Jakin 276: Euskara esanindartzeko bidean

2026-11-24 Albisteak

Ekainean egindako Jakin Jardunaldian euskararen adierazkortasuna lantzeko eztabaida, gako eta hautuen inguruan abiatutako gogoeta garatu dute zortzi adituk Jakin-en 276. zenbakian.

Gaur egungo Euskal Herriaren luze-zabalean eta kulturaren esparru guztietan hizkuntza eta hiztunak indartzeko norabideak harilkatu dituzte, gogoeta teorikoak eguneroko praktika eta lanketei lotutako azalpenekin uztartuz. Miren Amuriza, Amaia Alvarez Uria, June Fernandez, Kike Amonarriz, Iratxe Retolaza, Garazi Arrula, Gorka Bereziartua eta Danele Sarriugarteren ekarpenek osatzen dute zenbakia, eta Irantzu Pastorren azaleko argazkiak dakar gaiari buruzko lehen begirada.

Zenbakiaren atarian, Ula Iruretagoiena arkitektoa elkarrizketatu du Itziar Ugartek Jakin filosofatzen sailean, eta, zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean, Jokin Bergararen eta Yasmine Khrisen bi lankidetzak datoz.

 

‘Hizkuntzari gorputza nola eman. Literatura eta ahozkotasuna’

Miren Amuriza

Lengoaia literarioari esanindarra emateko proposamen sorta bat aurkezten da, ahozko hizkeran oinarritua eta idazketa prozesuaren aurretikoak, bitartekoak eta ostekoak jasotzen dituena.

 

‘Zein da mariokerren mintzoa? Sexu-genero disidenteak berba bila’

Amaia Alvarez Uria • June Fernandez Casete

Euskal komunitate transmaribibolloak euskararen adierazkortasunari eta esanindarrari egiten dion ekarpena ikertzen da. Horretarako, Mariokerrak proiektutik hasi eta komunitateko talde eta kideen proposamenetara heltzen da.

 

‘Adierazpen askatasunerantz, adierazpen eskastasuna gaindituz’

Kike Amonarriz Gorria

Euskal hiztunok adierazkortasun maila egokia izatearen garrantzia eta onurak azaltzen dira, eta komunikazio gaitasuna eskolan eta eskolatik kanpo hobetzeko gakoak eta jarraibideak iradokitzen dira.

 

‘Kulturen hizkerak, hizkeren kulturak’

Iratxe Retolaza Gutierrez

Euskal kulturaren esparruak ardatz hartuta, kultur jardunetan harturiko hizkuntz hautuen inguruko gogoeta zenbait egiten dira, kulturgintzako hizkerek gorpuztu ditzaketen hizkuntz ideologiez, posizio soziokulturalez eta identitate soziopolitikoez galdera zenbait pausatzeko.

 

‘Hiru begirada: adierazkortasuna euskara idatzian’

Garazi Arrula Ruiz • Gorka Bereziartua Mitxelena • Danele Sarriugarte Mochales

Idatziaren esparruan –literatura sorkuntzan, itzulpengintzan, edizio lanetan zein kazetaritzan– ibilbide eta esperientzia handia duten hiru lagunengana jo du aldizkariak iritzi eske, euskara idatzian ere adierazkortasuna lantzeko eta garatzeko egon daitezkeen eredu, gako eta bide nagusiei buruz dituzten iritzi, gogoeta eta proposamenak jasotzeko.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan