HamaikaTB

Bere heriotzaren 14. urteurrenean, Txillardegi bildumako liburuak erdi prezioan

2026-01-14 Albisteak

Hamalau urte bete dira gaur Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi pentsalari, hizkuntzalari, eragile eta idazlea hil zela (Donostia, 1929–2012). Urteurrenarekin batera, haren lana berriz irakurri eta pentsamendua ibilian jartzeko asmoz, Dabilen pentsamendua bildumako Txillardegiren liburuak erdi prezioan eskainiko ditugu Jakinen webgunean urtarrilaren amaierara arte: biografia liburuak 7,5 euroan, liburu tematiko solteak 6 euroan eta sorta osoa 37,5 euroan.

Jakin Fundazioak eta EHUk lankidetzan osatutako bilduma da, eta egilekako eta gaikako antologien bitartez, XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera ematea du helburu. Txillardegi izan da Dabilen pentsamendua bildumara ekarritako lehen pentsalaria, eta ez da kasualitatea, aitzindari izan baita hainbat arlotan. Egindako ekarpena aitortu eta ezagutarazteko xedez, bere ibilbidea kokatzen duen biografia eta testu hautatuekin osatutako liburukiek osatzen dute bilduma, Txillardegi bera eta haren lana ezagutzeko aukera paregabea eskainiz.

XX. mendeko bigarren erdiko euskal intelektual garrantzitsuenetakoa da Txillardegi: 56ko belaunaldiko kidea, euskara batuaren egile eta eragilea, euskal soziolinguistikaren aitzindaria, lehen euskal eleberriaren egilea, ETA mugimenduaren sortzaileetako bat, politikari abertzale eta ezkertiarra… Asko dira Txillardegik euskarari eta Euskal Herriari egindako ekarpenak, eta asko dira landu dituen gaiak: euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa eta nazio arazoa, besteak beste.

Leku berezia du, beraz, Txillardegik Euskal Herriko historian, baita Jakinen digitalizazio egitasmoetan ere. Guztira, 2.232 idazlan eta 20.994 orrialde digitalizatu ditugu. Horietatik 1.782 idazlan dira Txillardegik berak 55 urtez idatzi eta argitaratu dituenak. Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010-2011koak, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak. Gainerako 450 argitalpen digitalizatuak Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota haren obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira. Digitalizazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu zen.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan