2026-07-02 222 esaldi
«Zergatik ez dago klasea hezkuntzaren diskurtsoan? Esango nuke klase desparekotasuna naturalizatuta dagoela. Agian ‘klase itsutasunaz’ ere hitz egin genezake».
Barquín, Amelia (2017): ‘Euskara, generoa, klasea eta jatorria eskolan. Zenbait gogoeta’, Jakin 221-222, 107-130.
Amelia Barquín (Bilbo 1965). Filologia Erromanikoan doktorea da. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea da; ‘Kulturarteko hezkuntza’ eta ‘Generoa eta hezkuntza’ ikasgaiez arduratzen da Irakasle Ikasketetan eta EKOMU masterrean. Hainbat argitalpen plazaratu ditu eta hainbat mintegi, ikastaro eta hitzaldi eskaini ditu bere ikerketa lerro nagusien inguruan: kulturarteko hezkuntza, ikasle etorkinen trataera, hizkuntza eta generoa, hezkuntza eta generoa, sefardien literatura, besteak beste.
Euskara, generoa, klasea eta jatorria gurutzatzen diren lekua izenburupean egin genuen 2017ko Jakin Jardunaldia, eta bertan ahoz gora pentsatutakoa dakar paperera Jakin aldizkariaren 221-222. zenbaki bikoitzak. Hizkuntza, genero, klase eta jatorriaren elkar harilkatze, lotze, nahaste eta gurutzatzeak aztertzen dituzte hainbat adituk zenbakian, elkarguneko feminismoaren pentsamendu eta praktika lerrotik abiatuta. Artikulu horien artean dago Amelia Barquínen ‘Euskara, generoa, klasea eta jatorria eskolan. Zenbait gogoeta’ testua, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua.
Eskolak euskara, generoa, klasea eta jatorria kudeatu behar dituela iritzita, horretarako dauden zailtasunak eta erronkak aztertzen ditu Barquínek. «Jakina da eskola aniztasunaren eremua dela (hori da behintzat eskola inklusiboaren paradigma); baina bada, halaber, desberdinkeriaren eremua», dio artikuluan, eta gehitzen du segregazio eta sailkapen ekonomikoaren eremu ere badela.
Hezkuntzak klasearen auziari bizkar ematen diola salatzen du Barquínek, eta, era berean, euskararekin ere etorkinei «iruzurra» egiten ari garela iradokitzen du: «Euskararen defentsaren izenean, jatorriaren aniztasuna arbuiatzen da, eta norberaren klase sozialekoekin elkartzeko estrategia bihurtzen da?». Generoaren ikuspegitik ere, errealitate horren gordintasuna agerian geratu delakoan dago. Horrekin batera, eskola patriarkatu ezberdinak elkartzen diren eremua ere badela oroitarazten du.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.