LIBURUAREN EGUNA LIBURUAREN MUNDUAN

2014-04-23 Albisteak

1. Liburuaren Eguna

Apirilaren 23an ospatu ohi da Liburuaren Eguna –zehazki, “liburuaren eta autore eskubideen nazioarteko eguna”–, eta hilabete lehenago Pariseko liburu azoka. Aurten liburuaren eguna pazko astean egokitu denez, egun batzuetako atzerapenez plazaratzeko lizentzia hartu dut, nahiz eta Liburuaren Egunean berean idatzi dudan. Ez da horren desegokia desfasea, kontuan izanda Liburuaren Nazioarteko Egunak bi heriotza muga hartu dituela data sakratutzat, eta ez bat eta ez beste direla aipaturiko egunean gertatuak: Cervantes ez zen 23an hil, 22an baizik; eta Shakespeare are okerrago: juliotar egutegiaren arabera 23an hil zen, bai, baina gure egutegian (gregoriotarrean) maiatzaren 3an gertatu zen heriotza. Bi daten tartean nago ni.

2. Liburu azoka Parisen

Liburuaren Behatokiko lehen emanaldi hau, hortaz, Liburuaren Egunean abiatu nahi izan dut. Eta berariaz lotu nahi izan dut Pariseko liburu azokarekin. Azoka bera duela hilabete egin zen. Han ginen urtero bezala. Aspalditik egiten diot segizioa, liburuaren munduko arazo eta korronte berriei antzemateko balio izaten didalakoan. Liburuaren kultura frantsesa, gainera, bertatik jarraitzekoa iruditu zait beti, gauza askotan eredugarria.

3. 34. edizioa

Aurtengo hau “Salon du livre” delakoaren 34. edizioa da. 1981ean hasi zen azokaren historia, Durangokoa baino askoz beranduago, eta ez oraingo orubean, “Grand Palais”-en baizik. 1994. urteaz geroztik oraingo leku berean egiten da urtero, Porte de Versailles-eko erakustazokan.

4. Edizio frantsesaren ispilu da azoka

Edizio frantsesaren ispilu da, paristarrarena ez esatearren. Urtetan oso paristarra izan ondoren (han baitaude editore handiak), azken aldian Frantzia osora zabaldu da eta mundura ere bai. Aurten, esaterako, eskualdeetako 14 stand multzo izan dira bertan: 330 editore independentetik gora. Akitania ere bazen tartean, 20 editorerekin, baina euskaldunik ez.

Gero eta nazioartekoagoa omen da azoka. Diotenez, azken 5 urteotan bikoiztu egin da kanpokoen presentzia. Aurten, 50 lurralde izan dira azokan. Baina, egia esan, edizio frantsesa islatzen du bertan.

Urtero kanpoko herri eta hiri bana gonbidatzen dute. Edizio honetan, herri gonbidatua Argentina izan da, eta Shanghai hiri gonbidatua. Sekulako presentzia fisikoa eta mediatikoa izaten du gonbidatuak. Iaz, 2013an, hiri gonbidatua Bartzelona izan zen, eta majo baliatu zuten kultura katalanaren berri emateko. Ez legoke gaizki 2016an Donostiak haren txanda hartuko balu!

5. Izaera anitzeko azoka

Izaera anitzeko azoka da: publiko orokorrari irekia, sektoreko jendearen topaketa lekua, autore eskubideen truke gunea, editore eta autoreak agurtu eta solastatzeko parada ematen duena, ikasle eta eskolako gaztetxoei irekia, profesionalentzat informazio eta formazio aukerak eskaintzen dituena. Xarma berezia du dena nahas-mahas ikusteak.

6. Bederatzi eremu tematiko

Bederatzi eremu tematikotan banatu dute azoka aurten: komikia, manga, gazteria, eleberria, artea, zientzia, digitala, jakintza & ezagutza, sukaldea. Sukalde liburuarena iaz hasi zen, arrakasta handiz. Jakintza & ezagutza, aldiz, aurten abiatu da, eta badirudi luzarorako abiatu dela. Eremu espezialitatuko 30 bat editore eta liburu dendek kudeatzen dute; gaietan guztiz zabala da, giza/gizarte zientziak; eta 35 hitzaldi-solasaldi-eztabaidez aberastu dute.

Digitalaren eremu tematikoa inguruko batzuk baino zaharragoa da. 2008tik hona protagonismo dezentea izan du, gainera.

7. Digitala azokan

Azokaren baitan liburu digitala presente dago, nonahi dago, ez txoko batean baztertuta: bai digital natibo diren editoreen guneetan eta bai editore handien baitako eskaintzetan. Espazioaren aldetik, paperaren ondoan txikia gelditzen da digitalaren lekua, eta are txikiagoa audio eta bestelakoena.

Alderatuta txikia bada ere, ez da txikia berez. 22 editore egon dira liburu digitalarekin.

Azokak arreta handia egin ohi dio digitalari. 2008tik hona azokarekin batera eta kokaleku berean egin ohi dira “Assises du livre numérique” direlakoak, alegia, liburu digitalaren batzarrak edo jardunaldiak. Zazpigarren urtea baina hamabigarren edizioa da aurtengoa, zenbait urtetan azokatik aparte urtean zehar ere egin izan direlako.

Aurten bereziki interesgarriak gertatu zaizkit jardunaldi hauek. In situ asko jarraitzerik ez genuen izan, bazterretik bakarrik, plaza guztiak aspalditik hartuta zeudelako. Aretoa profesionalez bete ohi da, sektoreko jendez; horien artean, editoreak, banatzaileak, liburu dendak, autoreak, programatzaileak, digitalizazioan adituak. Datorren urtean barruan egoteko modua egin beharko dugu.

Jardunaldietako planteamenduek erakarri naute.

Atzean gelditu dira profezia apokaliptikoak, diskurtso handi-mandiak, mehatxuzko jarrerak; atzean gelditu da tresneriaren salmentaren gerra komertziala. Azoka berean ikusita gaude planteamendu komertzial-kulturalen arteko gatazka gordina, esaterako 2012an, urrutiago joan gabe, Amazonek bere Kindlerekin Frantzian lur hartu zuenean.

Oraingo planteamenduak pragmatikoak dira: proiektuak lantzen dira, produktuak, eskaintzak. Digitala nola egin bideragarri, eraginkor, metadatuak nola landu, hau da, digitalaren izaerari nola zukua atera; edo digitalaren lege gordailua nola sortu, lege aldetik Europan nola arautu digitala, pirateria nola ekidin; edota irakurleengana nola iritsi biblioteken bidez. Harritu nau ikusteak zen aurreratua daukaten Frantzian biblioteka publikoei begirako eskaintza digitalaren planteamendua, eta iruditu zait tresnarik landuena EAEn hautatu den bertsua dela, mailegu sistema bera.

8. Digitala gizartean

Urte gutxitan bide luzea egin du liburuaren munduak, aurrez aurre egotetik bizikidetzara igaro baitira liburuaren sektorea eta teknologiazko plataforma edo banatzaileen mundua. Hasiera hura ezin txarragoa izan zen; enpresa teknologikoek edizioaren mundua inbaditu zuten inolako errespeturik gabe, handiaren eta indartsuaren legea inposatu nahi izan zuten. Amerikarrak ziren eta ez zuten aintzat hartu ere egiten europar kulturaren ohiturak. Liburuaren sektoreak intruso gisa hartu zituen, eta bere buruaren defentsari ekin zion, lege aldetik ere.

Egun, ur arreak baretu direla ematen du. Ikusi da bizitzeko formula bakarra bizikidetzarena dela. Hasierako profezia apokaliptiko haiek ez dira bete, hots, papera derrepente desagertuko zela, etab. Frantzian liburu digitalaren erabilera %15 inguru dabil, bi urtetan geldi. Negozio aldetik ez da egon kanibalizaziorik: liburuaren negozio zifraren %3,1 da Frantzian, eta Europan %3, oker ez banago. Lasaitu dira editoreak, beroriek dihardute digitalaren erronkari erantzuten; amerikarren erasoari draga moduko bat jarri zaio, ez guztiz baina. Badirudi haiek eta horiek prest daudela liburuaren katearen aktore guztien parte hartzea errespetatzeko orduan, liburuaren ekosistema: autorea, editorea, banatzailea, liburu dendaria, irakurlea eta, berrikitan, plataforma digitalak.

Frantzian eskuz esku ari dira Estatua eta sektorea digitalizazioaren etorkizuna bermatzen. Badugu zer ikasirik.

9. Azokaren arrakasta zertan datza?

Ofizialki lauzpabost zifra eman ohi dira arrakasta hori neurtzeko:

Bada zerbait, egia esan.

  • 198.000 bisitari.
  • 1.200 erakusketari.
  • 3.500 autore liburuak sinatzen.
  • 500 hitzaldi.
  • Iaz baino 8.000 bisitari gehiago izan omen da. Eta gainera geroz eta gehiago omen datoz ikasleak eta profesionalak, kanpokoak eta frantsesak.
  • Erakusketariak 1.200 izan dira, ehun editore berri tartean. Horietako gehien-gehienak frantsesak, noski. Askoz gehiago dira 2013an tituluren bat atera zutenak: 4.560. Enpresa gisa funtzionatzen dutenak 3.000 omen dira, baina editorialki jarduten direnak 1.500-2000.
  • 3.500 autore izan omen dira liburuak sinatzen. Sinestezina gertatzen zait, baina egia izango da: irakurle frantsesak asko maite du idazlearekin solastatzea, horren sinadura eskuratzea, antza denez. Nahikoa da azokako bisitarien blogak-eta arakatzea afizio hori zein handia den frogatzeko. Sinatzeko liburua bertan erosi behar da, ezin da etxetik eraman. Azokaren debekuz.
  • 500 hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguru izan dira, aretoan bertan. Irrati saioak ere bertatik egin ohi dituzte. Formatu askotarikoak dira solasaldi horiek, handi-txiki, ireki-itxi, edozeinentzat ala profesionalentzat.

10. Azoka gizartearen isla

Gizartea nolako, azoka halako, esan genezake azokako presidentearekin. Azokaren arrakastaren gako argitzailea horrela azaltzen du azokako presidenteak. Errealitatea ezagutu ere bai, noski, azokako presidentea bera baita SNE edo Edizioaren Sindikatu Nazional indartsuaren presidentea ere, sektorekoa, alegia. Gizartea eta azoka estuki lotzen ditu Vincent Montaigne jaunak: “succès qui reflète la passion des Français pour la lecture et la place du livre et de la culture dans la société française”. Frantsesak irakurketarako duen grina eta liburua eta kulturaren lekua islatzen ditu azokak, horra arrakasta.

Gurean baino askoz gehiago irakurtzen da goiko auzoan, liburuen tiradak askoz handiagoak dira, liburuak hiruzpalau bizialdi ditu eta beraz hiruzpalau prezio (azal gogorra agian, sorrerako bilduma edo saila, faltrikerako edizioa, kaleko salmenta). Espainiarekin alderatuta (euskal edizioa ez da horren desberdina), edizio frantsesak bestelako sendotasuna du, gizartearen premiei egokituagoa da.

Non dago aldea? Ez negozio orokorrean, ezta ere tituluen ekoizpenean izugarria, baina bai gainerako guztian: tiradan, ale kopurutan, eta azken batean preziotan (formatu gehiago daudelako). Titulu bakoitzari etekin handiagoa ateratzen zaio Frantzian. Laukian agertzen ez den arren, bada beste datu bat guztiz esanguratsua niretzat: urte berean, 2011n, Frantzian berrinprimaketa edo berredizioa %48,5 da eta Espainian %16,6.

Puntu horiek egoki eta argi agertzen dira Joxemari Sorsek landu duen ondoko taulan:

  2011 2012
  Frantzia Espainia Frantzia Espainia
Salmentak eurotan 2.804.000.000 2.772.640.000 2.771.000.000 2.471.490.000
Salmentak aletan 450.579.000 199.812.000 440.901.000 170.240.000
Ekoizpena titulutan 81.268 83.258 86.295 79.175
Ekoizpena aletan 620.062.000 286.462.000 630.913.000 280.251.000
Batez besteko tirada aletan 7.630 3.441 7.311 3.540
Batez besteko salneurria 6,22 13,88 6,28 14,52

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan