Mugarriak

2014-05-14 Bloga

Euskalgintzaz eta euskal soziolinguistikaz ari garela, liburu bat mugarri bat izanen ote den esatea ez da batere erraza. Inpaktu handi samarra sortu beharko luke halakotzat har genezan, baina ez soilik irakurleak txundituta eta gogoetan murgilduta utzi dituelako, baizik eta baita mugimendua sortu eta harako edo honako aldaketak eta urratsak eragin dituelako ere. Halakoxea izan zen, esate baterako, Sánchez Carriónen Un futuro para nuestro pasado hura, 1987an argitaratua. Proposamen teoriko sendo bat ekarri zuen, gogoak aztoratu zituen; baina hori baino askozaz ere garrantzitsuagoa dena, mugimendua eragin zuen, eta horren emaitza dira, hein batean bederen, euskara elkarteak eta hortik sortu den mugimendua.

Jon Sarasuak Pamielarekin 2013ko udazkenean argitaratu zuen Hiztunpolisa liburuaz ere mugarri izanen dela esan da. Hori ere ikusteko, jakina. Hala izanen da, gure ustez, euskalgintzaren ikuspegian, diskurtsoan eta estrategian eragiten badu, erakundetzean ez bada erakundeetan mugimendua lortzen badu, eta aldaketa ekartzen badu ez bakarrik Jonen pentsamenduarekin nahikoa konbentzituta daudenengan, baizik eta baita beren lana edo posizionamendua kolokan jarri dela sentitu dutenengan ere. Liburuak hasiera-hasieratik oihartzun zabala lortu du, eta han eta hemen aztergai izaten ari da. Euskaltasunaren norabideaz gogoeta sakona egiten du, astindu bat ematen dio auziari, eta baditu mugarri izateko osagaiak. Gogoak dantzan jartzeaz gainera, mugimendu «organikoak» eta urrats praktikoak eraginen ote dituen denborak erakutsiko digu.

Mugarri izanen den edo ez jakin gabe, une honetan euskararen estrategia birpentsatu eta adostu beharko balitz, eta gogoetarako oinarrizko 6-8 dokumentu edo txosten beharko bagenitu, nik Hiztunpolisa hautatuko nuke horietako bat izan zedin. Ez euskararen estrategia bertan diseinatuta dagoelako, ez baitago, baina bai galdera on eta egoki asko egiten dituelako, ideia zehatz batzuk ere badaudelako –hainbaten artean landutako kulturgintzarako estrategia, esate baterako–, eta liburuak duen epe luzeko edo arnas sakoneko ikuspegiak gogoeta estrategikoa bultzatzen duelako. Ezin da gogoetarako oinarri osoa izan Hiztunpolisa, baina bai ekarpen mamitsu eta interesgarria.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan