[Ondaretik] Diasporaren argi printzatuak

2026-09-14 Ondaretik

Aste honetan izan da Euskal Diasporaren eguna, 2015ean irailaren 8a aukeratu baitzen euskal komunitate globala ikusarazteko eta balioesteko. Aurten, Agirre Lehendakaria izan zuten gogoan Donibane Lohizunen izandako ekitaldi nagusian. Beste gai askorekin bezala, Jakinen ondarea ondo hornituta harrapatu du oroitaldiak: Yasmine Khrisek hartu du berriki hizpide diasporaren gaia ‘Egunen Gurpilean’en bere estreinaldian, Jakin 273-274.ean, eta zer pentsatua utzi ere bai bere begirada (niretzat) bestelakoarekin.

Diasporaren arrakala deitzen omen zaio jatorri beretik migratutako jendeak abegi-herrian osatzen duen komunitatearen eta jatorrizkoaren arteko nolabaiteko deskonexioari. Joaten dira atzerrira eta eurekin daramate orduko kultur giroa, eta urteak aurreratuta ere, kultur giro horrek jarraitzen du jatorrizko herriarekin lotua egoten, nahiz eta, berez, jatorrian aspaldi geratu den démodé. Esamoldeekin, kantuekin, dantza eta musika estiloekin, kanon estetikoekin… elementu ugarirekin ikus omen daiteke hori, Khrisek dionez. Blogetan, kazetaritza kroniketan eta sareko iruzkinetan arrantzatu du fenomeno hori, aldez edo moldez, Irlandara emigratutako nigeriar familia batean, jatorri jamaikarreko gazte estatubatuarrarengan, korear usamerikarrengan… Baita bere historia pertsonalean ere. Kulturalki fosilduta geratzen dira kontuok, eta migratutako komunitatearen eta jatorrizkoaren arteko bilakaeraren disonantzia erakusten dute.

Euskal Diaspora askotarikoa

Daispora baten osaeran ezaugarri asko eta, batzuetan, kontraesankorrak topatzen dira, bereziki hamarkada luzetan zehar hazi bada diaspora hori. Jatorri-herriaren bilakaera historikoak, abegi-herriarenak, migrazioa eragiten duen testuinguru sozial-politiko-ekonomikoak, migratuen asmo eta itxaropenak jatorrira itzultzeari begira… aldagai horiek eta gehiagok dute eragina osatzen den komunitatearen tipologian. Taxonomia xehea egin nahi gabe, euskal diasporaren bilakaerak konplexutasun hori ondo islatzen du, azken pare bat mendera mugatuta ere.

Adibidetarako, William Douglass antropologoak Jakin 90.ean argitaratu zuen ‘Euskal-amerikar nortasuna’ artikulua. Hor ikusten dugu XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran migratu zuten euskaldunen artean eskolatuak eta profesional zailduak zirenek Latinoamerikara jo zutela gehiago, gaztelania kontrolatzeak ematen zien erraztasunaren atzetik. Ondorioz, AEBtara iritsi zen migrante euskalduna klase baxuko eta eskolatu gabekoa zen nagusiki, zeregin oso zehatzean amaitu zuena: artzaintzan. Douglassek artikuluan xehetasun handiz kontatzen du euskal-amerikar komunitate horren bilakaera propioa, abegi-herriaren (arrazismoa, eskulan beharrak, asimilazio presioa) eta jatorrizkoaren dinamikek (36ko Gerra eta “gorri” izatearen susmoa, ETAren bortxaren oihartzun negatiboa) gurutzatua, eta komunitatearen ezaugarriek eurek baldintzatua. Horrela, ikusten da hasiera batean jasandako arrazismoari (“latino” mespretxuzko kategorizazioa, “black basco” gaitzizena) itzuri egin nahia eta autogorrotoa (ingeles eskasaren lotsa) bizi zituztela. Sare komunitarioari dagokionez, lehen hamarkadetako sakabanaketaren ostean, pixkanaka, euskal-amerikar nortasunaren produkzioa nola egituratu zen (euskal festen gorakada, Boiseko Basque Centerraren sorrera, Basque Studies Programaren irekiera Nevadako Unibertsitatean) ere erakusten du, fosilizazio kulturalaren eta diaspora arrakalaren zantzu garbiekin. Aldi berean, ordea, nortasun produkzioaren egituraketaren bitartez areagotzen da jatorri-herriarekin harremana ere, ordura artekoa baino modu biziagoan.

Nagusiki ekonomikoa izan zen migrazio horren alboan, jazarpen politikoari iheska joandakoen multzoa dago. 36ko Gerrari eta frankismoaren jazarpenari iheska joan ziren, hain justu eskolatuak eta gazteleradunak izaki Latinoamerikara, Martin Ugalde edo Julene Azpeitia. Guztiz bestelakoa da diasporaren adar horren bilakaera: bestelakoak kezkak, jatorrizko-herriarekiko harremanak eta integrazio-bideak. Azpeitiak ‘Mexico visto por una Vasca’ artikulu bikoitzean Mexikoren eta euskaldunen harreman partehartzea gogoratzen du konkistaren garaitik askapen nazionalaren borroketara, eta herrialdearen analisi soziologiko laburra egin ere bai. Ugaldek, berriz, bere obraren zati handi bat eskaini zion erbestearen gaiari. ‘Herriaren eta erbestearen arteko elkarrizketa (1936-1984)’ lanean, adibidez, herriaren eta 36ko Gerraren ondorengo erbeste politikoaren harreman kulturalak errepasatzen ditu, goi-kulturaren arloan batez ere. Guztiz bestelako posizio batetik daude eginak erbesteari eta diasporari buruzko gogoetaok, nabari denez. Bi adibide besterik ez dira, diasporaren konfigurazio poliedrikoan klaseak, kapital sozial eta kulturalak, erbesteratzearen motibazioak eta beste hainbat ezaugarrik hartzen duten pisuanera.

Ideia nagusia zera da: konplexuak direla diasporak, konplexuagoak diaspora eta jatorri-herriaren arteko harremanak, konplexuenak migratu eta erbesteratuen bizipenak eta biziraupen mekanismoak. Horregatik da hain interesgarria eragiten duten aldagaiak eta diaspora-komunitate desberdinen bilakaerak xehe aztertzea, Azpeitiak eta Ugalden euren kronikekin eta Douglassek bere etnografiekin egin bezala.

Arrakalei nola heldu mundu globalizatuan

Aldeak alde, erbesteko gogoeta guztietan, izan ikuspegi eta asmo politikodunetan edo popular-komunitarioagoetan (horiek guztiz bereizterik posible ez dela jakinda), nabaritzen da atzerriko giza-taldeen eta jatorri-herriaren arteko harremanen etorkizunari buruzko gogoeta, baita atzerri-herrialdeetako komunitateen nortasunari buruzkoa ere. Douglassek, adibidez, 90eko hamarkadako egoera tentuz begiratzen zuen: migrazio-joera apalduta, hizkuntza transmisioa (penaz, baina) ia galduta eta euskal kultura elementu gero eta komertzialago bihurtuta. Ez da gure lana hurrengo hiru hamarkadatan gertatu dena azaltzea, baina interesgarria litzateke halakorik irakurtzea.

Izan ere, 90eko hamarkadatik gurera oinarri-oinarrizko aldaketa gertatu da munduan. Kultura globalizatu bat eta bakarra ez bada ere, komunikazio sare erraldoiak jaso dira, lehengo mendeetan usaindu ere egin gabeko harreman sare birtuala eskainiz. Horrek nolako eragina duen diasporetan eta diasporaren eta jatorriaren arteko harremanetan, ikerketarako gaia da. Khrisek, adibidez, bere idatzian ikuspegi ugari atera ditu Reddit gizarte-saretik edo forotik, eta gogoeta bizi-bizia nabari da fenomenoaren inguruan, bai komunitate kulturalen baitan, bai komunitateen artean ere. Gogoeta bizia eta tentsioa, fosilizaziorako joerak kultur ondarea mantentzeko dauzkan alde onen, eta diasporako jendeari ondare-eramaile rolak sor dakizkiekeen bizipenen artean, askatasun faltatik pertenentzia sentsazioraino.

Polita da ikustea nortasun kulturalaren inguruko galdera ze argitan pizten den diasporaren kontuarekin, eta ze antzekotasun aurkitzen diren itxuraz hain desberdinak diren diasporetan. Nire ustez, gogoeta horiek guztiek erakusten dute ezetz, ez garela hain bereziak, eta aldi berean, baietz, interesgarria dela oso gure nortasunaren gorabera horiez galdetzea (nahiz eta batzuetan kargatu gaitzakeen). Espezialtasun bila paroxismora bezalaxe ikusi dugu jendea autogutxiespenera edo ukaziora lerratzen, euskal kontu zahar horiei ihes egiten. Horrekin hausten duelako egiten zait interesgarria Khrisek hartzen duen bidea. Gauza batzuk egingo zaizkigu kitsch xamarrak, edo zaharrunoak, edo nahi dena, baina auzo herriei begiratuz gero, ikusten dena da leku guztietan dabiltzala txakurrak oinutsik, eta jendea ahal duena egiten bere diasporaren arrakalekin. Horrexegatik, da garrantzitsua gure gauzak ere kartografiatzea: zenbat eta mapa zehatzagoak izan, orduan eta hobeto orientatuko baikara, bai gure nortasunari burzko galdera zaharberrietan (zer ekidin, zeri eutsi), baita gurean dauden hamarnaka migrante-komunitateren kezketan ere.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan