2025-09-25 Albisteak
Gipuzkoa hitzaren lehen aipuaren milurtekoaren testuinguruan, komunitate gisa ditugun erronken inguruko hausnarketarako espazio bat sortuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak “Komunitate izaeraren eta balioen eragina Gipuzkoaren etorkizunean: Demokrazia, Aniztasuna, Babes sistema, Lehiakortasuna” jardunaldi zikloan.
Ziklo horren lehen saioa izango da urriaren 2an, Tabakaleran: ‘Komunitatea eta demokrazia: etorkizunera begirako ikuspegia Gipuzkoatik’; eta Lorea Agirrek hartuko du parte lehen saio honetan, identitateak, komunitatea eta demokraziaren inguruko gogoetan. Izen ematea zabalik dago.
Baina indibidualismoaren eta globalizazioaren garaiotan Gipuzkoa ez da irla bat. Beraz, komunitatearekiko konpromiso eta lankidetza kultura ahultzen ari direnean, nola lortuko dugu merkatu globalean lehiakorrak izaten jarraitzea?, nola lortuko dugu geure nortasun kulturala eta aniztasuna kudeatzea? nola lortuko dugu ezberdinkeriei aurre egin eta behar dugun ongizate maila bat garatzea? eta, batez ere, nola lortuko dugu sistema demokratikoa mantentzea?
Lehen irekiera jardunaldian, zikloaren marko nagusia finkatzeaz gain, komunitate izaeraren eta demokraziaren arteko loturez, eta, bereziki Gipuzkoako errealitateaz eta erronkez jardungo dugu.
Egitaraua
9:15 Irekiera
Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia.
9:30 Hitzaldia: Demokraziaren etorkizunak
Pablo Oñate, Zientzia Politiko eta Administrazioko katedraduna Valentziako Unibertsitatean.
10:15 Hitzaldia: Nola landu komunitategintza Euskal Herrian?
Xabier Retegi, Mondragon Unibertsitateko errektore ohia eta Eusko Ikaskuntzako ohorezko presidentea.
11:00-11:30 ATSEDENALDIA
11:30 Mahaingurua
Identitateak, komunitatea eta demokrazia. Nola uztartu konplexutasuna eta demokrazia Euskal Herrian.
- Patxi Juaristi: Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Lorea Agirre: JAKIN aldizkaria.
- Andoni Eizagirre: Mondragon Unibertsitatea.
12:30 Hitzaldia: Gizarte hitzarmen berri bat erakundeetan eta herritarren artean
Ainhoa Novo, Euskal Herriko Unibertsitatea.
