2026-04-30 Albisteak
Iazko Jakin Jardunaldiko hitzaldia abiapuntu hartuta, lankidetza publiko-komunitarioaren gakoak azaldu ditu Arianne Kareagak Jakin-en 273-274. zenbakian argitaratu duen ‘Lankidetza publiko-kooperatiboa: eredu eta tresna praktikoa‘ artikuluan. Eredu horretan gehiago sakontzeko asmoz, lankidetza mota horren oinarriei, ezaugarriei, adibideei eta erronkei buruz aritu gara Kareagarekin Euskadi Irratiko Jakingunean.
Azaldu duenez, lankidetza publiko-komunitarioa «administrazio publikoan, kooperatiben eta komunitatearen arteko elkarlan egituratua» da, eta eredu horretan interes orokorreko proiektuak elkarrekin pentsatu, erabaki eta kudeatzen dira. Elkarlan mota hau berria ez den arren, praktiken «gaurkotze ariketa bat» planteatzen du, «egungo erronka sozial, ekonomiko eta ekologikoetara egokituta».
Proposamen horrekin «bizitza duinak eta lurralde bizigarriak eraikitzea» bilatzen dutela dio; horregatik, lankidetza publiko-kooperatiboa formula hutsetik harago, «ikuspegi politiko eta sozial argia duen proposamen» gisa ikusten dute. Eredu horretan aurrera egiteko bidean, aurkitzen duten zailtasun edo erronka nagusia da, «ereduaren ulermena zabaltzea, publiko-pribatu dikotomia mentalarekin haustea, zailtasun juridikoei irtenbideak bilatzea, eta lurralde bakoitzean proiektuak gidatuko dituzten subjektu edo kolektibo sendoak sortzea». Horrez gain, denbora, konfiantza, eta ikasketa kolektiboa behar direla nabarmentzen du Kareagak.
Lankidetza publiko-kooperatiboa proiektu isolatu izateari utzi eta eredu egonkorra izateko, «politika publikoen babesa, arau-marko egokiak, esperientzien sistematizazioa, eta komunitatearen inplikazio jarraitua» behar dituela azaldu du, horiek izango baitira eskalatzeko eta sendotzeko oinarriak.
Erronka handia da, baina Kareagak argi du: lankidetza publiko-kooperatiboa tresna praktiko eta eraldatzailea da, publikotasuna, ekonomia eta demokrazia beste modu batera pentsatzea ahalbidetzen duena.
Entzun erreportajea osorik, hemen: Arianne Kareaga, lankidetza publiko-kooperatiboaz.
