[222 esaldi] Izaro Ieregi

2026-03-18 222 esaldi

«Abiaduraren eta gehiegizko jardute eta informazioaren artean kraskatu egiten gara, gehiegikeria hori digeritzeko ezintasuna bilakatzen da; indigestioa. Gure gorputzek kapitalismoak formulatutako botere dispositibo horiek jasaten dituzte, eta zuzenean horiengan artikulatzen dira».

Ieregi, Izaro (2019). ‘Gorpuzkera anormalak, behartuak eta groteskoak‘, Jakin 229, 11-26.

Izaro Ieregi (Algorta, 1987). Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikerketa eta Sormena Artean masterra egin du EHUn, eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan aditu titulua Mondragon Unibertsitatean. JAI Praktika Artistikoen Institutuan eta DAI Holandako Arte Institutuan ere ikasi du. Okela Sormen Lantegiko kide fundatzailea da. Manifestazio kultural ezberdinen bitartez, memoria historikoa arakatzen duten proiektuak gauzatzen ditu Ieregik, testuinguru sozial, politiko eta kultural aldakorrean fokua jarriz. BilbaoArte Fundazioaren egoiliar beka (2016) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren produkziorako beka (2015) jaso zituen.

Euskal kulturak 2018an eman zuena biltzen du Jakin-en 229. zenbakiak, hemezortzi lagunen ekarpenekin; hamaika hitzez eta zazpi irudiz. Zenbaki horretan aurkitzen da Izaro Ieregiren ‘Gorpuzkera anormalak, behartuak eta groteskoak‘ artikulua, eta testu horretatik dago aterata liburuxkako aipua. Artean egon diren gorputzaren lerradurei buruzko hurbilketa bat egiten du Ieregik testuan, gorputza errealitate soziala islatzeko mihisea dela esanez: «Mundura azaltzeko dugun imajina da gorputza, eta potentzial kritikoz betea». Ideia hori abiapuntu hartuta, 90eko hamarkadatik hona gorputzetik pentsatu eta jardun duten artisten lan batzuk azaltzen ditu kultur kronikan: Itziar Okariz, Ana Laura Alaez, Maria Muriedas, Dani Llaría… Horiek horrela, arteak bizi garen garaietarako subjektibotasun berri baterako eskaintzen dizkigun posibilitateak aztertzen ditu; izan ere, «gorputza da ikuslearengana beste subjektibotasun posibilitate batzuk daramatzan bidea. Eta subjektibotasun hori kritikoagoa da, erlazionalagoa, arriskugarriagoa eta gorpuzdunagoa, makurtuagoa eta zaurgarriagoa».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan