2025-12-03 222 esaldi
«Mende erdi pasa denean, hanka putzuan sartzeko beldurrik gabe esan daiteke euskaraz bizi nahi duenarentzat oinetako aproposena dela batua, euskararen garapen kultural garaikidea posible egin duen tresna delako».
Bereziartua, Gorka (2018). ‘Botak jantzita segi’, Jakin 225, 99-100
Gorka Bereziartua Mitxelena (Hernani, 1984) kazetaria da, eta 2005etik Boligrafo gorria blogean idazten du. Kulturaz idazten du gehien bat, nahiz eta tarteka bestelako gai batzuei buruz ere aritzen den. Eremulauak kulturaren inguruko informazioa eta iritziak eskaintzen zituen webguneko sortzaileetako bat izan zen. Rikardo Arregi Kazetari Gaztea Saria irabazi zuen 2009an.
Euskara batuaren 50. urteurrenaren harira ondu zen Jakin 225 zenbakia, 2018an, eta bertatik ateratakoa da liburuxkako esaldia. Zenbakian euskara batuaren ekarpenak eta erronkak biltzen dira, baita euskalgintza eta kulturgintzako hainbat lagunen iritzia ere. Iritzi horien artean dago Gorka Bereziartuaren Botak jantzita segi artikulua.
Euskara batua Dr. Martens botekin alderatzen du bertan: gogorrak dira hasieran, «baina gero biguntzen dira, zure lagunik onenak bihurtzen, ia edozein egoeratara moldatzen direlako». Bereziartuaren arabera, horixe bera da batua euskaraz bizi nahi duenarentzat: «oinetako aproposena». Eta oinetako horiek jantzita jarraitu nahi duen arren, argi du komunikazio publikoan gehiago esperimentatu behar dela euskara batuarekin, norbere herriko hizkerarekin bakarrik «hanka hutsik geratu gabe».
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
