Jean-Paul Sartre (1905-1980) XX. mendeko idazle eta pentsalari oparoenetako bat izan zen. Adituek, oro har, bi Sartre bereizten dituzte. Horren arabera, lehena gerraurreko Sartre gaztea da, fenomenologoa, La Nausée (1938) eleberri filosofikoa idatzi zuena; eta, bigarrena, gerraosteko intelektual konprometitua, antzerkigile eta artikulugile nekaezina, Les Temps Modernes fundatu zuena, Nobel sariari uko egin ziona. Haatik, batzuek etendura bezala ulertu dutena beste batzuek pentsamendu propio baten ibilbidetzat hartu dute. L’Être et le Néant (1943) tratatua, Sartreren Izatearen teoria, bi aro horien lotunetzat hartu ohi da.