Beldurraren politikak – Yasmine Khris Maansri

2026-11-24 Egunen gurpilean

Emozioak hautetsontzian

Haurtzaroko gertakariekin loturiko memoria aski txarra dut, baina oroitzapen hau gordetzen dut buruan, lauso samarra egiten bazait ere. Zortzi urtetxo izanen nituen gertatu zenean: gurasoekin supermerkatura joan ginen arratsaldeko azken orduan erosketa handi bat egiteko. Saskiaren erdia oraindik bete ez genuela, abots robotiko bat aditu zen goitik etorria: «Supermerkatuko ateak aurki itxiko dira; mesedez, hurbildu zaitezte kutxetara». Mezua ongi ulertu zela pentsatzen nuen, eta, irteerarantz nindoala, gurasoek lasai-lasai jarraitzen zuten apaletan gora eta behera, inolako presarik gabe. Ondoren gertatu zenak burutik ihes egin zidan, baina, esaten didatenez, oso urduri jarri nintzen, izuak ia alienatuta, izenik gabeko izuak, gaur egun oraindik gogorarazten didatenak: lokalean giltzapetuta geratzeko beldurra nuen (ikaratua nengoen). Zientzialariek izen bat ezarri diote fobia horri, ni bezalako klaustrofobikoek, giltzapetuta geratzeko mehatxupean bizi diren hainbat eta hainbat pertsonak, partekatzen dutena. Fobiak, funtsik gabeko beldur horiek, justifikaziorik gabekoak eta, askotan, mugatzaileak, traumek edo batzuetan bizitako egoerek sortutako beldurrei kontrajartzen zaizkie, non zaurgarria mehatxatua sentitzen den. Eta, jakina da, beldurrek gidatzen dituzte askotan gure jokabideak, baita gure iritziak ere.

Emozioak eta iritziak estuki lotuta daude. Beldurra, beste edozein emozio bezala, izan daiteke pertsonala (ikus goiko adibidea) edo kolektiboa (horra hor interesatzen zaiguna). Izan ere, soziologo garaikideek diote emozioak gero eta leku handiagoa hartzen ari direla herritarrek arlo politikoari heltzeko moduan. Denbora lerro bat irudika dezagun: fede erlijiosoak familiaren baitako erabaki garrantzitsu guztietan eragina bazuen (iritzi politikoetan barne), beldurrak ere kudeatzen eta lasaitzen zituen, galdera existentzial oro baretzen harantzago bat goraipatuz. Hala eta guztiz ere, jakina da XIX. mendearen amaierak eta XX. mendeak agerian utzi zutela erlijioa erakunde gisa ahuldu egin zela gure gizarteetan erantzunak emateko, eta, aldi berean, zientziak eta aurrerapen deiturikoek erreleboa hartu zutela beldur globalak baretzeko: txertoak, makinak, batez besteko bizi-itxaropena luzatzea… Gero, zientzia ere beldurra ematen hasi zen –gogora ditzagun COVID-19aren pandemian zehar sortutako grina guztiak, edo, modu gaurkotuagoan, adimen artifizialak agintzen duen etorkizun ziurgabea–. Pentsalari batzuek diote ‘beldurra erregulatzen duen instantziarik’ ez dagoen garai batean bizi garela, edo, gehiago, ‘beldurraren kulturaren’ gizarte batean bizi garela. Beldurra emozio berezia da; izan ere, adierazten denean, zeharkatzen gaituen emozioa kontatzen da, eta, aldi berean, areagotu egiten da (‘Herria beldur da’ izeneko artikulua idazten badut, irakurleen artean beldurra elikatuko dut, noski). Mundu mailako hauteskunde kanpaina erraldoi batean murgilduta gauden bitartean (Brasil, Alemania, Espainia, Frantzia, Italia, Polonia…), eta zenbaketen emaitza batzuk iristen zaizkigula, nire buruari galdetzen diot beldurrak desmobilizazio politikoa eragiten ote duen edo, alderantziz, konprometituago egiten ote gaituen.

Anne Muxel CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunearen ikerketa-zuzendari emerituak bere azken liburuetako batean gogorarazi zuen indar politikoek beldur desberdinak bereizten dituztela:

Ezkerrekoak deituriko beldurrak auzi politikoaren inguruan dira, demokraziaren ahultzea, populismoen gorakada, autoritarismoa, eskubideen murrizketak, auzi klimatikoa edota diskriminazioak. Eskuinekoak deituriko beldurrak, aldiz, beldur sozialak dira: atzerritarrarekiko beldurra, immigrazioa, familiaren amaiera. Eguneroko bizitzaren aldaketa baten inguruan orbitatzen dute, taldeen arteko orekak birdefinitu behar izatearen beldurra, edota tradizioen galera.

Luigi saindua

Liburu bat irakurri nuen joan den udan, eta haren idazlea entzuteko aukera izan nuen duela aste batzuk: Nicolas Framont soziologo frantziarra 2025ean argitaratutako Saint Luigi. Comment répondre à la violence du capitalisme? (Luigi saindua. Nola erantzun kapitalismoaren indarkeriari?) saiakeraren inguruan mintzo zen. Luigi Mangioneren kasu hipermediatikoari buruz idatzi zuen liburua, ezaguna batik bat akusatu zutelako Brian Thompson UnitedHealthcare-ko kontseilari ordezkaria hiltzeagatik, 2024ko abenduaren 4an New Yorken gertaturiko hilketan. Kasualitatea edo ez, hitzaldia ikasleen aldarrikapenen lehen egunean izan zen (gero Frantziako Estatuaren lurralde osoan zabaldutako manifestazio handiak bilakatuko zirenak), poliziaren bortizkeriak franko anputatua. Hori zela eta, idazlea testuinguruaz baliatzen zen egoera iraunkor bat adierazteko, eta honako ondorio honetara iristen zen: haserre-maila ez da inoiz hain handia izan, eta, aldi berean, antolaketa politikoaren maila ere ez da inoiz hain txikia izan. «Hilketa tresna politiko gisa fantasiatzen hasten garenean, horrek esan nahi du sindikatuengan edota elkarteengan konfiantza gutxi dugula», zioen, Mangioneren legez kanpoko ekintza justifikatu eta legitimatu gabe ere. Garai hartan Frantziako plato guztietan egiten zen galdera biolentziaren zilegitasunarena zen, gutxi gorabehera Mangione kasuaren berdina zena, eta gonbidatu politiko bakoitzak (batez ere ezkertiarrek) erantzun behar zuena: kondenatzen duzu biolentzia? Jakina, ditxosozko biolentzia erabat materiala zen: edukiontziak, kristalak, autoak… Baina ez ziren kontuan hartzen poliziak eragindako mutilazioak, atxiloketa bortitzak eta ikasleen aldarrikapenei erantzuteko armen erabilera neurrigabea kartoizko pankartak eta eslogan sortzaileen kontra (benetan beldurgarria).

«Zerk hiltzen du?», planteatzen zuen Framontek: «Gaur egun beste edozerk baino gehiago kapitalismoak hiltzen du», bere estudio eta lanetan oinarrituz. Zehatzago esateko, polizia batek hiltzen duenean, haren ekintza zuzena ikusten dela azaltzen du; aldiz, heriotza ‘mantsoagoak’ deritzenak (nik neuk ‘maltzurragoak’ deitzen ditudanak), hots, etxegabetzeak, laneko kaleratzeak, eman gabeko altak gaixotasunagatik, ez dira hain gardenak, eta erabaki-iragazki bat dute, non zaila baita zehaztea nor den erantzulea. Morrontza-katea, dixit Framontek:

Galdera ez da biolentzia kondenatzen duzu?, baizik eta zein da indar harremana? Enpresetako langileekin egiten dut lan, eta aztertu beharra dago patronalaren menderatze egoeretan hartu beharreko metodo egokia zein den, enpresaren arabera: salatzea, greba egitea, biolentzia erabiltzea? Aztertu eta neurtu egin behar da. Nor den zure aurkaria eta nola makurrarazten duzun (hau da: zerk ematen dio beldurra?). Beste metodo asko ere badaude hilketaren aurretik. Indarkeria oso erlatiboa da. Horregatik, lehenik beldurra eta arriskua identifikatu behar dira. Agerian geratzen dena da norberak (herri-klase eta langile-klase gisa) beldurra sortzen duela ordena ekonomikoa molestatzen den unetik. Klase politiko eta burgesek gorroto dute ziurgabetasuna. Erronka nork egiten dien ez dakitenean, mugimenduek liderrik ez dutenean, beldurra hartzen dute, eta horregatik petxero bat seinalatzen dute azkar. Aurre egin diezaiegun, ziurgabetasun handiagoa dute.

Beldurrak zeri eta nori?

Orduan hasi nintzen planteatzen zein ziren nire beldurrak maila kolektiboan, marko politikoan islatuak. Ageriz gure gainetik dagoen mehatxurik handiena ultraeskuineko alderdien etorrera da, berekin dakarren guztiarekin: politika autoritarioak ezarriko dituzte eta Anne Muxelek ezkerreko publikoaren inguruan biltzen zuen beldurren zerrendari erantzuten diote. Beldurra sentiarazten didan elementu bat izendatu beharko banu, baina ezkerreko kolektibo bati aplika dakiokeen beldur bat, kanpaina dela esanen nuke. Hauteskunde aurreko denbora-espazio gisako kanpaina (horretan ari gara), edo propaganden zurrunbilo batean sartzen garen bitartean luzatuko dena, gehienetan adimen artifizialak instrumentalizatua. Kanpaina kontrolik gabeko fluxu kontrolaezina da, eta bere gezurrekin eta online bots-ekin dator, politizatu gabeko pertsonen buru ahulak kontrolatzeko.

Diotenez, ideia handiak emozio handiek gidatzen dituzte. Aho biko ezpata, nire ustez. Ideiak emozioek molda baditzakete, gure ideal politikoetara hurbiltzeko (ikus kanpaina eta hauteskunde-emaitzak Brasilen) txanponaren beste aldeari aurre egin diezaiokegu, non gure ideiak jada ez ditugun gureak.

Lana Corujo idazle kanariarrak anekdota inozo eta aldi berean sakona aitortu zuen Iruñeko Letrazaurituak jaialdian, eta hona ekarri nahi nuen. «Zeren beldur zara?» galderari honela erantzun zion:

Txikitan beldur nintzen pentsamenduak irakurriko ote zizkidaten. Orduan, osabak Lanzaroteko enpresa batean lan egiten zuen txanoa erabiltzen nuen; txapela buruan jartzen nuen, eta horrela babestuta nengoen, beldurrik gabe pentsa nezakeen.

Barreak publikoan, noski. Irribarre bat atera zitzaidan niri ere, baina ezin nuen istorio hori Night Shyamalanen Signs (2002) filmeko eszena batekin lotzea ekidin: estralurtarren mehatxuaren aurrean, alaba txikiak aluminiozko txanoak sortu eta buruan eramatea proposatzen du, estralurtarrek pentsamenduak irakur ez diezazkieten edo mentalki eragin ez diezaieten. Jakina, pelikulak teoria konspiranoikoetan askotan agertzen den irudi batera jotzen du, baina eszena horrek eta Corujoren anekdotak diotena da maila pertsonalean eta kolektiboan dugun beldurrik handienetakoa dela gure ideiak eta iritziak jada gureak ez izatea, horiek baitira dugun intimo eta propioena, gizabanako eta gizarte gisa definitzen gaituztenak.

Hori da, hain zuzen ere, Eva Illouz soziologoak lantzen duena. Ezaguna da, batez ere, komunikabideek hiztegiaren sorreran duten zereginari buruz egindako ikerketengatik, gure bizitza emozionala hautemateko, interpretatzeko eta eratzeko erabiltzen ditugun metaforengatik eta kausalitateengatik. 2025ean argitaratutako liburuan, Explosive modernité (Modernitate leherkorra), gizarte modernoaren erakunde politiko, ekonomiko eta teknologikoek emozioak nola baldintzatzen dituzten aztertzen du. Gure barne-bizitza indibidualetik harago, emozioak –haserrea, itxaropena, inbidia, lotsa, baita maitasuna ere– modernitate ‘leherkor’ baten fenomeno kolektibo, sintomatiko gisa aztertzen ditu.

Izan ere, emozioak arau kolektiboen menpe daude eta aldatu egiten dira. Ez dugu gauza bera sentitzen kultura guztietan, arauak eta eredu sozialak aldatu egiten direlako. Beldurrari dagokionez, hauxe dio:

Beldurra oso adibide argia da. Ia kultura guztietan dago. Baina galde daiteke zergatik zaion beldur handiagoa, une jakin batean, txerto bati suzko arma bati baino. Ez da ausaz aukeratu dudan adibide bat; izan ere, COVID-19aren pandemian zehar, AEBetan armak eramateko joera handiena zuten pertsonak ziren txertoari beldur handia ziotenak ere. Horra adibide bat erakusten duena sentimendu bat, instintiboa irudi dezakeena, ideologiaz eta sinboloz blai egon daitekeela.

Aski interesgarria –eta ikaragarria, aldi berean–.

Alde horretatik, beldurgarri zait ikustea nola ari den sortzen gazterian nagusikeriazko olatua eta jarrera atzerakoienganako sinpatia, modu globalean ikusten dugun fenomenoa. Urriaren 12an Madrilgo Puerta del Solen ateratako irudiek zer pentsatua ematen dute, neska-mutilak sinbologia frankista erakusten. Diskurtso ultra ‘normalizatzearekin’ edo eskuin muturrak elementu horiei ‘esanahi berria ematearekin’ zerikusia duten faktoreen nahasketa dago. Mezua argi dago: faxismoak jada ez du beldurtzen. ‘¿Los jóvenes ya no temen una dictadura?’ (Gazteak jada ez al dira diktadura baten beldur?) izenburua ipini zion artikulu bati El Diario.es-ek 2025eko martxoan. Horri erantzunez, Interneteko antifaxismoaren barruan birala den meme honekin akordatu naiz, Trumpen MAGA esferaren eslogan ezagunenari berriro heltzen diona: Make Fascists Afraid Again (Eragin berriro beldurra faxistei).

Postbeldurraz

Antonimoen hiztegira jo eta beldur tekleatu dut. Sorgailuak sarrera hauek proposatu dizkit:

Ausardia – Adorea – Baretasuna – Kuraia -Esperantza

Baina gizartearen egungo faxistizazio-giro politikoari emandako erantzun sendo bat ezin da ausardian eta itxaropenean soilik oinarritu. Oinarri sendoa, antolatua eta kolektiboa behar du. Aldez aurretik prestatu behar da, eta alde horretatik abantaila dugula iruditzen zait. Anton Jäger historialari belgikarrak Timothy Snyder historialaria parafraseatzen du Hyperpolitics. Extreme Politicization without Political Consequences (2026) liburuan:

Estatu kolpe batek 2024an arrakasta izan dezan, Trumpek benetan inoiz izan ez duen zerbait beharko dute kolpistek: gutxiengo haserretu bat, nazio mailan indarkeriazko ekintzak egiteko antolatua eta boto-emaileak beldurtzeko prest dagoena.

Aurrerago:

Eskuin garaikideak ia ez du masa erakunde diziplinaturik, eta eskuin muturreko mugimenduek erlekumeen antz handiagoa dute ‘ongi orkestratutako koreografia duten formazioena’ baino; aldiz, beren uste sendoek ‘seriotasunaren eta ironiaren arteko muga lausoak’ dituzte ezaugarri.

Iruditzen zait badakigula zer den mobilizazioa, guk.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan