[Ondaretik] Martxoak 3: memoriak merezi du

2026-03-06 Ondaretik

Irudia: Martxoak 3 elkartea

 

1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakariak ahaztezinak irudituko zaizkigu egungo begiradatik, beharbada; baina ahazteko ezintasun hori ez dugu inola ere natural edo berezkotzat jo behar. Memoria ariketa kontziente, militante, jarraitu eta are egoskor bat du atzetik, eta ez beti baldintza eta testuinguru eroso eta sustatzaileenean, gaur egun gertakari haiei buruzko errelatuaren inguruko kontsentsu ia erabatekoak kontrakoa iradoki dezakeen arren.

Gertakari gordinak izan ziren oso arratsalde hartakoak. Gordin azalduta eta laburbilduz: Franco hil osteko gertuko hilabeteetan, giro politiko nahasia nagusi zela, langile mugimendu eta borroka giro beroa zegoen, lan baldintza hobeak aldarrikatzen zituzten protesta eta grebekin. Martxoaren hasieran greba egunak ziren Gasteizen; hainbat enpresatako langileek eta gizarteko beste sektore batzuetako jendeak bat egin zuten deialdiarekin, eta kaleak borborka zeuden. Martxoaren 3an langile batzarra deitu zen Asisko San Frantziskoren elizan, eta milaka lagun bildu ziren bertan, leku seguruan zeudelakoan. Baina Poliziak, ustekabean, ordura arteko muga guztiak gainditu zituen: negar gasarekin eta tiroka eraso zien han bildutakoei. Emaitza badakigu: bost hildako eta ehundik gora zauritu izan ziren. Gogora ditzagun, beste behin, hildakoen izenak: Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, Pedro Mari Martinez Ozio eta Bienvenido Pereda Moral.

Jakin aldizkariak ezin izan zituen 1976ko gertakariak gertutik jarraitu. Egia esan, bazuen aitzakia: 1969tik debekatuta zuen ezer argitaratzea, eta 1977ra arte ezin izan zuen berriro hasi. Baina aldizkariaren hemerotekan topa daitezke langile mugimendu eta borrokari heltzen dioten hainbat eduki. Hiru aipatzearren: 1984an, Sindikatuak Euskal Herrian zenbaki monografikoa atera zuen (Jakin 33), Andoni Kaiero eta Xipri Arbelbidek Hego eta Ipar Euskal Herriko sindikalgintzaz idatzitako artikuluekin. 2007an, euskal langileriaren historiaren genealogian 50eko hamarkadak izan zuen funtsezko garrantzia azpimarratu zuen Emilio Majuelok50eko hamarkada: langileriaren historiarako gunea’ artikuluan (Jakin 159): gerraondoko lehen grebak, 50eko hamarkadako industrializazio prozesua, Euskal Herriaren eraldaketa sakona eta euskal langile klase historiko berriaren agerpena ditu aztergai. Eta 2018an, Gasteizko gertakarien gertuko aurrekari izan ziren 1974ko abenduko langile mobilizazioak aztertu zituen Daniel Escribanok ‘1974ko abenduko euskal borrokak. Protesta mugarriak Euskal HerrianJakin.eus-eko artikulu digitalean; Escribanoren aburuz, frankismo amaierako aldian erregimenaren aurka Euskal Herrian egindako protestaren mugarri ditugu mobilizazio horiek, 1976tik aurrera monarkiaren gobernuen kontra bata bestearen atzetik etorriko zirenen aurrerapena. Gasteizko sarraskiaren testuinguru historikoa aurkezten digu, beraz, artikulu horrek.

 

Memoriatik justiziarantz

50 urte igarota, aste honetako oroimen ekitaldiak hunkigarriak eta esanguratsuak izan dira zentzu askotan, jarraipen masiboa izan duten historiaren eta memoriaren esparruko borrokaren sigi-sagak ezin hobeto islatzen dituztelako. Izan ere, adin guztietako milaka eta milaka lagun bildu dira Martxoak 3 elkarte memorialistikoak eta langile sindikatuek antolatutako ekitaldietara. Eta, berriro diogu, erantzun hori ez da izan ausazkoa.

Edozein gertakari gatazkatsuren ondoren, errelatu edo kontakizunaren borrokaren beste kapitulu bat irekitzen da berehala. Halaxe izan zen 1976ko martxoan ere. Bertsio ofizialak, ohikoa zenez, Poliziaren ekimena justifikatu zuen, sarraskiaren erantzukizuna langileei beraiei egotziz. Ederki ezagutzen ditugu abesti horren doinua eta hitzak. Baina kontua da hurrengo hamarkadetan ere oso zaila izan dela bateko eta besteko erakundeek gertakarien benetako azalpenera edo erantzukizunen zehaztapen eta banaketara bideratutako urratsak ematea. Argi esanda: instituzioek ahaztutako biktimak izan dira Martxoaren 3koak ere.

Memoriaren alde aritu diren eragileen artean, aipamen berezia merezi du 1999an sortutako Martxoak 3 elkarteak, orduko gertakarien egia, justizia eta erreparazioaren aldeko ekimen antolatu eta emankorrena izan delako azken hamarkadetan. Julen Diaz de Argote Garciak, elkarte horretako Memoriagunerako proiektuen arduradunak, parte hartu zuen 2024ko Jakin Jardunaldian, eta jardunaldi horri eskainitako urte bereko Jakin-en 263-264. zenbaki bikoitzean (Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka) dator haren ekarpena (‘Memoria nondik eta nola eraiki’). Diaz de Argoteren hitzetan, batetik, «eraildakoak gogoratzeko, baina baita justizia eta erantzukizunak eskatzeko ere» egiten dute lan, «gaur egungo aldarrikapen laboral eta sozialekin bat eginez, atzoko memoria gaur egungo arazoekin lotuz». Bestetik, «informazio eta material bilketaren arloan ere lan erraldoia egin izan du elkarteak», eta, azkenik, beste indarguneetako bat transmisioarena izan da: «Orain dela urte askotatik, Martxoak 3elakerteak berebiziko garrantzia eman die transmisioari eta belaunaldi berriekiko lanari». Oroimena, aldarrikapena, justizia, ikerketa, transmisioa… Memoria ariketa eredugarri baten mugarriak, ezbairik gabe.

Egia, aitortza, erreparazioa. Egiak egin du bere bidea, nahiz eta Espainiako Estatuaren dokumentu ofizialak oraindik klasifikatuta egotea oztopo larria den. Aitortzan ere, urteetako ahanztura, utzikeria eta are jazarpenaren ondoren, aurrerapen zantzu batzuk egon dira erakundeen aldetik (Gasteizko Udala, Eusko Legebiltzarra, Espainiako Gobernua…). Dena den, aldaketa hori ere ez da erabatekoa izaten ari: Estatuak eta segurtasun indarrek gertakarietan izan zuten «rola» onartzen da, baina «erantzukizuna» aitortzeak beztimendak urra ditzake. Eskrupulu horrek antz handia du duela gutxi Gernikako bonbardaketaren oroimen ekitaldian Alemaniako eta Espainiako estatuburuek izandako jarrera desberdinekin, gehienetan interes politiko gordinenak hitz eta diskurtso handinahien gainetik pasatzen direla berretsiz. Eta justiziaz eta erreparazioaz ere, zer esan malenkonian erori gabe: Argentinako Maria Servini epailearen ekimena esanguratsua izan zen guztiz, baina Espainiako Estatuak ez du ezer egin inpunitatearen aurka.

Eta, hala eta guztiz ere, Martxoaren 3ko sarraskiaren auziak irakaspen argia mahaigaineratzen digu: memoria lantzea merezi du. Areago, funtsezkoa da injustizia pairatu duen edozein pertsona edo komunitaterentzat. Bide luze eta oztopoz betea izan daiteke, baina, malkar horretan aurrera, altxor besterenezin hauxe izango da sari: duintasuna.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan