HamaikaTB

[Ondaretik] Nazionalismo kulturalaren kontzeptua gurera ekarrita I

2025-11-28 Ondaretik

Egun hauetarako Nazionalismoa Ikertuz V. nazioarteko kongresua antolatu dute EHUk, bertako Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterrak eta Forum Subiranistak. Pozgarria da garai batean ia eztabaidetako monotema izatera iritsi zen, ondoren hil kanpaiak jo zitzaizkion eta gaur egun nola berkokatu oso ondo ez dakigun gaiari halako egitarauarekin heltzea gure unibertsitate publikotik. Berdin da pozgarria irekiera hitzaldira Michael Billig gonbidatu izana, ezin eskertuzkoa baita bere ekarpena Euskal Herrian oso ondo ezagutzen dugun no nacionalismo fenomenoa, demokrata eznazionalistak eta biolento nazionalistak bereiztearena, mundu anglosaxoiari – eta, ondorioz, akademia mendebaldarrari – deskribatu izana. Badu beste ekarpen bat ere interesgarria Billigen nazionalismo arruntaren deskribapenak: naziotasunaren eguneroko errepresentazio isilean naturalizatutako praktika kulturalek (bandera-zinek, diskurtso-produkzio askotarikoek…) duten leku zentrala bistaratzen du habitusaren ideia bordieutarra ekarrita. Horrek bide ematen digu kulturaren ulerkera konplexuago baterako, gure artean ere zabaldu xamar dagoen kultura=produktu kultural objektibatuak berdinketa gainditu eta kultur praktiken dinamikei arreta jartzeko.

Ez antolatzaileak eta ez gaia arrotzak ez zaizkidanez, komunikazioa aurkeztuko dut bertan, sentsazio horretatik abiatuta. Zehazki, ikuspegi konplexuagoa izateko nazionalismo kulturalaren ideiak egin dezakeen ekarpena aipatuko dut. Uste dut nazionalismo ikerketen arlo teorikoan gutxiegi hitz egiten dela nazionalismo kulturalaz, eta horrek garamatzala, alde batetik, fenomeno batzuk behar baino sinpleago ulertzera, eta, bestetik, genealogia batzuk antzeman ere ez egitera. Ohi bezala, kongresuan aurkeztu nahi dudan eztabaidaren hari-mutur gehienak topa daitezke Jakinen ondarean arakatuz, eta leku egokia da, hortaz, Ondaretik saila harako pentsatutakoak jasota uzteko.

 

Nazionalismo kulturalaren teoria

Nazionalismo kulturalaren definizio bat Jakin 233-234.ean eman nuen, hain justu, Joxe Azurmendiren nazioari buruzko ideiak kategorizatzeko erreferentzia interesgarria iruditzen zitzaidalako. Doktore tesiaren laburpen gisa argitaratu zen ‘Joxe Azurmendiren abertzaletasun kulturala’ artikulua, eta bertan jaso nituen akademian nazionalismo kulturalari atxikitzen zaizkion ezaugarriak, bereziki John Hutchinson ikertzailearen lanetik abiatuta.

Hutchinsonek nazionalismo irlandarraren kasua aztertzen zuen bere The Dynamics of Cultural Nationalism: The Gaelic Revival and the Creation of the Irish Nation State (1987), eta ordura arteko nazionalismoa kategorizatzeko ereduak ez zitzaizkion aski, bereziki naziotasunaren aldarritik egiten zen hizkuntzaren eta kulturaren aldeko jarduna kokatu ezinik uzten zuelako. Horretarako hasi zen nazionalismo kulturalaren ideia garatzen, eta 1999ko artikulu batean ezaugarritu zuen zehatz eta argi. Gellnerren, Hobsbawmen eta abarren aldean, Hutchinsonena argi-izpi emankorra izan zen Joxe Azurmendiren ideiak eta praktikak nazionalismo ikerketen argitan aztertzeko.

Nazionalismo kulturala ondo ulertzeko lau gako ematen ditu Hutchinsonek. Lehenengoa nazionalismo kulturala eta linguistikoa bereiztea da: nazionalismo kulturalean dihardutenek  ez dute hizkuntza ulertuko nazioa sinbolizatzen duen eta bere horretan defendatu behar den objektu soil gisara. Are gehiago, norbere hizkuntza nazionala beste hizkuntzen gainetik dagoelako, edo botere berezirik leukakelako sinesmena ere ez da nazionalismo horren definitzailea. Aldiz, nazionalista kulturalek hizkuntzarekin nazioari tradizionalki atxikitzen zaizkion elementu sinboliko-kulturalak berrinterpretatuko lituzkete. Hizkuntza, alegia, nazioaren objektu ez, naziotasunari lotzen zaizkion elementuak berrinterpretatzeko tresna litzateke.

Bigarren gakoa da nazionalismo kultural hau ohiko nazionalismo politiko-instituzionaletik bereizi behar dela eta, batez ere, ezin dela kulturala politiko-instituzionalaren aurreko faso edo azpi-agerpena balitz bezala ulertu. Lehenengoak estatu-egiturak helburu ditu, horietatik eratu nahi baitu nazio-komunitatea; bigarrenak kultura praktikatzen duen komunitatea du bere jardunaren jomuga. Boterea estatu-egiturak kontrolatzeko gaitasunak ematen du batean; bestean, komunitatearen praktika horiek duten indarrak, zeinak biziagotzeko estatua tresna eraginkor izan daitekeen baldintzen arabera, baina inoiz ez helburu, ezta nahitaezko baldintza ere. Biek izan dezakete populazio bera gogoan, baina populazioak batean eta bestean hartzen duen lekua desberdina da. Bi joerek oinarrian “ideia-mundu” desberdinak dituztela dio Hutchinsonek.

Hain justu, hirugarren gakoak nazionalismo kulturalaren helburuaz dihardu, komunitate nazionalean kulturalistek jokatzen duten paperaz. Horiek, modernizazio eta aldaketa garai sakonetan, komunitatea krisi egoeran ikusten denean, “berritzaile moral” lanean aritzen dira. Hau da, ez dute, tradizionalistek bezala, modernitatearen aurrean nazioaren elementu kulturalak bere horretan iraunaraztea bilatzen; baina ezta, modernisten bidetik, kultura-eredu unibertsalista abstraktu bat ezartzea ere. Nazio bakoitzak modernizaziorako bere bidea urratu behar duela defendatuko dute, eta horretarako lan egin elementu tradizionalak eraldatu, biziberritu eta eguneratzeko. Are gehiago, modernizazio prozesu autozentratu hori eztabaida eta elkarrizketa konstantean egiten da. Horrela, kultura nazionala, naziokide guztiek partekatuko luketen sinbolo objektiboen sorta bat izan beharrean, naziotasunaren interpretazio desberdinak elkarrekin gatazkan zein elkar indartuz dabiltzan eremuaren itxura handiagoa hartuz joango da. Objektu ez, baizik eta espazio, erreferentzia sistema konpartitu. Ez alferrik, handik urte batzuetara, Hutchinsonek nazioak gatazka-eremu kultural gisa ulertzea proposatu zuen, bere Nations as zones of conflict liburuan.

Azken gakoak nazionalismo kulturala modernizazio, globalizazio eta sakoneko eraldaketa prozesu guztietan sor daitekeen mugimendua dela gogoraraziko du. Bestela esanda, nazionalismo kulturala ez dela nazionalismo politikoaren aurreko fase iragankor bat, pizkunde kulturalisten eran, eta ez dela XIX. mendean soilik kokatzen. Hutchinsonek kasu irlandarra izan bazuen lehen abiapuntu ere, SESBeko hainbat herriren bilakaera aztertzeko baliatu zuen ikuspegia.

Hutchinsonek bere proposamenarekin eskatzen du nazionalismoaren aldaera guztiak ez ulertzea modernismoak proposatzen duen ikuspegi “gubernamentalistaren” galbahetik. Horrekin batera, eremu kulturalari, nazioaren elementu kulturalen gaineko interpretazioak leihatzen diren espazioari dinamika propioa aitortzen dio naziotasuna definitzerakoan; kultura esparru politikoari eta horren logikei subordinatu gabe eta, aldi berean, norbanako hiritarren ezaugarri indibidual bilakatu gabe.

Nazionalismo kulturalaren teorizazioan egon litezke eztabaidak eta findu beharreko deskribapenak, are gehiago kontuan hartzen bada 90eko testuiunguruan sortu zen tresna bat dela. Bere alde dago, dena den, errepikagarritasunaren gakoa postulatu izana, noiz eta akademiaren gehiengoa nazioen hil kanpaiak jotzen ari zenean globalizazioaren mesedetan. XXI. mendeko bigarren laurden postglobal honetan, ez da izango okerren zahartu den naziotasunari buruzko ikuspegia. Dena dela, teorien barne-doiketetan sartu beharrik gabe, nazionalismo kulturalak lehen lerrora ekartzen dituen gakoekin euskal nazionalismoaz begirada zorrotzago batzuk atera daitezkeela uste dut. Horiek aletuko ditugu hurrengo atalean.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan