‘Arbaso Eguna’ aurkeztu dute, euskal pentsamendua eta rol-jolasa uztartzen dituen «artefaktu ludikoa»

Jakin Fundazioarekin elkarlanean garatu da egitasmoa, eta 'Jakin beharreko 222 esaldi' liburuxkako esaldiak erabili dira tresna-kartak egiteko.

2026-09-11 Albisteak

Euskal pentsamendua eta rol-jolasa uztartuz, klima-larrialdiaren garaian etorkizun positiboagoak elkarrekin irudikatzeko sortutako «artefaktu ludikoa» da Arbaso Eguna. IKERTZE kultur elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sortu dute proiektua, Batuz Gizarte Fundazioaren lankidetzarekin eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Jakin Fundazioarekin elkarlanean garatu da egitasmoa.

Jolasaren muinean bertan dago Jakinen eta Arbaso Egunaren arteko lotura: Jakin beharreko 222 esaldi liburuxkatik hartutako aipuak erabili dira jolasaren tresna-kartak osatzeko. Horrela, irakurritako ideiek beste bizitza bat hartzen dute jolasean, eta transmisioari zein pentsamenduari bide eta formatu berriak zabaltzen zaizkie.

Ostiralean aurkeztu zuten egitasmoa Avileseko Klimaren Biurtekoan, eta irailaren 19an Donostiako Tabakalerako Medialaben aurkeztuko dute. Webgune bat ere zabaldu dute eta bertan aurki daitezke egitasmoaren xehetasun guztiak.

 

Etorkizuna elkarlanean irudikatzen

Etorkizun positiboagoak elkarrekin irudikatzeko eta haietara iristeko bideak esploratzeko aukera zabaltzen du Arbaso Egunak, eta rol-jolasaren eta narrazio partekatuaren bidez lantzen ditu erronka ekosozialak.

Pertsonaia, karta, dado eta elkarrizketa bidez, parte-hartzaileek etorkizuneko komunitate bat irudikatzen dute, eta atzera begiratzen dute hara iristea ahalbidetu zuten pertsonen istorioak kontatzeko. Pertsonaiek balioak eta tresnak dituzte eskura, baina hainbat oztopo aurkituko dituzte. Izan ere, etorkizun hobeak irudikatzeko bidean, jolasak erabaki zailak, ustekabeak eta aliantzak txertatzen ditu kontakizunean, zailtasunak eta desadostasunak lantzeko asmoz.

Mahai-jolasa «belaunaldien arteko elkargune» gisa ulertzen du proiektuak, aurreko belaunaldien memoria, gaur egungo kezkak eta ondorengoen bizi-baldintzak mahai berean elkartzen baitira. Horiek horrela, adin, jatorri eta esperientzia desberdinetako pertsonek elkarrekin sortzen dute istorioa, bakoitzaren ekarpenetatik abiatuta.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan