2025-09-22 222 esaldi
«Administrazioan euskararen erabilera arian-arian zabalduz joan dadin neurriak hartzen diren bakoitzean, herritarren hizkuntz eskubideak bermatzen urratsak ematen dira.»
Ariztondo, Josune (1997): ‘Euskal kultura 1997‘, Jakin 103, 18-26.
Josune Ariztondo Akarregi (Ondarroa, 1948) irakaslea, kimikaria eta politikaria da. Hainbat urtez Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan zen, zientzia gaien euskarazko irakaskuntza zabaltzen ari zen garaian, 70eko hamarkada amaieratik aurrera. UEUrekin kimikaren euskarazko irakaskuntzaz liburua argitaratu zuen 1979an. Politikaren alorrean ere aritu izan da, EAJ alderdiaren baitan. Ildo horretan, hainbat kargu instituzional izan ditu: Eusko Jaurlaritzan Euskara Sustatzeko zuzendari eta HABEko zuzendari izan zen, besteak beste. Horretaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatua ere izan zen.
1997ko euskal kulturaren errepasoa dakarren zenbakian dator Ariztondoren aipua, eta herri agintaritzatik euskara sustatzeko urte horretan izan ziren gogoeta, erabaki eta erronkak aletzen dituen artikuluan dator. Izatez, aipuak irekitzen du testua, abiapuntuko jarrera hartze baten gisan. Esaldi bakarrean instituzio publikoek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko duten ardura gogoratzen du, bera parte zen agintaritzak helburu hori duela deklaratu eta horretarako euskararen erabilera zabaltzeko neurriak hartu behar direla postulatu. Hurrengo orrietan, Ariztondok neurri horietako zenbait zehazten ditu: administrazioa euskalduntzeko eta administrazioak euskaldundu dezan abian jarritako erabakiak (plangintza berri baten atarian), helduen alfabetizazio arloko neurriak eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren zertzeladak. Ia bi hamarkada beranduago eta eskubideen atzerakada betean, ariketa interesgarria da testura itzultzea.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
