2026-06-03 Albisteak
Jakinek eta Naiz osatzen duten komunikabideek lankidetza hitzarmena sinatu dugu gaur, Martin Ugalde Kultur Parkean, «bi erakundeen arteko elkarlana antolatu eta areagotzeko» xedez. Joanmari Larrarte Jakin Fundazioko lehendakariak eta Ane Urkiri Naizeko zuzendariak izenpetu dute elkarlanerako hitzarmena, «euskarazko pentsamendu kritikoa sortu, gizarteratu eta ikusgarritasuna ematea» bultzatzeko.
Euskal erreferentzia kultural eta intelektualak ezagutaraztea ere izango dugu helburu, baita euskara ez dakiten euskal herritarrei erreferentzia horiek helaraztea ere. Orokorrean, «eztabaida publikoaren maila hobetu eta hori pentsamendu autozentratuaren ildoan bideratzea» bilatuko dugu elkarlanarekin, eta hori guztia lortzeko, kazetaritza transmedia baliatuko dugu.
Naizekin sinatu dugun hitzarmenak Jakinek urtetan josi duen lankidetza sarea are gehiago elikatzen du. Sare horretako hedabideen multzoa osatuko du horrela, Berria, Hamaika TB eta Euskadi Irratiarekin batera, eta gure edukiek irismen handiagoa izan dezaten lagunduko du.