Elhuyar Zientzia

Shock gordina – Jokin Bergara Eguren

2026-09-30 Egunen gurpilean

Shock gordina

«Ulertu behar duzu gure aukera ez zela merkatu ekonomiaranzko trantsizio ideal baten edo trantsizio kriminalizatu baten artekoa. Trantsizio kriminalizatuaren eta gerra zibilaren artekoa baizik». Hala onartu omen zuen Yegor Gaidar Errusiako lehen ministro izan zenak, SESBen erorketaren osteko noraez eta kolapso egoeraz. Goi nomenklatura komunistatik ateratakoa, estatuak gidatutako ekonomia batetik merkatu-ekonomia baterako trantsizioa kudeatu zuen ‘talka-terapia’ entzutetsuaren bidez.

Ezaguna da Naomi Klein kazetari eta idazlearen shock doktrinaren teoria. Botere ekonomikoak krisi bortitz bat edo egoera traumatiko bat erabiltzen du erreforma ekonomiko basatiak martxan jartzeko. Kolpearen ostean jendea beti delako esanekoago, otzanago, eta bestela onartuko ez lituzkeen erabakiak onartzen ditu shock egoeran. Bada, ildo horretan, Boris Jeltsinen gobernuak prezioak eta kanpo merkataritza liberalizatu zituen, estatuaren enpresa estrategiko nagusiak arrautza dozena baten prezioan saldu eta ustelkeria sozial orokortu bati eman zitzaion bide. Ondorioa, %2.600eko inflazioa. Gizonezkoen bizi-itxaropena 65 urtekoa izatetik 58koa izatera igaro zen bost urtean. Mesfidantza soziala barreiatu zen, indarkeria eta kriminalitate tasak biderkatu, eta urteetan sobietar uniformea jantzi zuen botere-egitura tipologia sozial berri batek ordezkatu zuen, energikoagoa eta biziagoa zena eta diruaren alde borrokatzen zuena: oligarkiak. Shock gordina.

Norbere energiak eta talentuak kolektibotasunera bideratu beharrean, arte berri bat jaio zen, norbere funtzioak merkatuan pribatizatzearena. Hala, Poliziak eta mafiak ‘segurtasuna’ saltzen zuten taberna, jatetxe eta diskoteketan, eta berdintsu egiten zuten beste botere eremu batzuetan ere: epaileek sententziak saltzen zituzten, funtzionarioek esleipenak eta irakasleek gaindituak edo nota onak. Alegia, ustelkeria, kontratu handien adjudikazioan ez ezik, eguneroko bizitzaren zirrikiturik ñimiñoenean ere sartu zen.

Gizarte batek hamarkadetan errotutako pentsamolde eta ohiturak zartatzen direnean zer gerta litekeen erakusten digu SESBen erorketaren kasuak; ziur aski historikoki gertuen daukagun kolapsoaren lekukotza da. Hor ikus liteke mundu mailako inperio handi eta loriatsuena ere arpila daitekeela, estatuaren autoritatea beti dela aldagarri, eta gaur ezagutzen dugun mundua, natural eta berezko, bihar izan litekeela denok denon aurkako gerra orokortuaren agertoki.

Aspaldi dator ekologismoa zentzu horretan ohartarazpena egiten: edo trantsizio ordenatua edo basakeria globala. Inoizko udarik beroenean helmuga berriak programatzen dira aireportuetan, Kolonbian gobernu aldaketarekin ostera ere lurra zulatzeko proiektuei argi berdea ematen zaie… Eta zuri ezinegonezko listua irenstea dagokizu, ea beranduegi ote den, ea zer etorkizun, ea zer Euskal Herri mende erdi barru, ea zer trantsizio etorriko den glaziarrak urtzen eta enpatia izozten ari den mundu batean.

Bide adeitsuen leherketa

Duela hilabete batzuk izan nuen Alfred Herrhausenen historia kontatzen duen telesaila ikusteko aukera, Herrhausen. Der Herr des Geldes (Herrhausen. Diruaren jauna). 1980ko hamarkadako Herrhausen bankariaren ibilerak kontatzen dira telesailean. Deutsche Bankeko buruetako bat bera, liberal konbentzitua, SESBen erorketaren ondoren Ekialdeko herrialdeentzat trantsizioa egiteko bestelako bide orri bat proposatu zuen, arinagoa, gozoagoa. Merkatu-ekonomiara ekarriko zituzten, bai, baina mailegu merkeen bidez eta estrategia antolatu baten pean, modu pribatu kaotikoan baino. Nolabaiteko Marshall plan baten aldekoa zen, ondorio sozial eta ekonomiko lazgarrienak saihesteko, eta etorkizunean Ekialdeko Europarekin elkarlanerako lur emankor bat ereiteko.

Gastua kontsumora osoki bideraturik egon beharrean, azpiegiturak modernizatzea, ekonomia produktiboa finantzatzea eta garapen estrategia oso bat bultzatzea defendatu zuen, alegia, kapitalismo leunago bat, bloke sozialistaren porrotaren aurrean dotoreziaz jokatzen jakingo zuena. 1989an hil zuten Alemanian, New Yorken bere ideiak defendatzeko eman behar zuen hitzaldi bat baino egun batzuk lehenxeago. Garaiko komunikabide nagusiek RAF talde komunistari egotzi zioten hilketaren ardura, baina asko izan dira atzean Mendebaldeko zerbitzu sekretuen eskua ikusi dutenak. Nolanahi den, Ekialdeko Europari Gerra Hotza galdu izana ordainarazi zioten, trantsizio kaotiko, gogor eta basatiaren forman. Gaur gerra dago Ukrainan, eta Ekialdeko Alemanian eskuin muturrak irabazten ditu hauteskundeak, hamarkadetako abandonuarekin eta Alemania barruko desberdintasunekin haserre.

Herrhausen ez zen alderdi sozialista edo sindikatu bateko burua, Alemaniako finantza-sistemaren bihotzean aritzen zen banku bateko burua baizik; eta, hala ere, defendatu zuen posible zela kapitalismoaren barnean forma justuago batean aritzea, egonkortasun politiko eta sozialak mantenduz. Aldaketa sozialean sinesten dugunontzat ez da agian posizio erotikoena, ez eta epe luzerako egiturazko konponbide bat ere. Baina termometro guztiak errekorrak hausten ari direnean, zientzia ezin argiagoa denean eta arriskuak hain handiak, faltan botatzen dira eskuineko giroetako think tank eta enpresa mundutik razionalak eta zentzuzkoak diren bide orriak defendatuko dituzten ahotsak, CO2 isuriak errotik murrizteko konpromiso argiarekin.

Argia eta ikatza

José Martík bere bertso sinpleetan (1891) zioen: «Todo es hermoso y constante,/ Todo es música y razón,/ Y todo, como el diamante,/ Antes que luz es carbón». Bertso ezagun horrekin, Martík erreferentzia egiten zion gauza ederrak eraikitzeko zailtasunari, argiaren aurretik ilunpean jardun beharrari. Ez dakit zer pentsatuko lukeen idazle kubatarrak bere herrialdearen egungo egoera ikusiko balu, hamarkadetako blokeoaren unerik gordinenetakoan, diamantearen argia laztantzetik urruti. Zerutik horren urrun, inperiotik horren gertu. Izan ere, trantsizio gogor eta desordenatuak ez dira XX. mendeari esklusiboki dagozkion pasarteak. Antzeko errezetekin ordainarazi nahi diote Kubari hamarkadetako insubordinazioa: shocka, lehenbizi; merkatu erreforma neoliberal gogorrak, ondoren. Ez krediturik, ez zorraren kitapenik, ez merkatuaren aldeko erreforma patxadatsurik eta, noski, ez burujabetzarik. Shock doktrina.

Kubaren kasuak urteetan liluratu izan du nazioarteko ekologismoa. Aztarna ekologiko oso baxuarekin gai izan baitira biztanleriaren oinarrizko beharrak asetzeko. Lortu zuten 1990eko hamarkadan sobietarrek ematen zieten petrolio eta gas hornidura barik aurrera egitea. Galdera da ea orain lortuko ote duten ekonomia fosil batetik ekonomia elektriko baterako trantsizioa egitea, justizia sozialarekin orekan, edo kontrara, inperioak lortuko duen shock gordina aplikatzea. Ea bidea izango den ikatzetik argira edo argitik ikatzera.

Oraingoz, Kubako presidente Miguel Díaz-Canel Bermúdezek onartu du herri kubatarrak jasan behar duen salbuespen iraunkorra; 30 ordutik gorako itzalaldiak eta, gehitu genezake, Mendebaldeko herrialdeen isilaldiak. Ebakuntza bat egiteko itxaron-zerrenda 100.000 pertsona ingurukoa da, eta horietatik 12.000 haurrak dira. Trantsizio behartu bat, edozein kasutan, non herritarrek erresistentzia gaitasun handia erakutsi behar duten egunerokoan. Beste behin, dilema ez da trantsizio ideal baten eta trantsizio behartu baten artekoa, trantsizio behartu baten edo kanpo-inbasio baten artekoa baizik.

Hondeamakina

Ekonomia fosil eta industrialaren alde apustua egin izanak lagatzen du bere aztarna espazioan. Hamaika dira gaur Deba bailaran ikus daitezkeen lantegi abandonatuak, garai batean fundizio, garai batean Lambretta ekoizle edo garai batean josteko makinen fabrika. Gaur belar txarrek, kristal apurtuek eta kalitate eskaseko sinadura orotako margoketek janzten dituzte lur-sailok, norbaiten arreta eskatzen ariko balira bezala. Ez da bakarrik makinen burrunba ez dela gehiago entzuten bertako paretetan, ezpada langile izateko modu bat, bizimodu bat, desagertzen dela. Shock isil bat, agian?

Joera daukagu, gure iraganaren gainean pentsatu eta lan egin beharrean, hondeamakinak dena birrintzera sartzeko, bai fisikoan, bai memorian. Zuzen begiratu eta onartu beharrean, garai bateko asmo eta apustu izan zena edo estali edo utzikerian desegiten lagatzen dugu. Shock bat nahikoa zaigu aurretik zer genuen oroitu ez eta atrezzo postapokaliptiko bat gure egunerokoan naturalizatzeko; gure kasuan, 1980ko krisia eta birmoldaketa industrialak ekarritako shocka. Langabezia, heroina, biolentzia politikoa. Gogor jo zuen krisiak gure herrian, eta atera genituen ikasgai batzuk. Susmoa dut, krisiak gainjartzen eta nahasten ari diren sasoi kezkagarriotan, shock ezberdinak ilaran jartzen ari zaizkigula baita Euskal Herrian ere, jada txanda eskatuta izango balute bezala. Detroit kutsua duen Eibarko fabrika-auzo abandonatu bateko paretetan irakur liteke: begiak ireki zituen ezusteko hilotzak.

Esango nuke, ekonomia industrial batetik zerbitzu ekonomia baterako trantsizioa zangotrabatu zaigun bezala, ez dugula begi bistatik galdu behar industriaren itxieraren eta faxismoaren gorakadaren arteko korrelazio zuzena. Asko dira ehun industrial eta produktiboaren jaitsieratik hasi eta etorkinarekiko gorrotoaren hazkundera jauzi labur bat dagoela ohartarazten duten ikerketak. Langile klasearen zartatzea, lehenik; ahulenaren aurkako gerra orokortua, ondoren. Izan Ekialdeko Alemanian, izan Italian, edo izan Espainian, begiak ireki ditu ezusteko hilotzak. Izan bedi gure herrietako hondakin industriala ohartarazpen leku, talkaren biharamunak gehiengo sozialentzat ezer onik ekarriko ez duela gogorarazteko aire zabaleko museo bat. Shock doktrina. Shock gordina.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan