2025-10-06 222 esaldi
«Zentro sozialak hiriaren eskubidea garatzeko esparruak dira, hiriarekin gatazka dutenentzako lekua, hiria lantzeko eta aldatzeko leku bat.»
Fillat Oiz, Nerea (1997): ‘Katakrak‘, Jakin 215-216, 111-119.
Nerea Fillat Oiz (Iruñea, 1977) Historian lizentziaduna da, Arkeologian espezializatua. Bizibidea, ordea, hainbat ekimen kultural-politikotan garatu du, batez ere. Eguzki Bideoak kontrainformazio kolektiboan eta La Hormiga Atómica liburu-dendan aritu ostean, Katakrak liburu-denda, kantina, eta ideien gunea barnebiltzen dituen kooperatibatik eragiten du gaur egun. Hordago El Salto hedabidearen sortzaileetako bat da, eta hainbat artikulu argitaratu ditu bertan. Horretaz gain, Adostasunik gabe. Burutazio deserosoak feminismo autonomotik liburua argitaratu zuen 2023an, aurreko urteetan Hordagon argitaratutako zutabe hautatuen bilduma.
2016ko Jakin jardunaldian hartu zuen parte Fillatek, Baionako Zizpa Gaztetxean. “Eta kultura autodeterminatuko balitz?” izenburu-galdera hartu zuten jardunaldiek, kultur ekosistema bizigarri bat osatzeko herrigintzako eragileen, sortzaileen eta administrazio publikoaren ardurak, erantzunbeharrak eta politika kulturalak gogoetatzeko. Jardunaldian izan ziren, halaber, hainbat ekimen kulturaletako kideak, euren proiektuaren berri eman eta eskarmentutik ekarpena egiteko. Horien artean, Katakraken abiapuntuko ideiak kontatu zituen Fillatek, eta horietako bat da zentro sozialen irakurketa hiriaren eskubidea garatzeko esparru gisa. Katakrak zentro sozialen tradizio horretan kokatzen den espazio gisa aurkeztu zuen Fillatek; espazio bat imajinazio politikoa pizteko erregai diren liburuekin eta kantina elikadura burujabetza praktikatzeko bidearekin uztartzen dena. Jardunaldian esandakotik abiatuta idatzi zuen gero, Jakin 215-216 zenbakiko bere artikulua, zeinetan aurki baitaiteke liburuxkako esaldia.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
