Zuberoa

2014-05-14 Bloga

Batzuek hogeita hamazortzi urte behar izan dituzte Zuberoa ezagutzeko. Euren bizitzetan Alemanian edo Madrilen denbora luzeko egonaldiak egin ostean etor daiteke Zuberoa ezagutzeko aukera, maskaraden aitzakian. Agian ez daki ezer Xamarren Orhipean liburuari buruz, badenik ere ez du jakingo horrelako libururik, lana erraztuko liokeen arren orrialde parea irakurtzeak, maskaradak zer diren ezagutzeko. Berdin dio… Goizeko barrikaden bukaeran hartutako ardo goxoak bere amonak, txikitan, ematen zion ardo goxoarekin oroitzeko balio izan badio, bada zerbait Zuberoako lurreratzean.

Baina Zuberoa ez da beti kantu eta dantza. Xora bezalako proposamen ausartak –Zuberoan auzolanean egindako filmak– hurbildu gintuen Hebentik elkartera. Tradizioaren eta arte garaikidearen arteko nahaste bat Euskal Herriko gainerako herrialdeekin partekatzeko saioetan dabiltza, duela hamar urtetik hona. Maulen dute gunea, tren geltoki zaharreko egoitzan dago beraien bulegoa; erakusketa, ikastaro zein ikuskizunak ere bertan antolatzen dira.

Hebentik elkartearen barruan kokatzen dugu Gotaine-Irabarnen urtero egiten den Xiru festibala. Musika, antzerkia eta dantza diziplinak uztartzen ditu eta euskal kultura beste kulturekin eta diziplina askotariko arteekin harremanetan jartzeko asmoz antolatzen dute. Tradizioaren erakusleiho bihurtzen ditugun dantza eta kantua baino harago joatearen eredu da Hebentiken lana eta kasu zehatz honetan Xiruren asmoa; bertako sorkuntzek tokiko osagaiak biltzen dituzten moduan, sorkuntza horiek beren baitan duten unibertsaltasuna ere eskaintzea edo azaltzea baitu xede. Eta festibal hau ez da atzo goizekoa, hau da, ez da aro modernoak ekarri digun berritu beharraren sukarrean jaio, 1990etik antolatzen baitute. Urdiñarben antolatzen den Müsikaren Egünak ere, beste adibide bat aipatzearren, hogeita bost urte ditu dagoeneko. Iparraldean gaztetatik uztartzen dituzte, naturalitate osoz, tradizioa eta modernitatea. Herri kulturaren osagaiei lepoa eman ordez, jaso, birmoldatu eta herriari itzultzeko duten abilezia handia da.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan