2026-04-22 222 esaldi
«Demografiak ez du zenbakiez hitz egiten, pertsonez eta horien bizi baldintzez baizik. Zahartze demografikoari begira, beste herrialde batzuetatik etorritako emakumeak ari dira batez ere zaintza lanak betetzen, askotan esklabotza egoeran; eta guk, gizarte bezala, hori sostengatzen dugu».
Luxán, Marta (2022). ‘Irakurketa demografiko bat: kopuruetatik bizitza duinetara‘. Jakin Jardunaldia, Usurbil, 2022-07-07.
Marta Luxán Serrano (Bilbo, 1970). Soziologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Demografian doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea, ‘Ikasketa Feministak eta Generokoak’ masterreko arduraduna eta AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko zein Seminari Interdisciplinar de Metodologia de Recerca Feminista taldeko kidea da. Mugimendu sozialak, gai demografikoak, ikerketa metodologia feminista dira bere ikergai nagusiak. Hainbat argitalpen ditu: besteak beste, LGBTQI+ in the Basque Country (Center for Basque Studies, 2020; Jone M. Hernández eta Xabier Irujorekin batera), Euskal Herriko gizarte-mugimenduak pandemia garaian. Egoeraren ondorioak, egokitzapenak eta eszenatoki berriak (EHU, 2022; askoren artean) eta Entre cuentos y cuentas: diálogos entre feminismos y estadísticas (EHU, 2023; Jordi Bonet-Martí eta Barbara Bigliarekin batera).
2022ko Jakin Jardunaldian hartu zuen parte Luxánek, Usurbilen. Euskal Herria 2040: demografia, lurraldea, zaintza eta hizkuntza izenburua hartu zuen jardunaldiak, eta 2040ko Euskal Herria nolakoa nahi luketen imajinatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Aurreikuspen demografikoak lurraldeari, zaintzari eta hizkuntzari begira dituen erronkak aztertu zituzten, etorkizun desiragarri baterako pausoak irudikatzen ahaleginduz.
Uztailaren 7an hartu zuen hitza Marta Luxánek, ‘Irakurketa demografiko bat: kopuruetatik bizitza duinetara’ hitzaldiarekin, eta bertatik ateratakoa da liburuxkako aipua. Demografiari buruz aritzean zeri eta nola begiratzen diogun aztertu zuen hitzartzean, eta, horrekin batera, mito demografikoak, ugalkortasuna, eta bizitza duinak izan zituen mintzagai.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
