren Behatokia atalak euskal liburuen 50.000 fitxa bibliografiko jarriko ditu kontsultagai, eta Memoria sailak, berriz, XX. mendeko euskal kultur eragileen lekukotasun eta lana bilduko ditu.
Jakin fundazioa eta Jakinkideak
Fundazio egitura hartu du Jakinek, gainera. Horren helburua ondare material eta ez-material osoa euskal kulturaren zerbitzurako uztea izan da. “Jakinen egitekoa euskalgintzan eta kulturgintzan gertatzen dena jaso eta aldi berean unibertso hori pentsamenduaren bitartez elikatzea izan da. Jakinekook beti argi izan dugu herrigintzan eta herriarentzat ari garela, eta horregatik guztiagatik nahi dugu ondare guztia fundazio batetan utzi, guztion eskura, eta ez gurekin inora eraman”.
Hau guztia aurrera eramateko Jakinek proiektuan sinetsiko duten lagunak behar ditu, egitasmoa sostengatu eta babestuko duen jendea, jakinkideak alegia. Horrela izango dela batere zalantzarik ez du Torrealdaik, eta sinetsita dago “Jakinek etorkizuna iragana baino handiagoa izango duela”.