2026-04-16 222 esaldi
«Kultura batek edukiz eta formaz bereganatu ohi du bere tradizioa historikoki; baina, pertsonen sentieran, pentsaeran eta jokabide etikoan sustraitu ezean, hitzaren azalekoa baizik ez da mantenduko, zertarakoaren eta haren eraginkortasunaren kaltetan».
Eizagirre, Andoni (2022). ‘Beharrizanak hezkuntzan‘. Artikulu digitala. 2022-03-18.
Andoni Eizagirre Eizagirre (Zarautz, 1979). Filosofian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta CSICeko Doktoreen Formaziorako Programan trebatu zen. Doktorego aurreko egonaldia Lancasterreko eta Manchesterreko Unibertsitateetan egin zuen. 2007tik Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea da. Gaur egun ‘Herrigintzaren Berrikuntzan’ graduondokoa koordinatzen du. Sustraiko eraldaketak munduan: joera ekonomiko eta politikoen bihurguneak (Oreki, 2023) liburua argitaratu zuen.
Liburuxkako aipua Andoni Eizagirrek 2022ko martxoan Jakinen webgunean argitaratu zuen ‘Beharrizanak hezkuntzan’ artikulu digitaletik dago aterata. Hezkuntzaren inguruko eztabaida du abiapuntu testuak, eta gogoeta horri beharrizanaren ikuspegitik begiratzen dio. Horiek horrela, beharrizanaren kontzeptua eta esanahi morala argitzeaz gain, hezkuntza-beharrizanak zein diren planteatzen ditu, «beharrizanen tipologia bat osatuz». Horrekin batera, artikulua baliatzen du «gure aurrekoei diegun zorra aitortu, eta iragan hurbileko ekimen herrigileetatik ikas dezakegunaren pintzelkada bat» sintetizatzeko.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
