[222 esaldi] Irati Zubia

2026-11-05 222 esaldi

«Egia-ostea egia krisian dagoen garai bat da. Ez bereziki egia ezkutatzen delako edo egiaren bilaketa jardun zaila delako. Haatik, parez pare dugunean ere kasurik egiten ez diogulako».

Zubia, Irati (2020): ‘Egia-ostea ziurgabetasun garaian‘, Jakin 239, 75-93.

Irati Zubia Landa (Donostia, 1997). Filosofian graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. ‘Filosofia, Zientzia eta Balioak’ masterra egin zuen Joxe Azurmendi Katedrak eskainitako masterrak egiteko diru-laguntzarekin. Gradu Amaierako Lanean zein Master Amaierako Lanean egia-ostearen fenomenoa ikertu zuen, eta pragmatika, hizkuntzaren filosofia, epistemologia eta gisako gaiak auzi etiko eta politikoekin uztartu izan ditu egin dituen ikerketetan. Gaur egun, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibako kide da.

2020ko Jakin Jardunaldian landutakoa biltzen du Jakin-en 239. zenbakiak. COVID-19ak agerian utzi zituen gure gizartearen gaitzak eta ondorioak aztertu zituzten hainbat adituk jardunaldian: «Gainera etorri zaigun pandemiari eta ekarri duen distopiari leku egitea saihestezina zitzaigun, mundu berriak –eta ahal bada bizigarriak–  bilatzen hasteko». Han esandakoetan sakondu, eta geroari begira sor litezkeen egoera eta bidezidorrei erreparatu zieten sei artikulugilek Jakin-en 239. zenbakian.

Artikulu horien artean dago Irati Zubiaren  ‘Egia-ostea ziurgabetasun garaian‘ testua, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua. Egia-osteak ziurgabetasun-egoeretan dituen inplikazioak aztertzen ditu Zubiak, eta egiarekiko interes eza gure garaiko ezaugarrietako bat dela dio. Egia-ostea deitutako fenomenoak edo egoerak gero eta protagonismo handiagoa duela nabarmentzen du, eta krisi eta ziurgabetasun-egoeretan egia-ostearen arrisku eta dinamikak areagotu egiten direla. «Egiarekiko axolagabetasuna dela medio, egiaren ahalmena galdu dugu, besteak beste duen ahalmen salatzailea. Galera handia da hori». Egiak deserosoak izaten baitira maiz, eta deserosotasun horrek ekartzen ditu aldaketak.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan