2026-04-29 Albisteak
Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen. Horixe izan zen iazko Jakin Jardunaldiko izenburua, eta bertako hitzaldiak abiapuntu hartuta ondu dugu Jakin-en hurrengo zenbakia, Jakin 273-274: Komunitateari begirako kooperatibismoa. Dagoeneko inprentan dago, eta maiatzean izango duzue esku artean.
Urtero bezala Usurbilgo Udalarekin eta UEUrekin batera antolatu genuen jardunaldia, eta ikastaroaren diseinu eta antolaketan Olatukoopeen eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiaren laguntza izan genuen. Besteak beste, kokapen teorikoa, proiektu kooperatiboen eta instituzioen elkarlanerako erronkak eta herri kooperatibak eta praktika kooperatibo eraldatzaileak landu genituen.
Izan ere, kooperatibismo eraldatzaileaz eta egitasmo publiko-komunitario-kooperatiboaz gogoeta egitea genuen helburu, baita haren pentsamendu-oinarriez eta Euskal Herriko zenbait praktikak eskaintzen dituzten eredu eta irakaspenez hausnartzea ere. Eta horixe egin genuen bi egunez Usurbilen. Horrez gain, jardunaldia Euskal Herri osoan zehar kooperatibismo eredu honi heltzen dioten hainbat proiekturen topaleku eta erakustoki bihurtu nahi izan genuen, esperientzia-truke azoka moduko batean.
Jardunaldiko hitzaldi guztiak ikusgai dituzue Jakinen webgunean.
Hitzaldi horietako batzuk bildu ditugu idatziz Jakin-en 273-274. zenbakian. Hala, zenbaki honek, Jenofa Berhokoirigoinek Anna Gabriel kooperatibista kataluniarrari egindako elkarrizketa mamitsuaren ondoren, Enekoitz Etxezarreta, Arianne Kareaga, Ion Muñoa, Aitor Bengoetxea, Iker Eizagirre eta Beñat Irasuegiren ekarpenak dakartza, printzipio eta gogoeta teorikoenak eguneroko praktika eta ekimenekin lotutako azalpenekin konbinatuz.
Zenbakiaren atarian, Jabier Muguruza musikari eta idazlea elkarrizketatu du Itziar Ugartek Jakin filosofatzen sailean, eta, amaieran, Egunen gurpilean sailean, Yasmine Khris Maansri kazetari eta itzultzailearen estraineko lankidetza dator Jokin Bergararenarekin batera.