Mendi magikoa – Jokin Bergara

2026-05-14 Egunen gurpilean

Mendiaren deslilura

Mendia maite duen edonork bizi izan du noizbait arrisku sentsazioa. Goizeko eguzki argitan atsegin eta eder agertu arren, minutu gutxi batzuetan ekaitza sartu eta beldurgarri agertzen ere badaki. Goizean lagunkoi eta adeitsu jokatu duenak gauean arrotz eta oldarkor joka dezake, eta hain justu horregatik erakartzen gaitu elementu kontrolaezin horrek.

Jakin-mina pizten du mendia kulturalki ulertu izan den moduaren bilakaerak. Jainkoak eta izaki misteriotsuak bizi ziren toki itsusi, arriskutsu eta mespretxagarria izatetik, abenturarekin, poesiarekin, gaztetasunarekin eta aberastasunarekin lotutako toki izatera pasa zen Industria Iraultzaren garaian. Goethe, Schiller eta gainerako alemaniar erromantikoek lagunduta, mendiaren esanahi kulturalak aldatu ziren, erronkaren, maitasunaren eta bizi-esperientziaren toki pribilegiatu bilakatzeraino.

Dena den, magiaren eta liluraren berpizte abenturazale horrez gain, mendiaren ulerkera ez zen salbuetsita egon dena kontrolpean izateko joera modernotik. Mundu modernoak bazterrik sakonena edo gailurrik garaiena ulertu, integratu eta etxekotzeko zuen bulkada razionalak munduaren deslilura hedatu zuen kontrako norantzan, joera zientifiko, razionalista eta neurtzailearen arrastoan. Ez alferrik, hazten eta hedatzen ari zen ekonomia kapitalistari ere ondo zetorkion itxuraldatze hura, Potosíko zilar guztia edo askotariko meategiak ustiatzea leku sakratu bat profanatzearen zentzutik aldentzen baitzuen, eta mendia, leku sorgindu eta arriskutsu hura, aise bilaka zitekeen harrobi edo meategi.

Kuadrilla bitxia batu zen, bada, mendiaren deskubritze eta esplorazio modernoan. Alde batetik, ingeniariak, enpresariak, geologoak eta kartografoak, eta, bestetik, poetak, artistak eta mendiaren handitasun arriskutsuarekin begiak liluratu nahi zituzten guztiak. Zenbakiak eta formulak, adar batean; ipuinak, bertsoak eta poemak, bestean. Biak ere mendiarekin harremantzeko modu berriak, modernitatearen enbor beretik ateratakoak.

Izan ere, zentzu kolektiboak josten ere lagundu zuen mendiaren ulerkera berriak. Euskaldunon kasuan, jazarpen politikoak harrapatzen ez zuen eremu bezala ulertuta, mendi taldeek, haien txango, martxa eta urteroko jardunarekin, ikuspegi ez-lehiakor, elkartasunezko eta kooperatiboak zabaltzen lagundu zuten. Mendian hitz egin zitekeen hirian edo herrian hitz egin ezin zitekeenaz. Ezagut zenitzakeen hirian ezagutuko ez zenituzkeen pertsonak eta konspira zenezakeen munduaren eraldaketaren erronkari ekarpena egiteko asmoz.

Davos

Badago urtarril aldera arreta berezia ematen duen Alpeetako mendi magalean herrixka bat, Davos. Munduko elite ekonomiko eta politikoa biltzen da urtero hiri suitzarrean. Garaiko pertsonalitate ospetsuenek egun batzuez eztabaidatzen dute munduaren norabidearen inguruan, Alpeetako mundu sorginduak dakarren patxadaz. Azken urteetan, han ikusi ditugu munduaren teknoazelerazio desarautuagoa eskatzen duten pertsonaia xelebre boteredunak, baina baita klima aldaketaren, gerraren eta muturreko desberdintasun sozioekonomikoen arriskuak arintzearen alde dauden nazioarteko ahotsak ere. Proiektu ilustratu sozialdemokrata batean sinesten duten aurrerakoiak, batzuk; nihilista erreakzionarioak, besteak. Ikuspegi talka horrek harridura eta samurtasun apur bat eragiten du, Thomas Mannek jada 1920ko hamarkadan fikzionatu baitzuen modernitatearen sakoneko talka ideologiko hori, Mendi magikoa literatur obra bikainean.

Europar burgesia eta aristokrazia tuberkulositik sendatzeko osasun-etxe ospetsu bat egon zen Davosen. Bertan, europar eliteetako kideek Alpeetako haize garbia, janari osasuntsuak eta terapiarik aurreratuenak zeuzkaten eskura, ustez gaixotasuna gainditzeko modurik eraginkorrena zirelakoan. Nazionalitate orotatik etorririko gaixoak biltzen ziren bertan, lur-jabeak, artistak, enpresari handiak edo familia aberatsetako seme-alabak. Guztiak ere modernitatearen etorrerarekin zoratzen ari zen elite europar baten parte. Koadro soziologiko bitxia aurkezten zen haize garbi bila zebilen Davosko osasun-etxean, eta Mannek usaimen literario handiz agertoki hori baliatu zuen hiltzen ari zen elite baten dekadentziaren berri emateko.

Settembrini eta Naphta pertsonaien bidez, garaiko ideologia eta ikuspegi nagusiak jarri zituen talkan, zientzia eta arrazoimena, batetik, eta sena eta boterea, bestetik, gizarteak zer egin behar duen adieraziko dion Aita autoritario baten beharra duela aldarrikatzen duena. Garapenaren ahalmenean fede itsua ala komunitate erlijioso kontrolatzaileetara buelta errepresibo bat.

Davosko osasun-etxeak, Mannentzat, goi kulturaren eta behe kulturaren arteko talka adierazten du. Mendian dauden horiek, goi kulturadunak, bailarako jendearekin kontrajartzen dira. Goi kultura bere burbuila propioan murgilduta legoke, eta behe kultura lokatzetan borrokatzen. Alegia, mendi orok bailara bat behar duen bezala, behar du bikaintasunak mediokritatea. Baina, hain justu, Mannen istorioan, goian daudenak dira akabatuta leudekeenak, modernitatearen abiadura azkarrari eutsi ezinik. Bikaintasunak eskatzen duen lasaitasuna eta dedikazio intelektual erabatekoa ez datoz bat aurrerakuntza teknikoaren, eraginkortasunaren eta etekin ekonomikoaren bilaketa lehenesten duen munduarekin. Han goian, egun guztiak dira berdinak; edo, alderantziz, balirudike urteak pasa arren egun berberean harrapatuta daudela.

Mendia ez da soilik elementu geografiko modura agertzen, edo hiriari kontrajartzen zaion espazio bezala ulertzen. Denbora ere geldi doa bertan; Hans Castorp protagonista gaztea Davosko osasun-etxera sartzen da hiru astetan etxera itzultzeko asmotan, eta azkenean zazpi urte igaroko ditu han. Castorp fisikoki aldatzen eta zahartzen doan arren, ez da heldu bilakatzen; denboraren joan geldo eta motela besterik ez da gertatzen han goialdean, gerra-hotsak entzun eta Lehen Mundu Gerran borrokatzera jaitsi behar den arte.

Gure mendi magikoa

Ez dakit eleberria 2020ko hamarkadako euskal lurraldeetan kokatu beharko bagenu zein litzatekeen agertoki aproposena. Arantzazu? Anbotoko magala? Hiru Erregeen Mahaia? Aralar? Agian martxan dauden eta ospetsuak diren bainuetxeetan inspira gintezke ere, Zestoan edo Elgorriagan. Zalantza dut baita ere goi kultura eta behe kultura kontrajartzeko zein pertsonaia aukeratu ahalko genituzkeen: euskaraz aritzen direnak? Madrildik eta Paristik arnasa bila datozen eliteak? Agian ez horren mendi garaietan, ez bailara hain sakonetan, tarteko altuera batean kokatu beharko genuke euskal mendi magikoa, hiritik naturarako trantsizio desordenatu horretan.

Garaian tuberkulosiaren sendatze bidea abiatu nahi zuten bezala, irudika genezake gaurko gaixoa depresioak edo antsietateak jota etortzen mendi magikoko osasun-etxera, geldotasun eta arnasa bila, gero eta azkarrago mugitzen den mundu hiperkonektatutik ihesean. Era berean, gure osasun-etxea erreformetan irudikatuko genuke, denboraren joanak dakartzan arrakala eta itoginak eutsi nahirik, euskarari eta euskal kulturari arkitektura berritu bat bilatu nahian balebil bezala. Argitu beharko genukeen kontuetako bat da, literarioki interesgarriena, ea, Mannen pertsonaiek ez bezala, sendatu nahi ote dugun edo berdintsu jarraitu, gure gaixotasunean eroso.

Menditik bailarara

Urrun-urrunean entzuten ziren euskal kostaldetik Loiura bidean pasatzen ziren hegazkinen zaratak. Beste arratsalde bat, pentsatu zuten, gaur trafiko gehiago nabaritzen da, opor sasoia bertan dago. Bainu-etxeko terrazan eserita zeuden Haritz eta June, begi bat aurrera eta bestea ondokoari begira, ea gaurko eztabaida nork hasiko. Nekatuta sumatzen zuten beren burua, egunero sare sozialetan sortzen ziren zurrunbiloetan murgiltzeko joera zeukaten, nahiz eta medikuak behin eta berriz galarazten zien konexio digitalerako edozein sarbide.

– Aizu, atzo entzun nuen zuen gobernu progreak martxan jarri nahi duen azken neurria –bota zuen Haritzek tonu desafiatzailean–. Auto pribatuan ezingo dela bakarrik joan, eta Ertzaintzak kontrolatuko duela urtean herritar bakoitzak sortu duen aztarna ekologikoa, isun handien mehatxuarekin… Inoiz halakorik!

– Noiz utziko diozu sasikazetaritza irakurtzeari, Haritz? Ziur nago hori ere jatorri susmagarriko azken tabloidetik atera duzula. Ez al zineten zuek gezurra bekatua zela defendatzen zenutenak?

Haritzek hasperen egin zuen, azalpen luze bat behin eta berriz eman arren, berriro abiatzeko prestatzen den irakaslearen antzera.

– Zuek beti zabiltzate berdin, June, daukanarekiko inbidiatan, ezer sortzeko kapaz izan ez denaren frustraziotik. Baina, lasai, zuen ideia zaharrunoak historiaren zabortegira doaz pixkanaka, jendea konturatzen ari da etika berria zabaldu nahi duten apaiztxo batzuk baino ez zaretela, denbora kontua besterik ez da.

– Jarrai ezazu matraka berarekin nahi baduzu, baina gu bitartean herri hau indartzen ari gara, alternatiba oso bat eraikitzen. Beti gidatu duzue zuek, ez zarete aspertu? Utzi orain besteoi hobeto egiten.

Erizainak etorri ziren biak gurpildun aulkian hartu eta Ekialdeko erlaxazio tekniken arratsaldeko saiora eramatera. Makinak entzuten ziren eraikin barruan obretan, ez zuen laguntzen haien sendabidean. Jada baziren zazpi urte horra gora iritsi zirela, eta obra bat bukatu bezain pronto beste bat abiatzen zuten. Itxuraz, osasun-etxeko zuzendariak hezetasun eta itogin guztiak kontrolpean izan nahi zituen, askotan esan zioten arren klima euritsu batean ezinezkoa izango zela eraikina erabat isolatzea. June eta Haritzen arteko eztabaidak errepikakor bihurtzen ari ziren, pentsatzeraino hil ala biziko duelu batek ez beste ezerk konpondu ahalko zukeela disputa eternoa. Dena den, goizero bilatzen zuen batak bestea, ea zer zekarren berritik.

Bien bitartean, beste egun batez ezkutatu zen eguzkia goiko gailurretan. Linterna batzuk ikusten ziren, Bilboko ingeniari talde bat atera omen zen goizetik osasun-etxea gorago eraman asmotan zegoen proiektuaren harira. Oraingo honetan gauean sortzen ziren baldintzak neurtu behar omen zituzten, laster lanei bide emateko. Osasun-etxeko zuzendariak zioen geroz eta aire kutsadura gehiago iristen zela bailaratik, eta, haize garbia nahi bazuten, gorago joan beharra zegoela.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan