Bertsolaritzan gertatzen ari diren mugimenduez, Jakingunean

Entzungai osorik Jakingunean.

2026-03-26 Albisteak

Bertsolaritzan gertatzen ari diren mugimenduei erreparatu die Kepa Matxainek Jakin-en 272. zenbakian idatzi duen artikuluan: ‘Multipolarraren azpikoaz: bertsolaritza inplikatuaren norabideak’.

Bertsolaritzako korronte sinboliko berrienak iragan hurbilarekin jarraiduran aztertu ditu, etorkizun hurbila moldeka dezaketen egiturazko mugimenduak hautemateko xedez. Izan ere, mende hasieran bertsolaritza multipolarraren aroa iragarri zuen Joxerra Garziak, eta gaur egun ere etiketa horrek «setatsu» jarraitzen duela dio Matxainek, argi baino itzal gehiago ekarriz: «Nik uste dut bertsolaritza multipolarra etiketa egokia dela neurri batean, baina ez duela argazki osoa erakusten».

Bertsogintza garaikideko argazki hori egiteko asmoz, besteak beste, gaur egungo bertsolarien bertsolaritza nola ulertzen den, bertsolariek zer-nolako ekimenak bultzatzen dituzten eta esaten dutenaren azpian zer dagoen aztertu du Matxainek. Hala, ikusi du «orainaren zorupe ezegonkorrean hautematen direla beste izateko modu batzuk probatzen ari diren indarrak».

Gaur egungo bertsolariek «inplikatuta» kantatzen dutela ondorioztatu du; hitzarekiko inplikazioa zentroan jartzen dutela. Are: «gaur egun inplikazio horren fase azeleratu batean geundeke, eta bertsolariak beretik ez ezik, beretarrekin ere kantatu nahi du; bere komunitatekotzat sentitzen dituen horiengandik gertu».

Bertsolaritza inplikatu horren barruan, hiru korronte bereizten ditu: bertsolaritza sozialista, debaldeko festa eta festa (trans)feminista. Hirurek beraien artean «desberdintasun handiak» dituzten arren, kezka bera partekatzen dutela dio: «Denek nahi dute bertsoaren eta komunitatearen arteko lotura berriro pentsatu beste era batera, eta bertsoa ikuskizun huts bezala pentsatzetik haragoko zerbait bezala eskaini».

Entzun erreportajea osorik, hemen: Kepa Matxain, bertsolaritzako korronte sinbolikoez.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan