2026-11-19 Albisteak
2019an argitaratu zuten Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara liburua (Susa, Lisipe bilduma, 2019), eta, orain, Pol•len Edicions argitaletxeak katalanera itzuli du L’Eriçó s’ha despertat. De l’èuscar al feminisme i del feminisme a l’èuscar izenburupean (itzultzailea: Irati García).
Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzenda liburuan, hizkuntzaren zein generoaren lotura aztertuz. Izan ere, emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira, «biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, zein jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak».
Pentsamendu kritikoa lantzen duten liburuen «eko-argitalpena» egiten du Pol•len Edicions argitaletxeak, eta ideia kritikoak zabaltzea, eztabaida sortzea, ezagutza hedatzea eta gizartea eraldatzea du helburu.
Argitalpenaren harira, abenduaren 7an, Agirre eta Eskisabel Maria Reimóndez idazlearekin eta Anna Gabriel aktibista politikoarekin elkartuko dira Durangoko Azokan, feminismoa eta hizkuntza gutxituei buruz aritzeko. Ekitaldia hirueleduna izango da: euskaraz, galegoz eta katalanez.