[222 esaldi] Xabier Landabidea

2026-03-11 222 esaldi

«Giza komunikazioaren baitan gertatzen ari diren aldaketa sakoneko eta azeleratuetara moldatu eta ohitzeko gaitasuna da, agian, euskal komunikazioaren ekosistema garaikidearen ezaugarri nabarmen eta harrigarrienetakoa».

Landabidea, Xabier (2017). ‘Euskal kultura 2017‘. Jakin 223, 97-102.

Xabier Landabidea Urresti (Bilbo, 1981). Ikus-entzunezko Komunikazioan aditua da. Aisia eta Giza Potentzialean doktorea da 2014tik, Deustuko Unibertsitatean. Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko ikertzaile eta irakaslea da. Komunikazioaren ekosisteman gertatzen ari diren aldaketak aztertzen dihardu, batez ere euskararekin eta hizkuntza gutxituekin dituzten harremanetan. Jokoen eta jolasen potentzialtasunak ere baditu aztergai, eta horren adibide da AtopiaRPG rol jokoa sortzen egindako lana. 2014an Lehendakaritzaren Euskal Gizartearen Egoera ikerketa-saria jaso zuen bere doktorego-tesian oinarritutako ‘Euskaldunok eta telebista XXI. mendean’ lanagatik. Jakineko kontseilu editorialeko kidea ere bada.

Liburuxkako aipua 2017ko kultur balantzea egiten duen Jakin 223 zenbakitik dago aterata. Urte horretan euskal kulturak emandakoaren errepasoa egiten du Landabideak testuan, komunikazio eta informazioaren teknologien ikuspegitik, gizakiok ingurua eta ingurura moldatzeko dugun gaitasuna nabarmenduz.

Gertatutakoari begiratzeaz gain, etortzeko dagoenari ere erreparatu dio artikuluan: «Gure inguru analogikoaz eta digitalaz autokontzienteagoak izango diren eduki/ontzi modu berriagoak etorriko dira, komunikabideak, bide guztiak, eta komunikazioa gure zio propioagoetatik ulertuko dituzten kimu berriak».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan