Windows XPri agur

2014-05-14 Albisteak

Windows XP 2001ean atera zen merkatura. Horren ondoren, Windows bertsio berri ugari egon dira, baina ez da apirilaren 8ra arte benetan amaitutzat jo. Data horretatik aurrera, Windows XPk ez du eguneraketa berririk izango, eta, beraz, bere segurtasuna kolokan egongo da.

Jakin edo ez, Windows XP leku askotan erabiltzen da oraindik. Etxe askotan oraindik Windows XP erabiltzen duten pertsonak baldin badaude, lan eremuetan are gehiago izan daitezke.

Horiek garrantzitsuak izanik ere, oraindik garrantzitsuagoak dira Windows XP erabiltzen duten sistema kritikoak: informazio pantailak, kudeaketa sistemak, kutxazainak… Segurtasun maximoa beharko luketen sistema kritiko asko dago oraindik Windows XPren bertsio ezberdinen gainean eraikia.

Vista, Windows 7, Windows 8 bertsioek ez dute sistema eragile zahar honek lortu zuen arrakasta izan orain arte. Horregatik, orain, Microsoftek kanpaina mediatiko bihurtu du XPrako euskarriaren amaiera. Era honetan, jende gehiago bideratu nahiko dute Windows bertsio berrira, 8.1 bertsiora.

Kanpaina horretan beldurraren diskurtsoa erabiltzea erabaki dute, soluzio bakarra 8.1 bertsiora pasatzea dela azpimarratuz. Bertsio horrek orain arteko arazo batzuk konpontzen omen ditu, eta, gainera, hainbeste jendek eskatzen zuen ohiko mahaigain aukera ere ematen du. Hori bai, eguneraketa ordainpekoa da.

Bertsio horrek baliabide gehiago dituzten ordenagailuak beharrezko egiten ditu; beraz, jendea ordenagailu berriak erostera ere behartuko dute bide batez. Hori da behintzat Microsoften gune eta prentsa komunikazio ofizialetan proposatzen duten soluzioa (http://windows.microsoft.com/en-us/windows/end-support-help). Migrazioa egiteko pausoak ere zehazten dituzte, baina ez dute programa guztien funtzionamendua ziurtatzen.

Enpresa pribatu batekiko morrontzaz eta horrek duen garrantziaz jabetzeko balio beharko luke honek guztiak. Urteetan sistema eragile honen gainean egindako aldaketak, inbertsioak, programazioak… pikutara joan daitezke, enpresak bere kasa hartutako erabakiaren ondorioz. Ezer ez da betiko, ados; baina erabakiak bakoitzaren beharren arabera hartzea litzateke egokiena, eta ez hartutako morrontzen ondorioa.

Eskaintzen den aukera, bide batez, aukera faltsua da, kanpoan beste aukera asko uzten baititu. Ordenagailua eguneratu nahi ez edo ezin duenarentzat, adibidez, badira ordenagailu zaharragoetan ere ondo funtzionatzen duten GNU/Linux sistema eragilearen banaketak. Sistema kritikoetarako, aldiz, beharbada orain da momentua egokiagoak, libreagoak eta kasu gehienetan hobeak diren sistemetara igarotzen hasteko.

Adibide asko daude munduan, baina beharbada Municheko Udalak egindakoa oso adierazgarria da. Udal horrek, Windows 7 eta Office 2010 migrazioa egin behar izan zuenean, GNU/Linuxera eta OpenOfficera igarotzea erabaki zuen 2013an. Lan eskerga egin behar izan bazuten ere, 11.000 lanpostu eta beste zenbait zerbitzu migratu zituzten. Horrekin, 6,8 milioi euro aurreztu zituzten lizentzietan soilik, eta aldatu behar izan ez zuten hardwarea berrerabiltzeagatik beste 4,7 milioi euro.

Euskadiko Software Libreko Enpresen elkarteak (ESLE, http://esle.eu) software librearen behatoki berriaren bidez adierazi du gero eta hedapen handiagoa duela software libreak, administrazio publikoa eta bereziki hezkuntza alorra nabarmenduz. Aldi berean, enpresa pribatuetan joera goranzkoa da, eta pertzepzio aldaketa bat gertatzen ari dela nabarmendu nahi izan dute, gero eta jende gehiagok jotzen baitu software librean oinarritutako soluzioetara.

Windowsen eguneraketa soil bat egin beharrean, beharbada iritsi da beste era bateko erabakiak mahai gainean jartzeko garaia. Urteetan egon diren dudek eta zurrumurruek ez dute zentzu gehiegirik, jada arlo guztietan aurki daitezkeen adibideak sendoak baitira.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan