HamaikaTB

Lander Arretxea: «Ikus-entzunezko sortzaileontzat zama osagarria da euskararen etorkizuna pantailetan egotea»

2026-02-03 Albisteak

Euskarazko ikus-entzunezkoen sektorearen analisia egin du Lander Arretxea Bereziartuak Jakin 271: Euskal kultura 2025 zenbakian idatzi duen ‘(E)zinezko misio bat’ artikuluan. 2025ean zehar bizi izan dituen esperientziei begira ondu du gogoeta Arretxeak, eta euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileen kezka, beldur, arazo eta oztopoak izan ditu hizpide.

Artikuluan landutako ideiak kontatu ditu Arretxeak Euskadi Irratiko Jakingunean, eta nabarmendu du euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileek zama edo misio osagarri bat daukatela: «Euskal hiztun gehiago, trebatuagoak eta erreferentzia euskaldunez jantziagoak sortzea, ekoiztea edo munduratzea, nolabait, bada zama osagarri bat ikus-entzunezko egilearentzat».

Egoeraz kexatzeaz gain, alternatiba batzuk ere planteatu ditu, eta horietako bat da herri plataformak sortzearen ideia. Hala, euskarazko edukiak biltzeko doako biltegi izango diren plataformak sortzea planteatu du, «EITBren kontrolpetik apur bat atera  eta bestelako hedabide eta proiektuek sortzen duten edukiarentzat ere eskaparatea» izango direnak.

Alde on batzuk ere zerrendatu ditu Arretxeak urtearen errepasoa egitean, eta, besteak beste, mahaigaineratu du 2025a urte oparoa izan dela euskal zineman. Hala ere, argi du «salbuespen bat» izan dela hori, eta euskal zinema ez dela beti izango hain oparo: «Ez dela loraldia baizik eta ekaitz perfektua, sektoreko langileek eurek hala adierazten dutelako. Aurtengoa salbuespen bat izan dela, hainbat kontuk egin dute bat hala izan dadin, eta horrek eragin du kopuru eta kalitate hain esanguratsu hau».

Entzun erreportajea osorik: Lander Arretxea, euskarazko ikus-entzunezkoen ekosistemaz

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan