Manexen herrialdea

2014-05-14 Bloga

Lapurdi eta Nafarroa Beherea, horixe litzateke Manexen herrialdea zuberotarrentzat, Zuberoa ez den gainontzeko Iparraldeko herrialdeak, alegia. Manexen herrialdean, aurretik aipaturiko Usopop festibala bezalako proposamen duinak egiten dira. Bi mila eta bostehun biztanleko Sara herrian egiten den festibala dugu hori. Bada tradizio luzeagoa duen beste jaialdirik: Miarritzen adibidez, Bi Harriz Lau Xori jaialdia. Folkloretik eta topikoetatik ihesi, gazteak protagonista dituen kultur ekimenak ezagutarazteko asmoarekin antolatzen da duela hemeretzi urtetik hona. Zinema, kontzertuak, zirkua, antzerkia eta dantza biltzen dituen jaialdia da. Baionatik Stéphane Garinek eta Joël Merahek osatzen duten 0 (zero ahoskatu) kolektiboa izan da aurtengo edizioan, baita Biutz zirku-antzerki ikuskizuna ere Donostia-Oreretako kideen eskutik. Iparralde, Hegoalde zein atzerriko artistek hartzen dute parte jaialdian.

Berrehun eta laurogeita hamar mila biztanle biltzen diren Ipar Euskal Herrian (Arabako biztanleria baino apur bat gutxiago) luze jarrai genezake egiten diren jaialdi guztiak aipatzen:

 

• Euskal Herriko zine eta dokumental ekoizpena aurkezteko, Hazparneko Zinegin festibala.

• Libertimendu eta Toberak, Amikuze, Irisarri, Itsasu eta Donibane Garazin.

• Euskal Bide Arteak euskal kulturaren inguruko festibala, Bidarten.

• Hartzaro festibala Uztaritzen.

• Errobiko Festibala Itsasun. Azken bi horiek hemezortzi urteko ibilbidea dute.

 

Festibalak edo topaketak direnez, ez dira batean eta bestean erreproduzitu eta errepikatzeko sortuak, euren kokagunea dute. Aipaturikoetan Hegoaldeko jendea entzule, ikusle edo kontsumitzaile soil izatea abiatze baten lehen urratsa litzateke. Ikuskizun hutsa izan daiteke, baina konpromiso sozial eta politiko batez egituratuz gero, sortzaileen arteko fluxuak bideratu ditzake.

Bestetik, festibaletatik harago, artista eta kultur eragile asko daude, arte bisualekoak, dantzakoak, antzerkikoak, musika eta kantagintzakoak… Sortzen duten hori Ipar zein Hego eskaintzeko prestutasuna izan dezaketenak: Traversée dantza garaikideko elkartea –Beñat Axiariren abestiekin atonduriko Hiru zitroin lur hotzean ikuskizunarekin– edo EliralE koreografia konpainia, adibide moduan. Antzerkian ere anitza da sorkuntza, Le Petit Théâtre de Pain, Hiru Punttu, Kitzikazank/n Mattin Irigoienen eskutik edo Donibane Garaziko lizeo publikoko euskal antzerki tailerra Antton Lukuren eskutik. Kultur sorkuntzan, mugaz gaindiko elkar ukitze eta kontaktuez hitz egitean, merezi duten sona izaten ari dira adibidez Artedrama Laborategikoak, arte eszenikoen plataforma eredugarria sortu baitute, nortasun kolektibo bat. Beraz, non hasten da Iparraldea?

Kukai, OrekaTX, Amaren Alabak eta Kalakan elkartu diren ikuskizunak ere eredugarri izan daitezke zubi lan horretan, txori mugariak horiek ere. Edo hainbesteko sona izan ez duten kontaktuak, hip hop musikaren itzalean: nire harridurarako, 2006ko otsailean Ziburun M.A.K. taldeak Gasteizko Indarrap taldeko Fat Fish gonbidatu moduan oholtzara igo zuenean bezala. Koordenatu berdinetan ote dugu kokatua Bidasoako muga, beraz?

Arrosan kokatua baina Internet bidez zabaltzen den Kanaldude herri telebistaren Zazpi kultur emanaldiak Euskal Herriko kultur dinamiken ikuspegi zabala ematen digu; bideo, arte plastiko, musika, literatura, antzerkia…, sorkuntza mota guztiei zabalik dago mugaz haraindi. Herria ulertzen, birsortzen eta eraldatzen laguntzen duen ekimen multzo horrek erreprodukzio ideologiko eta sozialeko funtzioekin ere badihardu lanean.

Eta beste kulturetan moduan, sorkuntza indibidual zein kolektibo horien jarduera multzoa kapital sinboliko aberatsa izateaz gain, praxi beregainen kapital zehatza da sarritan, horiek guztiak zaindu, antolatu, lagundu eta ezagutarazi beharko lituzkete politika publiko zein kapital pribatuek, mugaz gaindiko gure lur-eremura sarrera emanez. Ekoizpen lotu eta elkartu bat behar dugu. Beste herriek bezainbesteko transnazionalizazioa bizi dugu, baina, horrez gain, gureari barruko banaketa gehitu behar zaio. Argi geratu delakoan, inolaz ere ez ikuspegi folklorista batetik, hau da, balio eta eduki unibertsalez hustua.

Ipar Euskal Herriko hauteskundeen karietara, Berria egunkarian irakurri ahal izan dut zuzendariari gutunak atalean, Aitor Castañedaren honakoa. «Euskal Herria bi ipur-masail handiren arteko putza baino ez da frantsesentzat». Berdin Espainiarentzat, pentsatuko dugu Hegoaldekook. Poztuko nintzateke Ipar edo Hego gabeko habia bakar eta bero bat izatearekin, nortasun kultural kolektibo bat izatearekin, besteentzat putza izan arren. Gutxienez iparraldea Tarnosen kokatuko genuke denok, aho batez.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan