HamaikaTB

[222 esaldi] Alba Garmendia

2025-10-14 222 esaldi

«Zergatik eta zertarako utopia, orduan? Ez-leku-ona eta gure lekua elkarrizketan jartzen dituen neurrian, biak ala biak pentsatzeko. Utopia ez baita aurkitzeke dagoen paradisua, egiteke dagoen tokia baizik.»

Garmendia Castaños, Alba (2018): ‘Ezaren gudaz baietza sortuz. Utopia klasikoa eta berria‘, Jakin 227-228, 45-62.

Alba Garmendia Castaños (Ikaztegieta, 1992). Giza Zientzietan graduatua eta Filosofian doktorea da. Jakinen kolaboratzaile izan da Egunen Gurpilean saileko ‘Glokalia’ atalean, 2019-2020 urteetan. Filosofia politikoaren arloan egin zuen doktorego tesia, Multitudearen utopia Inperio distopikoaren ispilu. Michael Hardten eta Antonio Negriren “Empire” bildumaren analisia utopiei buruzko ikerketen ikuspegitik (2021) izenburuduna. Utopiaren eta politikaren arteko harremana ikertu zuen bertan, eta ondoren ere utopia izan du ikerketa lerro nagusia. 2025ean Etxeko leihoak unibertsora. Utopiak pentsatzeko marko bat liburua argitaratu zuen Txalaparta argitaletxean. Ikerketaz gain, herriko hainbat eragiletako kide izan da, eta 2023-2027 legealdian Ikaztegietako alkate ere bada.

2018ko Jakin Jardunaldian hartu zuen parte Garmendiak, Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila izenekoan, eta hango hizlarien lanekin osatutako zenbakitik ateratakoa da liburuxkako haren esaldia. Utopia eztabaidagai hartuta, Garmendiak bat egiten du Lucy Sargissonen utopiaren definizioarekin, utopia dela ez den leku ona, hain zuzen. Eta horri tiraka utopia klasikoa eta berria aztertzen ditu artikuluan, bien arteko desberdintasunak eta batetik besterako bilakaera azalduz. Izan ere, utopia klasikoa utopia eredu ideal gisa uler daitekeela dio, eta identitate bakar batek gizarte osoarentzat pentsatutako ideala izaten dela; goitik behera egindakoa. Utopia berria, aldiz, XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan pentsamendu utopikoaren baitan izan zen eraberritzea da, eta distopiari esperantza gehitzen dio, etorkizun ilun bati balizko aterabideak proposatuz. Horrela, utopia berria etengabeko ekintzan dagoela esan daiteke, gizakion arteko gatazkak eztabaidagai hartuz, gaurko munduari erantzuteko.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan