2026-07-08 222 esaldi
«Kultura baten indarra ez datza besteekiko bateraezintasunean, horiek batzeko duen gaitasunean baizik, horietan desegin gabe aberasteko eta, horien berezitasuna ukatu gabe, horiei bere arnasa emateko duen gaitasunean.».
Cugno, Agnès (2021): ‘Indarkeria eta identitate politikoa’, Jakin 237-238, 97-109.
Agnès Cugno (Paris, 1971). Goi Mailako Arauzko Eskolako filosofiako irakasle agregatua eta ikasle ohia da (Fontenay-St Cloud, 1992-1996). Filosofian doktorea da Paris IV Sorbonneko unibertsitatean, Makiavelori buruzko doktorego tesi batekin. Poitiersko unibertsitatean (1996-2001) eta Poitiers eta Bordeleko lizeoetan (2001-2011) irakasle aritu ondoren, ordutik Baionako René Cassin lizeoan irakasten du. Hainbat liburu argitaratu ditu: besteak beste, La matière et l’esprit (Ellipses, 2006), Apprendre à philosopher avec Machiavel (Ellipses, 2009) eta Focus sur le Prince de Machiavel (Ellipses, 2012). Hainbat itzulpen lan ere egin ditu, eta baita hainbat artikulu argitaratu ere (Études eta ‘Jakin’ aldizkarietan, besteak beste). 2005etik Biarritzeko Café philo-ren saioetan hartzen du parte.
Liburuxkako aipua 2021ean argitaratutako Jakin-en 237-238. zenbakitik dago aterata. Joxe Azurmendiren pentsamendua du oinarri zenbakiak; izan ere, 2019ko abenduaren 11, 12 eta 13an Donostiako San Telmo Museoan egin zen Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuan egindako hitzaldiak idatziz biltzen ditu (hitzaldi guztiak ikusgai dituzue, hemen: Joxe Azurmendi kongresua 2019).
Testu horien artean dago Agnès Cugnoren ‘Indarkeria eta identitate politikoa’ artikulua. Azurmendiren Indarkeria eta balio berrien bilaketa saiakeratik abiatuta, identitatearen birdefinizioa posible dela adierazten du Cugnok, norbere buruaren interpretazio librea den heinean, posibilitate kultural eta politikoen matrize infinitua dela nabarmenduz.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.