HamaikaTB

Audio liburu bihurtu dute Joxe Azurmendiren ‘Hitz Berdeak’ poema liburua

102 kulturgilek hartu dute parte liburuaren grabaketan, eta 'armiarma.eus' webgunean jarri dute entzungai.

2025-10-01 Albisteak

1971n argitaratu zuen Joxe Azurmendik bere poesia liburu bakarra: Hitz Berdeak. Idazlea omendu eta haren lan poetikoa aldarrikatzeko helburuarekin, 102 kulturgilek ahotsa jarri diote liburuari, bertako 142 poemak ahots goraz irakurriz. Horiez gain, Manifestu atzeratua poema ere gehitu diote audio liburuari, zentsuraren ondorioz, 1971ko liburutik kanpo utzi zutelako.

Josu Landak, Jose Luis Otamendik eta Susa argitaletxearen bueltako beste hainbat sortzailek bultzatu dute proiektua, eta udan grabatu bazuten ere, gaur jarri dute entzungai, Azurmendi hil zela hiru hilabete bete diren egunean. Hala, armiarma.eus webgunean entzun daitezke poema guztiak.

Sortzaile bakoitzak irakurri du liburuko poema bat, baina badira binaka eta taldeka irakurritako beste batzuk ere. Grabaketan parte hartu duten kulturgileen artean daude Lorea Agirre, Peru Magdalena, Pello Otxoteko, Miren Agur Meabe, Inigo Aranbarri, Benat Sarasola, Anari Alberdi Santesteban, Kattalin Miner, Ane Labaka Maioz, Leire Bilbao, Arantxa Iturbe, Elena Olabe, Nerea Ibarzabal Salegi, Xabier Gantzarain, Oihane Zuberoa Garmendia, Eider Rodriguez, Luis Garde, Mari Luz Esteban, Gotzon Barandiaran, Unai Elorriaga, Amets Arzallus Antia eta Oier Guillan.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan