2026-11-24 Egunen gurpilean
Prosaiko
Andoni Egañari irakurria diot eskelek asko diotela hil den pertsonari buruz. Parte-hartu duzun lagunarte, elkarte edo zaletasun-kideek jar diezazukete azken agurra egunkarian, lan egin duzun enpresak edo lantokiak jar diezazukeen bezala. Bizitza animoso eta apasionatua bizi izan duenaren seinale lehena, bizitza tonalitate grisetan mugitu izan zaionaren aztarna, bigarrena. Ez dut esan nahi nork bere lana modu apasionatuan bizi ezin duenik, adibideak mila, baina sinpatikoagoa zaigu dirua tartean sartzen ez duen norbaiten pasioa. Izan jubilazioa txoriei argazkiak ateratzen pasatzen duenarena, liburuak arbolapean irensten dituenarena edo herriko kantu taldea dinamizatzera animatzen den ausartarena. Pasioa, bizi energia agorrezinaren iturri misteriotsu hori. Galde geniezaieke argentinarrei futbolarekin duten harreman zoroari buruz, andaluziarrei aste santuko prozesioek sortzen dieten zera horri buruz edo Roberto Bolañori poesiarekin zeukan harremanaz. Segur aski, ez genuke ezer ulertuko.
Susmoa dut helduleku pasional eta betiereko horiek zerikusia daukatela gurekin mendeak daramatzaten ohitura, objektu eta ezaugarriekin azken berrikuntza eta aurrerapen teknikoekin baino. Errazagoa izango dela etorkizunean maitale itsua, fededun katolikoa edo athleticzale amorratua aurkitzea adimen artifizialarekin konektatutako ziborga baino. Ideia horretan sakontzen du Irene Vallejo idazleak liburuaren asmakuntza eta ibilera historikoei eskainitako eta Fernando Reyk euskaratutako liburu ederrean:
Zerbait zaharra eta zerbait berria alderatzen ditugunean –liburu bat eta tablet bat, edo metroan sakelakoarekin txateatzen ari den nerabe bat edo ondoan eserita duen moja bat–, uste dugu berriak etorkizun handiagoa duela. Egia esan, kontrakoa gertatzen da. Zenbat eta urte gehiago izan objektu edo ohitura batek gure artean, orduan eta etorkizun handiagoa izanen du. Berriena, gehientsuenetan lehenago hiltzen da. Probableagoa da XXII. mendean mojak eta liburuak izatea Whatsapp eta tabletak baino. Geroan, aulkiak eta mahaiak izanen dira, baina, beharbada, ez plasmako pantailarik edo sakelako telefonorik. Neguko solstizioa ospatzen jarraituko dugu, baina utziko diogu, seguruena, UVA izpiekin azala belzteari. Diruak –Moises baino lehenagoko asmakizuna– 3D zinemak, droneek eta auto elektrikoek baino gehiago iraunen du segur aski. Ukaezinak iruditzen zitzaizkigun joera asko –kontsumismo bidegabearekin hasi eta sare sozialekin buka– itzali eginen dira. Eta betidanik bidelagun izan ditugun tradizio zahar batzuek –musika edo espiritualtasun egarria, kasurako– ez gaituzte inoiz abandonatuko. (Irene Vallejo, Infinitua ihi batean, Elkar, 2021: 316)
Deitu mesfidantza, deitu eszeptizismoa, sarri izan ohi dut teknologiaren gaietara hurbiltzeko oso modu prosaikoa. Beste edozein pentsamenduri bide eman baino lehen asaldatzen bainau zalantza berberak: non entxufatuko da, zehazki? Gehi geniezaioke Vallejoren testuari gurekin iraun duten objektu eta ohiturek, iraun badute, besteak beste denboran jasangarri izan direlako iraun dutela, materialki. Giza behar bat asetzetik harago, inpaktu material baxuagoa duela moja baten bizitza aszetikoak ikasgelak tabletez betetzen dituen eskolak baino. Lotsa puntu bat ere senti lezake batek adimen artifizialak zabaldu ditzakeen zientzia fikziozko, utopiazko edo distopiazko eztabaidetan sartu aurretik aretoan besoa altxatzeko joera duenean, horren galdera mundutarrarekin: nondik aterako duzue hainbeste energia, ur, mineral eta baliabide? Batzuetan pentsatzen dut norbere burua lasaitzeko mekanismo tranpatia izan daitekeela, garaiaren energia ezkorrei ihesbide bat topatzeko modua, arazoari aurre ez egiteko pentsamendu koldar xamarra. Baina gero iristen dira berriak, eta irakurtzen duzu Microsoft enpresa Erresuma Batuan adimen artifiziala garatzeko datu zentro baten proiektutik erretiratu dela, hornidura elektriko faltagatik, eta oroitzen zara elementu materiala egoskorra dela oso. Mary Shelleyk ez zuen inoiz gehiegi zehaztu zer materialez egina zegoen Frankenstein.
Kontserbadore
Pier Paolo Pasolini izan zen, Frankfurteko eskolaren arrastoan, gerraosteko kontsumoaren gizarteak zuen gaitasun homogeneizatzailea salatu zuen ahots ezagunenetakoa. Pasolinirentzat, mugimendu faxistak lortu ez zuena lortuko luke kontsumoa bizitza sozialaren ardatzera ekarri zuen gizarte burgestuak: herri kulturen, hizkuntzen, hizkeren eta partikulartasun ororen deuseztapena. Haren ustean, aristokraziak zein burgesiak modu errepresiboan menderatu zuen nekazari jendea, bortxaren bidez, nahi bada. Baina sekula ez zuen lortu nortasunean murgiltzerik, izateko moduan, desiretan, eragiterik; kontsumo gizartea lortzen ari zen zeregin nekez horretan aurrerapausoak ematea, identitateak moldeatzea. Garaiko beste ezkertiar batzuek ez bezala, ez zituen nekazariak erremediorik gabeko kontserbadore gisa ikusten, ezpada kapitalismoaren dominazio totalaren aurrean erresistitzeko modu bat usaindu zuela haien baitan, bazeukatela bizimodu propio eta alternatiboak finkatzeko joera indartsu bat, domestikatzen zaila.
Antzeko koordenatutan mugitu zen Fabrizio de André kantaria, Sardiniako edo Liguriako ahozko tradizioetan bilatu baitzuen bere lanetarako inspirazioa. Batek zinemagintzan, besteak musikagintzan, intuizio berberez egin zioten aurre askotariko herri-identitateak birrintzeak askorik inporta ez zion ezker jakobinoari. Sumatu zuten zerbait ez zegoela ondo Italiaren modernizazio azeleratuan, ertzetara begiratzea aski zen horretarako. Gertutasun intelektual horren erakusle da De Andrék Pasoliniri bere heriotzaren ostean eskaini zion Una storia sbagliata (1980) kantua.
Eztabaida zaharrak, agian, baina ezinbestean datozkigu sokatira haien oihartzunak euskarazko lurraldera. Euskalkiak, bertsoa, euskara, herri adierazpenaren elementu tradizionalak, opera handien prestigiorik izan ez duen kultura herrikoia mantendu da gurean, paradoxikoki, mugimendu aurrerakoi batek kontserbadore jokatzea erabaki zuelako: kontserbadore, bai, antropologikoki kontserbadore. Ordena sozial zahar bat edo moralki kontserbadore/elizkoia izatetik urruti, oinarrizko giza lotura batzuk, komunitate beharrak eta identifikazio kulturalerako premiak ditugula onartzetik abiatzen den pentsamendu korrontea estrategia politiko bihurtu zuten. Prosaiko nahi bada, mundutar. Non entxufatzen gara gizakiak?
Euskal Herrian agian jakin izan da, neurri batean, neoliberalismoak eragindako sarraski horiei euste-hormak eraikitzen, komunitatearen ideia zaindu eta elikatzen. Tradizioa mantendu eta iraunaraztea ez da ulertu eraldaketa sozialari traizio bezala; edo, nahiago bada, ezker uniformizatzailearen olatuari traizio egitea izan da tradizio. Nabari da eskuin muturra sarraski horretan muturra sartu nahian, sustraiak, tradizioaren elementuak edo arrakastatsu ez diren ohiko herritarren bizimoduak beren proiektu politikoarekin lotzeko ahaleginean. Helburua da hamarkadetako politika neoliberalek babesgabe eta errari laga duten herritar abandonatuarengana iristea, baina, kasu honetan, kontserbadore eta erreakzionario. Proiektua da komunitate ‘autentikora’ itzulera bat, nahasketa ‘arraro’ eta ‘woke’-rik gabeko ordenaren promesapean.
Edozein kasutan, bada eskuin zein ezker atera litekeen ikasgai politiko bezain antropologikoa: pasioa eta giza zentzua, egotekotan, ez dago transakzio monetario baten bidez sortzen den giza harremanean. Gutxi idatzi zen horri buruz 1990eko hamarkadan, beharbada orduko giza loturen lurrunekin sortu dira gaurko ekaitzen hodei beltzak.
Ziborgaren eskela
Hari eroale berberean joan gintezke auzi ekosozialera, berezko giza harreman horren aldarrikapen prosaikora. Sare sozialetan eguna eman ordez, bisitatu amona. Adimen artifizialari zure egoera psikologikoari buruzko galderak egiten aritu beharrean, eskaini arratsaldea behar zaituen lagunari. Influencer izaten saiatu baino, antolatu auzoko gazte asanbladan. Mercadonan egindako patata tortila Amazonetik erosi aurretik, eman izena herriko elkarte gastronomiko batean eta prestatu tarteka lagunarterako afari mokadutxoa. Netflixen azken telesaila ikusi barik, kontatu ipuin bat. AHTan mugitu ordez, joan bizikletan.
Arrunkeriaz beteriko paragrafo sinpletxoa iruditu lezakeen arren, bolada batez ziborg indibidualizatu izateari utzi eta puntako teknologiak sentiarazten digun azaleko potentzia horren hauskortasunari begiratzea da proposamena. Alba Garmendia filosofoak ere ildo horretatik egin zuen azpimarra Egunen gurpilean atal honetan bertan:
Jaiotzen garen bezala hiltzen gara, bakarrik. Bitartean dago utopia. Bizi garen bezala amesten dugula esan zuen beste hark ordea, bakarrik. Baina sinetsi nahi dut bakardade existentzialak ez duela indibidualtasun soziala esan nahi, eta hortxe dago utopia postmoderno transhumanista horien okerra, Martorellen ustez: apolitiko diren ustean, indibidualismoaren eta kapitalismoaren apologia egiten dutela. Alegia, punta-puntako teknologiaren bidez natura bera desagerraraztea ez da zibilizazio bidezkoago bat lortzeko egiten, hilezkortasun indibidualera iristeko baizik. (Jakin 236, 2020: 116)
Iraupenean badago jakintza, su txikian egosten diren praktikak eta begiradak. Ez dakigu XXII. mendean adimen artifizialik egongo den edo hegazkin elektrikoak ibiliko diren zeruan. Segur aski bizitza irakurtzearen pasioari eman dionik egongo da, eta bere herriko irakurle taldeak ipiniko dio eskela dotorea egunkarian.