HamaikaTB

[Ondaretik] Euskaltzale baten proposamenak ‘Pentsamenduaren Klasikoak’ bildumaren aurrean

2025-11-14 Ondaretik

Azkenaldian nabaritutako joera batetik sortutako gogoetekin jarraitzen dugu, lehengo asteko piezaren bidetik: ‘Euskaltzale baten galderak Klasikoak bildumaren aurrean’. Ikusten genituen hainbat eta hainbat euskarazko ikerketa lan, zeinetan euskarara itzulita dauden eta mendebaldeko pentsamenduan oinarrizkoak diren lanak (Rousseau, Butler, Marx, Moro…) behin eta berriro gaztelaniaz aipatzen diren. Hau da, askotan konturatu ere egin gabe, hobesten dira ez jatorrizko hizkuntzan eta ezta lana egiten den hizkuntzan dauden lanak, ezpada gaztelaniaz daudenak. Klasikoak bildumak ere abiapuntuan hutsune hori zuela kontatu genuen, eta galdera batzuk luzatu, ea zergatik ez den lortu ikusaraztea bilduma horren ekarpena; ea nolatan ez garen iritsi Unibertsitatean ekarpen hori aktiboki sustatzera. Eta batez ere, ea zer gertatu den jatorrian zegoen pentsamendu jarduna euskaraz oinarritzeko izpirituarekin. Bigarren gogoetaldia gehituko diogu datorren piezarekin.

 

Pentsamendu erdaltzale hutsalaz ohartzea

Uste dut honetan Michael Billig soziologoak teorizatu zuen nazionalismo hutsalaren (Banal nationalism) antzeko zerbait gertatzen zaigula. Unibertsitatearen eguneroko jardunak oso habitus jakina sortzen du hizkuntzek duten lekuarekiko: naturalizatutako ohitura horretan, posible da euskaraz ikastea eta neurri batean lan egitea, baina ikerkuntza, pentsamendua bera, erdaren gainean egiten da ia beti (euskaraz idazten denean ere, erreferentzia euskaldunik gabe), eta ez da espero bestela izaterik ere. Norma hori ezarrita dagoen unibertsitate eta pentsamendu-sisteman, markatua, berezia, euskaratik pentsatu nahi duena bihurtzen da, beste arrazoiren bat suposatzen zaiona normatik aldentzeko: euskaraz nota hobeak jartzen direla, euskararekin taliban xamarra dela, munduari uko egin eta nitxoan nabarmendu nahi duela edo agenda nazionalistaren bat daukala, bere pentsamenduaren mira estutzen duena. Beharrik, Billigi ikasi genion aspaldi askotan besteei nazionalista deitzen dioten horiek, izan nonacionalistek nahiz kosmopolitek, daukatela hezurretaraino sartuta nazionalismoaren bertsio hutsala; kontua ez baita norberak zer sinesten edo egin nahi izaten duen, ezpada pentsamendua ze habitusen baitan sortzen den.

Hori da gakoa, beraz. Gure unibertsitatean ze ohitura naturalizatu nahi ditugun pentsatzea, kasu honetan hizkuntzei dagokienez. Horretan ere ez dugu zertan hutsetik hasi, gainera, gure unibertsitate sistemari buruzko azterketak eta horiek eraldatzeko proposamenak erruz baitauzkagu, baita Jakinen orrietan ere. Aro berria gai horrekin hasi zuen Jakinek, 1977ko lehenengo zenbakian. Bi hamarkadatara, Jakin 100. zenbakiak ere auzi berbera jartzen du mahai gainean. Aipatzekoa da 130-131 zenbakia ere, bereziki Mikel Aizpururen “Euskal Unibertsitatea eginkizun. Aldarrikapen baten bilakaera historikoa”. Segida izan zuen gerora ere gaiak: 2008an, Jakin 168an, Bologna prozesuaz eta haren ondorioez aritu ziren, eta 2022ko Jakin 252an berriro heldu zitzaion Euskal Unibertsitatearen uneko auzi eta erronkei. Interesgarria izan daiteke iturri horietan islatzen diren unibertsitate proiektu eta ametsek nolako bilakaera izan duten aztertzea.

Habitus batzuk desegin eta beste batzuk ezarri nahi badira, eskuhartze aktibo eta politikoak behar dira, nahitaez. Eta horretarako diagnosia zorroztu. Goiko iturriei begira ohartzen gara sekulako lorpena dela 90eko hamarkadatik gaur egunera euskarazko lerroak irabazi duena, edo urtero euskaraz ikasteko hautua egiten duten unibertsitate ikasleen kopurua. Alabaina, pareko gabezia da lerro horretan sistematikoki ezikusia egitea euskaraz sortu edo euskarara ekarri den pentsamendu guztiari. Eta horrekin batera, hipotesi modura esango dut oraingoz, galera handia iruditzen zait hasierako belaunaldi hark zeukan Unibertsitatearen euskararekiko eginkizuna, globalizazioaren edo itxuraz lortutako normalizazioaren izenean, lausotu izana.

Klasikoak bildumaren adibideak erakusten duen bezala, apustua euskaraz pentsatzeko etxeari oinarri sendo batzuk ematea zen. Irudikatzea ez elebitasun desorekatu batera kondenatutako euskal unibertsitate bat, baizik eta euskara eustazpi izango zukeen irakaskuntza, pentsamendu eta ikerketa sistema bat sortzea, eta oinarri horretatik beste hizkuntza batzuetara zabalduko zena. Eginkizun horretan bada oraindik zer egin, euskaraz inoizko pentsamendu-mami gehiena daukagunean ere, ez baitugu lortu naturalizatzea Google Scholarren gure ikergaiaren bibliografia euskaraz (ere) bilatzea. Eta argi izan behar dugu, pentsamendua eta unibertsitatea euskaratik birsortzea hautu militantea izango dela aurrerantzean ere. Aurreratu da duela bost hamarkada irudikatutako bidean, baina alferrik sinestaraziko diogu gure buruari borrokarako arrazoiak bukatu direnik, horretan ere.

 

Hainbat proposamen, egiturazko aldaketak irudikatzeko bidean

Gogoratzen naiz duela hamarkada bat egin nuen ‘Euskal Nazionalismoa XXI. mendean’ graduondokoan bazegoela jarduera oso interesgarri bat, baliagarri egin zitzaidana nire iturrien ajeez ohartzeko. Master Amaierako Lana egiterakoan irizpide bat zegoen iturrietarako: hasteko, ikusi behar genuen zenbat emakumezko ikerlariren lan geneuzkan. Emaitza gizonezkoena baino nabarmen gutxiagokoa bazen (eta hala zen), saiakera berezia egin behar genuen gure gaia landu zuten emakumeen lanak topatzeko. Horrela emakume ikertzaileen egiturazko ikusezintasunari aurre egiten zitzaion. Eta deskuidoan halakorik ez bazegoen (oso ezohikoa) edo topatzen ez bagenuen (gertagarriagoa), gogoeta bat gehitu behar genion bibliografia atalari, hori zergatik izan zitekeen azaltzeko. Ariketa oso interesgarria zen, norberaren aurreiritziak auzitan jartzeaz gain, trebatu egiten zintuelako naturalizatutako joera batzuen kontra.

Ez zait asko kostatzen ariketa bera euskararentzako irudikatzea. Ikasleek gogoetarako tarte bat hartzeko aitzakia izango zuketen euren hizkuntza jardunaren inguruan, zuzendariek ildo horretan ere laguntzeko aukera izango lukete. Orokorrean, pista interesgarriak emango lituzke ikasleek Rousseauren Gizarte-hitzarmena gaztelaniaz zergatik aipatzen duten ulertzeko: autogutxiespen kulturala den, euskarazko iturriekiko ezjakintasuna edo itzulpenen desegokia edo zahartzea.

Ariketa horrek, gainera, beste bide batzuk ekarriko lituzkete. Adibidez, mintegiak egin litezke, eta iturrien bilaketa sistemak eta datubaseak lantzerakoan arreta berezia jartzea euskaraz bilduma funtsezkoenetan (Klasikoak, ZIO,…), edo euskarazko produkzio zientifikoa (Inguma) jasotzen duten ekimenetan. Mintegi horietan ikasleak (eta irakasleak) trebatuko lirateke ikergaiak euskaratik abiatzen, hurbileko komunitate zientifikoarekin harremanetan eta lana egingo den hizkuntzan planteatzen, ukorik egin beharrik izan gabe nazioarteko pentsamenduari. Hori du ona euskaratik pentsatzeak, ukorik ekarri ez, baina mundu bat gehiago gehitzea gaiari.

Are gehiago, mintegi horietan jasotako ezagutza bihur liteke eskuliburu, edo webgune edo dena delako euskarri, ikertzaile ororentzat eskura jartzeko modukoa. Ikerketa zientifikoak eta pentsamendu lanak euskaratik lantzeko tresna; gure behar konkretutik abiatuta, ekarpentxoa akademiaren eta hizkuntza minorizatuen arteko gurutzadura gatazkatsuari aurre egiteko.

Horiek denak egin litezke aldebakarrez eta saiakera bakanen bitartez, han irakasle bakan batzuk, hemen Katedra baten barne erabakiak, eta horrekin iritsiko ginateke gutxiengo ezinbesteko batengana. Hortik gora ere, ordea, unibertsitateetako errektoretzek, adibidez, har lezakete praktika eredugarri horiek sistematikoki txertatzeko erabakia eta ardura. Ikasketa planetan eta unibertsitateko gainerako jardunetan horiek sistematikoki txertatzea jarriko gintuzke habitus unibertsitario berri bati begira.

Horrekin guztiarekin batera, erabileraren poderioz ondorioztatzen bada itzulpen haren edo honen kalitatea behar baino apalago geratu dela gaur egunerako, premia sozial bat jarriko genuke berriro mahai-gainean; hain justu, Xabier Mendigurenek Klasikoak bildumaren jatorria azaltzeko kontatzen zituen premien bertsio gaurkotua litzatekeena. Hau da, segitzen dugula, euskaraz eta euskaratik pentsatzeko, oinarrizko obren itzulpen egokiak behar izaten.

Euskara landu eta gure pentsamendu sisteman lekua irabazi dezan borrokatzen duen militantez osatutako mintegiak, premiak bizi dituzten pentsalariek eurek irudikatutako proiektu anbiziotsuak… Ez al du 70eko hamarkadako oihartzunik ekartzen? Agian, horixe da indartzea falta den azken gakoetako bat: konturatzea premia horiei erantzutera lotuko bagina, Euskal Unibertsitatearen behinolako proiektua elikatzen jarraitzeko eginkizunari ekarpena egiten ari garela. Euskarazko adarra irekitzea eta irakasle euskaldunak lortzea ekarri zuen borroka berberean ari garela, hain justu; gaur egun dauden premiei aplikatuta, baina orduko helburu handiei jarraipena emateko asmo osoarekin. Eta denok dakigu helburu handiei errazago ekiten zaiela lehengo eta oraingo lagunekin, lehengo eta oraingo borroketatik ikasiz; bakardade paralizante batekin baino.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan