2026-10-05 Albisteak
Bost artikulu biltzen ditu Jakin-en 275. zenbakiak, eta bata bestearen ondoan bilduta, badago denak elkarrizketan jartzen dituen hari gidatzaile moduko bat: bakoitzak bere ikuspegitik, Euskal Herria josi eta kohesionatzeko premia dakarkigute gogora. Ekonomiaren, politikaren, kulturaren eta hizkuntzaren alorrean gutxieneko batasun zantzuak eraikitzeko hausnarketa sakonak eta proposamen teorikoak bildu ditu zenbaki honek, betiere eguneroko praktikekin eta herrigintza ekimenekin lotuta.
Zenbaki honetan, Irantzu Pastorren azaleko argazkiak dakar gaiari buruzko lehen begirada. Artikuluetan, Euskal Herriko elikadura antolaketari mugaldeak sortzen dizkion zailtasun eta erronkez dihardu Elena Casiriain Iturririak, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren inguruko komunitateaz Aitor Servier Etxexurik, nazioaren eta nazionalismoaren azterketa feminista materialistaz Maddi Alberdi San Martinek, euskaltzaleak egun bizi duen geografia berriaz Imanol Esnaola Arbizak eta, azkenik, humanismo landu eta herrikoiaren beharraz Jon Mentxakatorre Odriozolak.
Zenbakiaren atarian, Oihane Zuberoa Garmendia elkarrizketatu du Itziar Ugartek Jakin filosofatzen sailean, eta, zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean, Jokin Bergara eta Yasmine Khris aurtengo bi lankideen idatziak datoz.
‘Mugak gainditu, Lurraren neurria hartu: Euskal Herriko elikadura antolaketaz’
Elena Casiriain Iturriria
Euskal Herriko elikadura antolaketari buruzko gogoeta proposatzen da. Batetik, mugalde batean tokiko ekoizpenaren sustatzeko zailtasunak eta erronkak azpimarratzen dira. Bestetik, lurraren mugak errespetatuz, hurbileko elikadura antolaketaren beharra argudiatzen da.
‘Iraun ez, berrasmatu’
Aitor Servier Etxexuri
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak, hiru hamarkadatako ibilbidean, auzolanaren praktikan oinarrituz, Ipar Euskal Herritik herrigintzan ari den komunitate bat sortzeko izan duen potentzial eraldatzailea aztertzen da.
‘Nazioa egiten denean’
Maddi Alberdi San Martin
Nazioa nola egiten da? Nork egiten du, eta zergatik? Nola uler daitezke nazio eta nazionalismoak feminismo materialistatik? Hausnarketa teorikoa mahaigaineratzen da artikuluan. Horretarako, Euskal Herriko kasua erabiltzen da, eta ondorioztatzen da nazionalismoa ezin dela despatriarkalizatu hura eraikitzen duten produkzio harreman patriarkalak eraldatu gabe.
‘Geografia berriaren plazan bizi da euskaltzalea’
Imanol Esnaola Arbiza
Euskal Herriko geografia sozial eta ekonomikoak aldaketa handia bizi du. Euskal hiztun gazteak hirigune berrituetan murgilduta bizi dira, identitatea eta euskararen erabilera inguru arrotzetan gauzatu eta sustatu beharrean. Euskalgintzak inguru horretarako jardunbide egokiak bilatu beharko ditu.
‘Luma landuko eta esku zaileko euskal gizabideaz’
Jon Mentxakatorre Odriozola
Tradizio humanista landuaren eta herrikoiaren beharraz egiten da gogoeta: luma landuko eta esku zaileko gizabideaz, liburuetako eta lurrean sustraitutako humanismoaz.