2026-01-23 Ondaretik
70eko hamarkadan noizbait, egonaldia egiten ari ziren Xabier Gereño eta Begoña Bilbao senar-emazteak Bruselan. Beti zer suma ibiltzen zen horietakoa behar zuen Gereñok nonbait, merkataritza ikasketak egin eta ofizio gisa hura hartu bazuen ere, euskarazko kantagintzan nahiz liburugintzan ale ugari jarritakoa baita, argitaratzaile gisa edo idazle modura. Aitortuki egiten zuen “ebasiozko literatura”, urruneko leku eta kulturetan kokatutako istorioak, ipuin historikoak eta nobela poliziakoak eginez, ehun liburutik gora atera zituen.
Zer suma iritsiko ziren biak Bruselako auzo arabiar batera. Place du Midin ikusiko zituzten mujahidinak mitinak eta hitzaldiak ematen, batzuek Khomeiniren alde eta beste batzuk kontra. Eta Gereñok, bolaluma eta bloka aterata, hartuko zituen ohar mordo bat Irani buruz. Interesatuko zen gaiaz eta, auzoko arabiar liburu-dendetan bilatuko zituen frantsesez idatzitako liburuak. Hala kontatu zion Aitor Zuberogoitiari, Jakin 138.ean datorren bezala: “Khomeiniren aldekoen eta aurkakoen aldizkari eta liburuz beteriko maleta ekarri nuen Bilbora bueltan. Informazio horretan oinarrituta idatzi nuen Jomeini-ren paradisuan liburua, Hor ageri da emakumeak zelan tratatzen dituzten eta beste hainbat kontu”. Gure literatura “arinera” ere iritsi ziren Irango Iraultza islamiarraren oihartzunak. Entretenitu bai, baina bide batez, munduaren berri eman nahi omen zuen Gereñok bere lanekin, beste leku batzuetan jendea nola bizi zen azaldu.
Begirada trebatzen
Garaiko espirituari estuki lotzen zaio munduaren berri euskaraz emateko Gereñoren apustua. Ipuin-liburu eta nobeletan bakarrik ez, Anaitasuna bezalako kultur aldizkarietan ere berariaz lantzen zen begirada internazional hori; ez alferrik, aldizkariak Herrialde guztietan atala zeukan nazioarteko gaiak iruzkintzeko. 1975eko urriaren 15ekoan Joan Mari Torrealdaik ‘Iraneko Xaharen hitzak aztertzen’ testutxoa idatzi zuen. Artean Jakin zentsuratuta baitzegoen, Anaitasunaren ardura berak zeraman, Okzitaniako Tolosan eta Parisen ikasketak egin eta itzuli berritan. Kasualitateak zer diren (edo ez diren), erreleboa Gereñok hartuko zion gero Torrealdairi, hura Jakin-era itzuli zenean.
Ezkerreko ideiekin eta ikuspegiarekin etorri ziren atzerrian ikasle ibilitako hainbat apaiz gazte. Xaharen hitzak aztertzerakoan nabari zaio hori Torrealdairi, berdin erakusten duelako jarrera antikoloniala eta demokraziaren aldarri erradikala. Izan ere, aipagai diren Xaharen hitzek kutsu antikoloniala dute: “Gogotik atakatu du Mendebaldea Iraneko Xahak. Urte askotan Iran zakuratu eta hustu egin omen dugu. Eta egia da”. Kolonialismoa salatu egin behar zela dio Torrealdaik, ez soilik 60ko hamarkadan deseginez zihoan kolonialismo politikoa, baita kolonialismo ekonomikoa ere, petrolioaren auziak garbi azalarazten omen zuena. Erretorika antikolonial hori, ordea, Xahk barne arazoak ezkutatu eta bere erregimen autoritarioa indartzeko darabilela salatuko du, etxe barruan zeuzkan demokratizazio eskakizunei muzin egin eta “komunistak eta joera bihurrikoak” ziren ikasleen gauza gisa gutxiesteko. Torrealdairen antikolonialismoak berarekin zekarren kolonizatutako herriaren barne askatasuna ere.
(Anaitasunaren ale berean, Herrialde guztiak sailaren beste izenburu bat: ‘Israeldik Palestinara, Estatu Batuetatik iraganez’. Bai, duela 50 urte ere, horrela zeukaten Ekialde Hurbila).
Bueltan bueltan, 1979an, Iraultza islamiarrean, gutxietsi zituen estudiante, komunista eta abarrek baino kalte handiagoa ekarri zion Xahari Khomeini lider erlijioso-politikoak, zeinak islamiar errepublika bat ezarri zuen, eta ordura arte protestetan ibili zen sektore ezkertiarra purgatu. Iraultzaren egun nahasietan, oraindik emaitza argi ez zegoela, idatzi zuen Manolo Pagolak Jakin-en bigarren aldiko 9. zenbakian, ‘Iran bidegurutzean eta gurutzebidean’ artikulua. Diagnosi antzekoa egiten da Irango herriaren gurutzebideaz: XX. mendeko historia petrolioaren lapurretarena izan dela Iranentzat, eta modernizazio saiakerek ere nekez ekarri dutela baldintza materialen hobekuntzarik. Iraultzaren nahasmenduaren erdian, aukera historikoa ikusten zuen Pagolak, baldin eta petrolioaren aberastasuna aprobetxatuz egitura ekonomikoa modernizatu, iraultza soziala egin, Islam-aren pisu teokratikoa kendu, erlijioa pentsamenduaren eta arrazoimenaren eraginera ireki (“honek ez du esan nahi mendebaldu behar duenik, Irango kultura tradizio aberatsaren haritik egin daiteke hori”) eta teokraziak eta nomokraziak ahazten bazituen.
Nola begiratzen den…
Mendebaldean Ekialde Hurbil deitzen diogun eremura nola begiratzen den, norbere abiapuntuaz ere informazio asko ematen da. Jakin 129.ak ‘Islama eta mendebaldea’ darama izenburu, eta ESADEko irakasle zen Luis Solsen artikulu interesgarria dakar “mundu islamiarraren” bilakaeraz eta Mendebaldeak harekin izan dituen harremanei buruz.
Artikulua batez ere mendebaldeari begira idatzita dago adierazteko, diferentziak diferentzia, “bi zibilizazioen” arteko harremanak eta elkar ulertzea ezinbestekoak direla, hurbiltasun geografikoarengatik, islamaren jarraitzaileek duten pisu demografikoagatik eta baliabide estrategiko ugari herrialde horietan egoteagatik.
Jakingarri ugari ematen ditu artikuluak, eta gaur-gaurkoz oraindik baliagarri izan liteke bilakaera historikoari erreparatzeko; baita ikusteko 2002an Mendebaldeko demokrazia kristauak ze ikuspegi zeukan auziaz. Eta hala ere, nabari zaio artikuluari bi hamarkada t’erdi pasa direla, ondo pasa ere. Maizegi nahasten da Mendebaldekoen ikuspegi hori munduarena omen litzatekeenarekin: zibilizazio talka, mendebaldearen gainbeherarekin, arrisku pertzepzioaren igoera AEBen eta enparauen botere galerarekin. Interesgarria honezkero ikuspegiari buelta emanda egindako azterketa litzateke: Ekialde Hurbila eta X. Jarri X-en lekuan mendebaldeak 30 urtez esportatu nahi izan dituen fede guztiak: garapen jasangarria, demokrazia liberala, merkatu librea.
Egoerak gehiago eskatzen du 60-70etako bokazio galdetzailetik, XXI. mende hasierako erantzun “postideologikoetatik” baino. Orduan bezala, behar dugu mundua ulertzen saiatzea, eta hor izan dezakegun lekua bilatzea, jarrera antikolonialak eta erradikalki demokratak aldeztuz bai, baina nagusikeriarik gabe. Eta, auzi horietan behintzat, eskapismorik ere gabe, izan literaturara edo absolutu bertangoxoetara. Kontua zera da, ordea: 70etatik XXI. mendearen bigarren laurdenera Mendebaldearen kreditua ez ezik, mendebaldeko zenbaiton fedea ere lurreraino erori dela. Eta egun zailago dagoela Pagolak erakusten zuen esperantzari eusten. Eskerrak esperantza ere printzipio bat den, diziplinaz elikatzen dena.
