HamaikaTB

[222 esaldi] Joseba Intxausti

2025-10-07 222 esaldi

«Euskara kulturaz bakarrik salba dezakegu. Kultura gabeko hizkera hilobira doa behar-beharrez; kultura sendo bat daukana, berriz, beti jaikiko da harro.»

Intxausti Rekondo, Joseba (1959): ‘Illobira bultzaka‘, Jakin 9 (lehen aldia), 83-88.

Joseba Intxausti Rekondo (Segura, 1936-Donostia, 2023) 1958tik da Jakineko kide, eta hiruzpalau urtetan aldizkariaren zuzendari izan zen. Joseba Intxausti historialaritzaren ikuspuntutik hurbildu zen, batik bat, kulturgintzaren alorrera: besteak beste, Euskal Herria lan entziklopedikoa zuzendu eta koordinatu zuen 1984-1985ean (Lankide Aurrezki Kutxa, bi liburuki), Ikastolen Artxibo Historikoaren proiektuaren zuzendari-sortzailea izan zen (Historia baten bila, 1990), eta Bidegileak bilduma ere zuzendu zuen. Ikertzaile lana, nagusiki, bi eremutara zuzendu izan zuen: euskararen historia soziala eta Euskal Herriko historia erlijiosoa. Aztergai horiei buruzko hainbat eta hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituen. Euskal kulturgintzan eragile lana ere hainbat alorretatik egin zuen: UZEIko sortzaile eta lehenengo zuzendaria izan zen, baita Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko Idazkari Nagusia ere, berori sortu zenetik (1994). Euskaltzain ohorezko izendatu zuten 2004ean, eta akademiaren Euskararen Historia Soziala ikerlerroaren bultzatzaile izan zen.

Liburuxkako Joseba Intxaustiren aipua ‘Illobira bultzaka’ artikulu ezagunaren pasarte moldatu bat da, frantziskotar gazte eta Jakineko kide zela idatzia. Gerraosteko mugimendu euskaltzalea berpizten hasten ari zen bitartean etorri zen Intxaustiren gogoeta, euskara lantzerako orduan euskal idazle eta kulturgileen artean zeuden hainbat jarrerari kritika eginez eta bere bida proposatuz. Kultur gaiak euskaraz emateari uko egin eta herri xumearentzat egokitutako literatura sinplearen alde egiten zutenei gogorarazi nahi die kulturaz, jakintzaz eta praktikotasunez egingo zela euskara hizkuntza erabilgarri eta euskaldunak gai orotan erabiltzeko modukoa. Alde berea, baina, euskara kultur bideetan jartzeko, garai hartako zenbait idazleri gogorarazten die alferrik izango dela hizkuntza eredu aratz eta ulertezinaren bitartez saiatzea hori, testuak euskaldun ikasiek ere nekez ulertuko badituzte. Ideia horiek Orixeren haserrea ekarri zuten, baina baita euskara kultur gai garaikide eta praktikoetarako lantzen hastea ere; euskara batua sortuz lehenengo, eta hori arloz arlo garatuz ondoren.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan