2026-10-23 222 esaldi
«Ohituradun animaliak garela, ‘beti horrela’ egin baldin bada zergatik aldatu… Begirada altxatzen dugunean, ordea, guztia aldaketek eragin dutela ikus dezakegu. Eboluzio baten emaitza garela, aldaketen emaitza».
Argarate, Lorea (2019): ‘Musikaren denbora makina‘, Jakin 232, 93-103.
Lorea Argarate (Bilbo, 1990). Telekomunikazio ingeniaria da ikasketaz, baina hezkuntza eta musika munduan ere ibili da; besteak beste, Las Tea Party DJs musika-proiektuko kide izan zen eta Mauriziak ez du inor hil ikuskizuna abiatu zuen Ines Osinagarekin. Dibulgatzaile zientifikoa eta sortzailea da. Deustuko Unibertsitatea, Travelling University, Elhuyar edo Puntueus bezalako erakundeekin aritzen da lanean, eta Sarean.eus-en idazten ere kolaboratzen du. Egun TAZEBAEZ kooperatiban dabil bere pasioak batzen dituen proiektuak sortzen talde ekintzaile moduan, eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan ere dihardu Berlinen eta Bilbon. Ingurune digitaleko emakumeen lanak zabaldu nahi dituen Gladys saria jaso zuen 2024an.
Lau gai eta begirada diferente jasotzen ditu artikulu soltez osatutako Jakin aldizkariaren 232. zenbakiak, eta bertatik dago aterata Lorea Argarateren liburuxkako aipua. Testuinguru teknologikoak musika sorkuntzan duen eragina aztertzen du Argaratek ‘Musikaren denbora makina‘ artikuluan. Bere ingeniari begirada baliatuta, musikaren historian jauzika dabil azterketa hori egiteko: emanaldi akustikoetatik anplifikadore eta mikrofonodun kontzertuetara, katedralerako egokitutako Bach-en konposizioetatik La Scalako opera zaratatsuetara, The Beatles-en estadioko garrasiz betetako lehen kontzertutik nahasketa mahaiak bideratutako ‘estadioko rockera’… Aurrera begira ere ipini da Argarate Blockchain teknologiarekin. «Etengabe egokitzen ari gara: zoriontasuna eta kantuen alaitasuna bertan dago, baina testuingurura moldatua».
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.